Herrikideen artean izan da

Karlos Garcia apirilaren 22an itzuli zen Andoainera, 15 urtez ihesi bizi ostean. 2000an hamasei urteko zigorra ezarri zioten, baina berriki Auzitegi Gorenak absolbitu egin du. Urte horietan edukitako bizipenak azaldu ditu, “Karlosen Lagunak” ekimeneko Aitor Arribillagarekin batera.

Elkarrizketa:

Nola topatu dituzu Andoain eta andoaindarrak 15 urteren ostean?

Karlos Garcia: Urbanistikoki gauzak nahiko eraldatuta ikusi dut herria. Atzera eginda, egin behar da kontu Txiti Bang Bangeko eta pezeten garaikoa naizela, eta Etxeberrieta edo Zumeako auzo berri horiek eraiki aurretik utzi nuela Andoain. Bastero kulturetxea den horretan, zuloa besterik ez zen. 
Seme-alaben guraso eginda topatu ditut lagun asko! Baina bestelakoan, nortasunez-eta, beti bezala ikusten ditut. 

Santa Krutz jaien atarian etortzea egokitu zaizu…
K.G.: Ez zait iruditzen festak ospatzeko moduak ere gehiegi aldatu direnik. Akaso, bi gauzak piztu didate arreta bereziki: blusen ohitura oso zabaldua egotea, eta herri bazkarira gazte jende ugari hurbiltzea.
Egun gutxian emozio pila bizi izan ditut, eta horrekin itzuliko naiz Italiara. Urte asko igaro arren, argi geratu da Andoainen nirekin gogoratzen zela jendea, eta gainera elkartasuna erakusteko prest azaldu dela. Horrek poz handia ematen dit.  

Italiara itzultzekoa zara…
K.G.: Bikotea eta semea itzuli dira jada, eta neu ere banoa egunotan. Italiarrak dira biak, neuk ere sustraiak han eginak dauzkat, eta logikoena urte hauetan hirurok egin dugun bizimoduarekin jarraitzea da. Nolanahi ere, Andoainen bizi da nire familiaren zati bat, bertan lagun handiak dauzkat, eta ez zaigu asko kostako tarteka  bisitan honantza etortzea. 

Nolako bizipena izan da hamabost urtekoa ?
K.G.:Denetik bizitu dut, bere alde on eta txarrekin. Bizi fase ezberdinak izan direla esango nuke. 2000ko abenduan erabaki nuen ihes egitea Andoaindik. Banketxe baten erreketa leporatzen zidaten; hamasei urteko espetxe zigorra eta 33 milioi pezetako kalte ordaina eskatu zuten niretzako. Frogak barregarriak ziren: burua estalita zihoan sutearen eragileetako batek nire itxura omen zeukan, nire etxean mailu bat eta pegatinak topatu omen zituzten... Epaileak berak sententzian aitortu zuen frogak ez zirela oso pisuzkoak, baina errudun deklaratu ninduen. Injustizia baten biktima nintzen, eta ihes egitea erabaki nuen. 
Italian aske sentitu nintzen hasieran, nahiz eta Andoaingo harreman familiar eta sozial guztiekin hautsi behar izan. Laster, baina, legez kanpo bizitzearen patua jasan behar izan dut. Bizitza bikoitza eman beharra alegia, Bartzelonako Roberto bainintzen. Oso latza egin zait psikologikoki, eta ez bakarrik edozein unetan atxiloketaren ezpata gainean neramalako. Lan eskaintza askori ezetz esan beharraz gain, Erroman bizitza soziala egiten hasi orduko, nire nortasuna ezkutatzera kondenatua nengoelako. Psikologoaren premia sentitu dut azken lau urtetan, oreka bilatu ezinik bainenbilen giza harremanen aldetik. 
Bizitza anormal horren alderik onena, lagunak egin familia osatu izana da.

Nola izan zen Italiako atxiloketa? 
K.G.:Nazioarteko agindua zeukatela-eta, 2015eko otsailean atxilotu ninduen hango poliziak. Nazioarteko terroristatzat jo ninduten, ez dakit zenbat etxe prest omen neuzkan terroristak babesteko… Kartzela sistema gogorra da hangoa, eta zortzi hilabetez isolatuta eduki ninduten. 

Nola erreakzionatu zuten zure gertukoek Italian?
K.G.:Erabateko harriduraz! Ondo ezagutzen nauten lagunek eta semearen eskolako gurasoek inoiz ez dute sinetsi bertsio ofiziala, nazioarteko terroristatzat jotzen ninduena. Horietako gehienek ez dute erreparorik eduki nire alde sinatzeko. Bestalde, elkartasun mugimenduak funtzionatu du Erroman; Kongresuko hiru diputatuk kartzelan bisitatu ninduten eta nire kasuagatik arduratu ziren.  

Absoluzioa, ezustean iritsi al zaizu?
K.G.: Itxaropena inoiz duzu galtzen, baina ez genuen espero. Orain Italian beste prozesua geratzen zait, identitate faltsuarekin bizi izan naizelako.

Andoainen zure aldeko Karlosen Lagunak izeneko talde mugitu da. Zer daukazue esateko taldeko kideek? 
Aitor Arribillaga: Gaizki hasitako zirkulua ondo itxi denaren sentsazioa daukagu. Orain 15 urte elkartu ginen lehenbiziko aldiz Carlos atxilotu zutenean, eta zenbait herritarrek berriro heldu genion gaiari, Ruben Gelbentzuren kasuan ibili ziren beste batzuekin batera. 
Udalbatzan mozioa ere aurkeztu genuen eta alderdiek onartu zuten botere gehiegikeria egon zela estatuaren aldetik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!