Sormena lantzeko tailerra

Andoaingo Sormen tailerreko Marga Oyarzun Iyurrita izan zen “Martxoak 8 emakume” kalejiran omendu zituzten emakumeetako bat.
Herriko haurren sormena pizten egiten duen lana eskertu nahi izan zuten. Ia berrogei urte daramatza tailerrean, eta ez zaio erretiroa hartzeko asko geratzen.

Nola hartu zenuen martxoko omenaldiaren izendapena?
Marga Oiarzun. Harrituta lehengo eta behin, noski. Ekitaldia ez bainuen gertutik ezagutzen. Hasieran ez nuen oso ondo ulertzen zertara zetorren, baina gero zera pentsatu nuen: “izendatu banaute, bizitza honetan zeozer ondo egin dugulako izango da, eta hortaz, aurrera”. Iruditzen zait tailerreko ikasleen zenbait gurasoen kontua izan dela ni izendatzearena. Egia esan, nire ibilbidea nahiko lotua joan da tailerrera, eta testuinguru horretan ezagutzen naute herrian askok.
“Martxoak 8 emakume” ekimenaren aurreko edizioak ez nituen ezagutzen, baina aurtengoa oso hunkigarria egin zait. Oso zaindua, barru-barruraino satzen zaizuen horietakoa. Oso eskertuta nago antolatzaileekin, eta baita ere kalean-eta zorionak eman dizkidaten herritar guztiekin.

Tailerra noiztik dago Andoainen?
M.O. 1978-1979. ikasturtean, Eduardo eta biok abentura honetan sartzea erabaki genuenez geroztik! Santa Krutz zubiaren parean, Zubiaurre etxeko etxebizitza batean hasi ginen. Labordeko nire lankide ohien seme-alabak izan ziren, batik bat, gure lehen ikasleak. Nahiko arrakastastua gertatu zen, ze agudo, itxaron zerrenda sortu behar izan genuen tailerrean sartzeko. Izan ere, garai hartan, Andoaingo gaztetxoek eskolaz kanpoko jardueretan ez zuten eskaintza handiegirik edukitzen: musika, kristau ikasbidea eta ezer gutxi gehiago. Kirola ere ez zegoen orain beste antolatuta eta masifikatuta. Marrazketaren arloan, Juan Batista Barandiaranek bazeuzkan ikasle batzuk. Geroxeago joan ziren irekitzen Udal kiroldegia, Bakartxo Arabaolazaren dantza eskola, ingeleseko akademiak...
Kale Nagusiko beste etxebizitza batean zenbait urte egin ostean, Doktor Huitziko honetara etorri ginen. Hogeita bost bat urte badaramatzagu bertan.   

Makina bat belaunaldi igaro da zuen eskuetatik...
M.O. Ehunka eta ehunka gazte bai! Eta pozgarriena ba al dakizu zer den? Ikasle izan ditugun askoren seme-alabak ere guregana etortzen direla ikustea! Belaunaldien arteko transmisioa egon den seinale, tailerrak herrian oraindik bere funtzioa betetzen duen seinale.

Zein izan zen zuen helburua tailerra irekitzean?
M.O. Hasiera-hasieratik ekin genion zeramikagintzari, marrazkigintzari eta argazkigintzari. Funtsean, iraganeko filosofia berberari eusten diogu gaur egun: gazteen sormena piztea, ikuspegia zabaltzea, barruan daukaten sortzeko joera hori bideratzea... Umeek aurreneko urteetan egundoko sormen gaitasuna eta bapatekotasuna edukitzen dute, eta buztinarekin-eta jarduten dute.
Sei urtetik aurrera, maketeriarekin, eraikuntzarekin... hasten dira eta sormen lan harrigarriak egiten dituzte. Orduan hasten dira kanpoko erreferentziak kontuan hartzen eta beren irudimen pertsonalean integratzen.

Desberdinak al dira iraganeko eta oraingo haurrak?
M.O. Lehengoak kaletarragoak ziren, onerako eta txarrerako. Astakiloak zirela esango nuke; malizia gehiago zeukaten. Gaur egun oso pertsona nobleak etortzen zaizkigu. Sormenari dagokionez, izugarri aldatu da panorama, eskura dauzkaten baliabideen laguntzaz: lehengoek etxean ere ia ez zuten margotu ere egiten, eta oraingoek, ordea, telebista, interneta, aplikazio informatikoak... zer ez ote daukaten! Oso abilak dira baliabide teknogikoetan eta hortik egundoko informazioa eta erreferentziak jasotzen dituzte.
Zuen tailerreko eskaintza estimatzen al da herrian, gurasoen artean...
M.O. Ez dago erraza lana. Iraganean, bazegoen mentalitate jakin bat pentsatu ohi zuena huskeria zela gurea, tailerrean ikasi zitekeenak ez zuela balio handirik eguneroko bizimodurako. Aldatzen doa ikuspegia zorionez, eta gaur egun normala da guraso edo ikasle ohi batek aitortzea tailerrean hartutako formazioa oso ondo etorri zaiola gero unibertsitatean edo lantokian. Dela arkitektura, dela biologia, dela medikuntza...  Ama batek zera adierazia zidan: bere semeak autoen sektorean egiten omen du lan, eta buztinezko maketak egin behar izaten dituenez primeran datorkiola gure tailerrean jaso zuen oinarrizko formakuntza. Hortzetako kimikaren arloan dabilen ikasle ohi batek ere antzekoa kontatu izan dit, marrazketaren kontura.

Artista baten itzalean jarduten duen beste artista zarela adierazi zen martxoak zortziko ekitaldian...
M.O. Nik ez dut artistatzat hartzen nire burua, eta egia da Eduardoren ondoan aritu izan naizela beti. Hori bai, tailerrean ez da soilik sormena lantzen eta margotzen, hamaika eginkizun daude eta horietaz arduratzen naiz.  

Erretiroa hartzeko azken txanpan zabiltzala ere aipatu zen...
M.O. Eduardo eta biok jubilaziorako atarian gaude. Ez dakit ziur noiz izango den gure azken eguna, baina ez genuke nahi tailerra isterik. Sormen artistikoaren arloan tailerrrak bere funtzioa bete du herrian, eta hala segi zezan nahi genuke. Bere iraupena ziurta dezakeen ekimenarekin buru belarri gabiltzala da oraingoz aurreratu dezakegun gauza bakarra.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!