Ikuskizun berriena Urnietara dator

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 12a, 02:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Urnietan dira berriro. Eta urrutira joan gabe, datorren ostiralean arratsaldeko 17:30ean hasita “Amalur” ikuskizun berriena eskainiko diete Urnietako eta inguruko haurrei. 

Pailazoak baserrira doaz Marimototsengana. Bertan da Ilargirekin ikasten, baserritarra izan nahi baitu. Pailazoek ere baserriko lanetan lagunduko diote Ilargiri, haurdun dago eta. Laster jaioko baita umetxoa.

Hamaika pasadizu eta gertaera xelebre biziko dituzte pailazoek, Pupu eta Lorerekin batera. Pertsonaiez beteriko ikuskizuna da: Porrua eta tomatea bertsotan arituko dira, eta babarruna edota tipula dantzan arituko dira. Baita opil eta gaileta ezberdinak ere. Baserrian izanik, animaliak ez dira faltako: Beltzane ardi beltza bihurria, Telex txerria, Margari oiloa,  Txuri behia,... eta hori guztia gutxi balitz pertsonaia gehiago azalduko dira: Periko Lapiko sukaldaria, Erramun artzaia, Jenny azokako saltzailea edota produktuak jangela sozialera eramaten dituen Estanislao jubilatua. 

Hainbeste jarraitzaile dituzten pailazoek ikuskizun berria taularatzen duten aldiro Urnietara hurbiltzeko joerari eusten diote. Datorren ostiralean, hain zuzen, Urnietan zuzenean arituko dira Aiurrik eta Iñistorrak antolatutako saioan. Urnietako Udala haur ikuskizunaren laguntzaile da.

Sarreren salmenta
Sarrerak dagoeneko salgai daude Xauxar eta Kantoi tabernetan, 7 euroko prezioan. Baita Andoaingo Ernaitzan eta Hernaniko Antziola auzoko Ametsa ileapaindegian ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!