Zizurkil goiko plaza berriak zuhaitza izango du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 18a, 02:00

Zizurkildarrek hala erabakita, Zizurkilgo Pello Mari Otaño plaza berrituak zuhaitza izango du. Maiatzaren 9tik 16ra Zizurkilgo herritarrek galdera bati erantzuteko aukera izan dute: Zuhaitza izango al du plaza berriak? Erantzunak ez du zalantzarako tarte handirik utzi. 107 herritarrek parte hartu dute, 90ek baiezkoa eman dute, 6k ezezkoa eta 11 boto baliogabe izan dira, izen abizenak ez zehazteagatik edo herrian erroldatuta ez daudelako.

“Erantzuna bat edo bestea izan, pozik gaude herritarrek parte hartu dutelako eta iritzia argi azaldu delako. Zizurkil guztikoek parte hartzeko aukera izan badute ere, goiko herritarrengana zuzendu da bereziki ekimena plaza bertan dagoelako, eta uste dugu parte hartzea pozik egoteko modukoa izan dela” adierazi du Joxe Mari Luengo alkateak.

Herritarren botoez gain, San Millan eskolak ere parte hartu du prozesuan. “Uste dugu hori ere baikorra izan dela, haurrek txikitatik ikus dezaten erabakiak hartzeko modu bat”, azpimarratu du alkateak.

Hurrengo urratsak

Orain, aurrez ezarritako bide orriari jarraituko zaio. “Batetik, proiektua zuhaitzarekin lantzeko eskatuko da horrek dituen ezaugarriekin. Bestetik, parte hartzeari begira, abuztuko jaietan zuhaitz mota aukeratzeko prozesua egiteko asmoa dugu. Aurrez, Fraisorokoekin lantzen ari gara egokiak izan litezkeen zuhaitz moten inguruan eta azken hitza herritarrek izango dute.”, azaldu du Luengok. Plaza berritzeko lanak urte amaiera aldera hastea aurreikusten dute.

 
 
 
 
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!