Lanbide heziketa, euskararen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 13a, 02:00

Koldo Ulanga Usurbilgo Lanbide Heziketa ikastetxeko irakaslea da. Eta lantoki duen Usurbilgo ikastetxean bertan kokatzen da Laneki, Euskadiko lanbide heziketa ikastetxeetan euskararen alde lanean dabilen elkartea. Garrantzia handikoa da, gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (Ikaslan) eta kontzertatuak (Hetel) bere baitan biltzen dituelako. 

Koldo Ulanga andoaindarra   Usurbilgo Lanbide Heziketa ikastetxe publikoan euskara batzordeko dinamizatzailea da. Berarekin izandako solasaldian, hasteko eta behin euskararen aldeko egitasmoetan talde lanak duen garrantzia nabarmendu nahi du: “Euskararen aldeko lana ez dut nire helburu modura hartzen, taldearena baizik. Euskara batzordean sei kide gara, ikastetxearen atal bakoitzeko ordezkari banarekin. Eta, noski, funtsezkoa da irakasleen, irakasle ez diren langileen eta ikasleen inplikazioa. Denon parte hartzerik gabe, jai dugu”.

Lanbide Heziketako ikastetxeak euskararen bidean garapen handia izan du, behar eta zailtasun beretsuak dituzten beste ikastetxe askok bezalaze. Horiek guztiak Laneki elkarteko kide dira, behar handiei erantzuteko sortu zena: “Bere garaian lanbide heziketa euskaraz eskaintzeko zeuden hutsuneak osatzeko sortu zen. Nabarmenena, ikas-materiala. Zorionez, sektore publiko eta pribatuko ikastetxeak elkartu gara. Euskara ez da gure artean bereizteko erabili behar den arma bat, baizik eta denon artean pauso txikiak emanez normalkuntzan aurrera egin genezan. Euskara gu guztiok batzen gaituen faktorea da”.

Ikasleen praktikaldia euskaraz bideratzea izan da Lanekiren erronkatakoa. Berriki, behar hori asetzeko Lanpres izeneko gida argitaratu dute. Sorburuaren berri ematen du Ulangak: “Euskaraz ikasi arren, praktikak egiteko garaian erabilitako hizkuntza gaztelania izaten zen. Beste elementu batzuk lehenesten ziren: Enpresaren estiloa, ikaslearen perfil teknikoa... azken sasoian kontzientziazio lana egiten ari gara euskara faktore eraginkor horietakoa izan dadin. Gidak horretan lagundu nahi du, genuen kezka horri erantzuteko tresna bat da”. 

Lanpres gidak zehazten duena betetzeko eragile guztiek parte hartu behar dute: Alde batetik, praktikaldian dagoen ikaslea eta bere ikastetxeko  tutorea, lan praktiken koordinatzailea eta euskara batzordeko koordinatzailea. Beste aldetik, enpresako hezitzailea. Gidari jarraiki, praktikaldiaren jarraipen zehatza egiten da, ebaluazioa eta guzti. Gidak izan duen abiapuntua garrantzia berezia du Ulangarentzat: “Aurkezpen ekitaldia Euskaldunan egin zen eta bertan izan ziren Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburu-ordea, hiru Foru aldundietako euskara zuzendariak, Lanbide Heziketako burua eta baita hainbat enpresari ere. Denen beharra dugu, botere publikoena eta enpresa pribatuena”.

Buruntzaldean urrats bat aurrerago doaz. Euskadi mailan Lanpres gida txertatzen doan heinean, horren ondotik eskualdean osagarria den egitasmoa sustatzen ari dira Buruntzaldeako udalak. Praktikaldia egingo duen ikaslea, ikastetxeko tutorea eta enpresa, hirurak, murgildu dituzte egitasmoan, jarraipena eta baliabideak eskainiz lantokiko prestakuntza hori euskaraz burutu dadin. Aurten bi ikasle ari dira egitasmo horretan, Mendiola eta Euskabea enpresetan praktikaldia eginez.
Koldo Ulangaren lan bizitza heziketara lotuta egon da. Eskarmentuak ematen dion ikuspegiarekin, zuhur hitz egiten badu ere, baikor izateko bi argudio nagusi eskaintzen ditu. Lehena, erakundeen artean ematen ari diren sinergiak: “Ikastetxeoi euskararen sustapenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saletik ordu lektiboak eskaintzen dizkigute, FPko idazkaritzatik babes osoa, Laneki elkartea lanean ari da, baita Buruntzaldeko udalak ere. Eta azken urteetan Foru Aldundia batu zaigu. Horiek guztiak norabide berean jartzen ari gara, eta horrek etorkizuneko egitasmoetan garrantzia handia izango du”. 

Bigarrena, azken hamarkadotan euskarak izan duen garapena: “Gurea hizkuntza minorizatua da, eta oraindik ere lan asko dago egiteko. Baina nire esperientzia pertsonala hartuta, aldaketa handia eman da. Ikasten nengoenean lanbide heziketa erdara hutsean eskaintzen zen. Irakasle euskaldunak topatu zitezkeen, baina dena erdaraz egiten genuen. Orain, bere mugekin, euskaraz ikasteko aukera dago. Ikastetxea euskara hedatzeko oso tresna baliagarria izan da”. Edalontzia erdi betea ikusten duen horietakoa da Koldo Ulanga. 

Etekin handiko zikloak
Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxe kontzertatua “ETHAZI Etekin Handiko Zikloak” heziketa ekimen berritzaile batetan burubelarri dabil, zeinean euskarazko ikasleak onuradun bilaka daitezkeen. Ikastetxea bide berriak urratzen ari da Euskadiko beste lau ikastetxerekin batera (horietatik hiru publikoak, eta beste bi kontzertatuak). Jokin Egurbide irakasleak xehetasunez azaltzen du egitasmoa: “Ikasleei ez diegu temarioa banatzen. Arazoak dira mahai gainean jartzen zaizkionak, eta ikasleek arazo horiei irtenbidea emateko beharrak identifikatu behar dituzte. Behar horiek menderatzeko ikasketa batzuk egin behar dituzte, eta beraz formakuntza beharren arabera lantzen da. Talde lanean egiten da hori guztia. Ikasturte honetan taldeak egiteko garaian irizpideen artean hizkuntza ipini dugu. Beraz, gela berean bost euskaldun topatuz gero, bost horiek talde berean egongo dira. Hartara, ikasturte osoan euren hizkuntza euskara izango da. Talde horren funtzionamendua, beraz, D eredukoa da. Gela osoa kontutan hartuta, demagun 23 ikasle euskaldun daudela eta beste 2 erdaldun. Bi horiekin talde bat osatuko dugu. Horien funtzionamendua A eredukoa litzateke, eta gainerako guztiena D eredua”. 
Dagoeneko La Salle Berrozpera Euskadi osoko irakasleak hurbiltzen ari dira, sistema horren garapena gerturik ezagutzeko. Aurreko astean, esaterako, 60 irakaslek egun osoko jardunaldia egin zuten Andoainen. Denborarekin, ETHAZI Euskadi osoko lanbide heziketan txertatuko den sistema izango da. Ikasleen euskarazko trebakuntza bermatzeko abantaila izango da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!