Erretako eraikina botako dute

Maiatzaren lehenean herrigunea jendez gainezka zegoela, sute ikusgarria piztu zen Olagain auzunearen eta Olazar parkearen artean dagoen Celulosas Site enpresaren eraikinean. Pilatutako zaborrak su hartzean, ke iluna botatzen zuen sutea eragin zuen. Ke beltza eta usaina berehala zabaldu ziren herrigunean. Andoaingo Udalak, gertaera hura eta gero, eraikina botatzeari ekingo dio.

 Eraisteko egitasmoa landu eta Ur Agentziaren baimena eskatu eta gero eraisteari ekingo dio. Aspaldi utzita dago eraikin hori, eta Udalak dagoeneko hondamen egoera deklaratu zuen. Eraikinaren jabegoa pribatua da, baina gaur gaurkoz ez dute botatzeko pausurik eman. Lehengo sutea eta gero, eraikinak duen arriskua ikusita, Udalak eraisteko lanak aurreratu nahi ditu.
Inguru horietara Udaltzaingoa eta Ertzaintza behin baino  gehiagotan hurbildu da, liskarrak direla medio. Auzotar batzuk ere kezka adierazi diote Andoaingo Udalari. Auzoz auzoko bileretan, esaterako, bizilagun talde bat pabilioi horien inguruko kezka agertu zuen. Segurtasuna eta zaintza areagotzea eskatu zioten Udalari. 
Maiatzaren 1eko sutea eta gero, erretako eraikina denbora epe laburrean bota dezakete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!