Lehen Kirol Astea, bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 19a, 02:00

Lehendabiziko Kirol Astea amaituta, balorazio ona egin dute antolatzaileek. Bete dute helburu nagusia; bertaratu diren guztiek gozatzea.

 

Larraulgo plaza jendez beterik ageri zen maiatzaren 15ean Erniopeko martxako ibiltariek bertan aurkitu zuten bideko azken kontrol gunea, baita garagardo freskagarria dastatzeko aukera ere. Jai giroa nabari zen plaza inguruan. Lehendabiziko Kirol Asteari amaiera ezin hobea emateko modua izan zen.

 

Parte hartze handia

Antolatzaileak pozik ageri dira Kirol Asteak emandakoarekin. Angel Serrano zinegotziak hartu zuen hitza lehen balorazioa egiteko: “Kirol Astea antolatu genuenean, gure helburu nagusia jendeak goza zezan zen, eta hori lortu dugula esango nuke. Parte hartze handia izan dugu antolatutako ekitaldietan, eta gustura gaude jasotako erantzunarekin. Haurrek eta helduek ondo pasa dutelakoan gaude”.

Angelek bereziki azpimarratu du asteazkeneko futbito txapelketa:   “Arrakasta handia izan zuen. Haur eta gaztetxoen bost talde sortu ziren, eta helduen txapelketan berriz, beste lau talde. Lehia polita sortu zen. Villabonako talde bat etorri zen, eta oso polita izan zen finaleko partida, bizia eta oso lehiatua. Jendeak oso ondo pasa zuen. Lehen aldia izanik, ez genekien zenbateko erantzuna jasoko genuen edota txapelketa nola aterako zen, baina errepikatzeko modukoa izan zen, zalantzarik gabe”.

 

Erakustaldi berezia

Larunbaterako, ikuskizun berezia prestatua zuten; harri-jasotzaileen eta halterofiliako altxalarien arteko lehia: “Gisa honetako ikuskizuna antolatzen den lehen aldia da, eta ikusmin handia sortu zuen. Pilotalekua jendez bete zen eta parte hartzaileek ikuskizun ederra eskaini zuten”, azpimarratu du Angelek. 

Kirol asteari amaiera emateko, taldea osatuta atera ziren larrauldarrak Erniopeko mendi martxan. “Pausoz pauso bidea eginez” leloa zuen kamiseta jantzita bete zuten ibilbidea. Herrikideak zain izan zituzten plazan, animoak emateko. Horrenbestez amaitu zen Larraulgo I. Kirol Astea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!