Mari Juli Azkueri omenaldia sorterrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 18a, 02:00

Bihar, maiatzaren 19an, Larramendi Kultur Bazkuneko Ohorezko lehendakari izendatuko dute Mari Juli Azkue Arrastoa udaletxeko ekitaldi aretoan.

Larramendi Kultur Bazkunak martxoaren 12an egin zuen XXVII. Biltzar Nagusian, Ohorezko lehendakari izendatu zuen 2014ko abenduan zendu zen Mari Juli Azkue Arrastoa asteasuarra. 

Datorren maiatzaren 19an, ostegunarekin, Bazkuneko kideek ekitaldi goxoa eskainiko diote Asteasuko udaletxeko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ekitaldian zehar, Ohorezko lehendakari izendatu izanararen agiria emango diete Bazkuneko kideek Mari Juli zenaren senideei. Modu horretan, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren egitasmoa sortzeko eta garatzeko, Mari Julik hogeita bi urtez egin zuen lan arduratsu, kementsu eta eraginkorra eskertu nahi diote bidelagun izan zutenek ekitaldian zehar. Bai Asteasu edota Beterri eskualdeko ekimenei lotuta egin zuen lana nahiz Euskal Herri mailako ekimenei lotuta egin zuena ere. Ezagutzen zutenek badakite Mari Julik bere onena ematen zuela abiatzen zituen egitasmoetan. 

Halaxe laburbiltzen dute Larramendi Bazkuneko kideek zuzendu dizkioten ondoko lerrook ere:

 

Argi zintugun eta buru

baina eztiaren urrea;

gogo sendo eta irmoz

maitasunezko adorea.

Unerik zailen zitalenetan

zuk bai zabaldu bidea!,

ezin munduko lagunartean

adiskiderik hobea;

izadiaren pozkida oldartsu,

naturaren kolorea.

Guregan zinez zaude josita

Marijuli bai, gurea!

 

Musika doinuak

Asteasuko txistulari taldeak, Juan Tapia trikitilariak, Lorratzak taldeak, Bide ertzean taldeko Imanol eta Jon Ander Ubeda anaiek nahiz Mujika-Dumalldarrek (Izarbe, Iñaki, Josu eta Xabin) doinuz jantziko dute omenaldi ekitaldia. 

Ateak zabalik aurkituko ditu ekitaldira gerturatu nahi duen edonork. Hala ere, lekuarekin arazorik izan ez dadin, etortzeko asmoa dutenek aurrez jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek: bazkuna@larramendi.org / 656 782 521.

 

Maiatzak 19, osteguna

Asteasuko Udaleko ekitaldi aretoa. 19:00etan.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!