Bidea itxita, Inturia parean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 18a, 02:00

Natura 2000 Sareko Europako eguna dela eta ostegun honetan (maiatzak 19) arratsaldeko 19:00etan Life Irekibai proiektuari buruzko hitzaldia eskainiko dute Urigainen. Hitzaldi horretan bertan Inturiako obren berri emango dute.

Leitzaran haraneko ibilbidea, Inturia presaren ondoan, erabat itxita dago maiatzaren 10az geroztik. Foru Aldundiaren jabetzarena da bidea, eta Ur Agentziarekin batera, presa zenaren ingurua txukuntzeko hartu dute erabaki hori. Azaroko euriteen ondorioz, Inturia presa ondoan lur-jausia gertatu zen, bertan dagoen pistari eraginez. Lur-jausi honek ibilgailuen zirkulazioari, oinezkoei eta txirrindulariei eragiten zien arriskua ikusirik, lanak amaitu arte bidea itxita egongo da. Neurria erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko hartu dute.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!