Zakur kakak biltzeko kanpaina

Andoaingo Udalak kontzientziazio kanpaina abiarazi du, zakur kakak biltzeko. Ana Carrere alkateak eta Pedro Unanue zinegotziak kanpainaren berri eman dute.

Andoaingo kale eta txokoetan zakur kakak biltzeko kanpainari ekin dio Udalak.

Herrigune gehienetan arazo beretsua gertatzen ari da, baita Andoainen ere. Berriki auzoz auzoko bileretan auzotarren artean errepikatzen den kexa bildu gabe eta kalean uzten den zakur kaka izaten da. Udalak bilera horietan sentsibilizazio kanpaina iragarri zuen, eta dagoeneko kanpaina hori martxan da. Egun hauetan herriko toki askotan zakur jabeei zuzenduriko txarteltxoak ikus daitezke.
Asteazken goizean Ana Carrere alkateak eta Pedro Unanue Zerbitzuak lansaileko zinegotziak kanpainaren berri eman zuten. Zakur kopurua handi samarra da Andoainen, eta jabeek kontzientzia hartzea garrantzitsua dela deritzote: “Denbora gutxian asko hazi da zakurren kopurua Andoainen; gaur egun bi mila zakur inguru ditugu. Tamalez, gehiegitan  gure herriko kale eta txokoetan zakur kakekin topo egiten dugu. Jakin badakigu azken garaiotan kontzientzia areagotu egin dela, baina badira oraindik ere jarrera eredugarririk ez duten jabeak”. 

Andoain garbi
Jokabide txukuna ez duten zakurren jabe horiei bereziki Andoain garbi mantentzeko dei egin diete: “Andoain garbi mantentzeko ekarpena egin dezatela eskatu nahi diegu.  Bizilagun guztien arteko elkarbizitza hobetu asmoz, gauzak ondo egitearen aldeko kanpaina egiten ari gara”.
Dagoeneko herriko kaleetan eta berdeguneetan karteltxo ugari ikus daitezke, Andoaingo kaleak garbi mantenduz eskatuz eta zakur kakak jasotzera gonbidatuz. Zakurra paseatzera ateratzerakoan poltsatsoa eraman eta gorotzak biltzea, besterik ez da Udalak kanpaina honekin eskatzen duena. Keinu txiki horrekin: “Andoain garbia eta atsegina izatea lortuko dugulako”.
 
Poltsatsoak eskuragarri
Kakak biltzeko poltsatsoak herriko hainbat merkatalgunetan eskuragarri daude, eta dohainik har daitezke: Gorostidi, Martin elektrizitatea, Mayer, Elizondo, Ciclos Patxi, Ernaitza liburudenda, Gamer, Iturbe oinetakoak, Maindi optika, Ormendi Kirolak, Pottoko, Xixori, Xare, Coviran Karrika, Andoaingo Udaleko Ataria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!