Maiatzaren 11ra bitarte zabalik egongo da haurreskoletan izena emateko epea. Asteasuko Pello Errota haurreskolan ere, zabalik dago horretarako aukera. Edurne Garzia haurreskolako hezitzaile lanetan aritzen da, eta gonbitea luzatu die gurasoei: “Hezitzaileak ezagutu, instalakuntzak ikusi, lanerako dugun moduaren inguruan hitz egin, zalantzak argitu…, hori guztia lasaigarria izaten da euren haurra haurreskolan uzteko asmoa duten gurasoentzat. Lasai dei dezakete hitzordua finkatu eta bisitaldia egiteko”, azaldu du.
Emmi Pikler
Asteasuko haurreskolan metodologia berria darabilte, gainera. “Bi urteko formakuntza egin dugu hezitzaileok, eta ikasturte honetan aldaketa batzuk egin ditugu haurreskolan. Emmi Pikler pedagogoaren irakaspenak jarraitzen ditugu. Mugimendu askea, jarduera autonomoa eta sozializazio baketsuan oinarritzen da Emmi Piklerrek teoria, eta horretan gabiltza buru-belarri. Pozik gaude haurrek eman diguten erantzunarekin”, azaldu du.
Metodologia berria ezartzeak aldaketak egiteko beharra sorrarazi die hezitzaileei. Hala azpimarratu du Edurnek: “Orain arte genuen lan egiteko modua birplanteatu egin dugu. Gure lanbidean beti ari gara gauza berriak ikasten eta oraingoan, aldaketa prozesu sakonean sartu gara. Umeekiko genuen ikuspegia da, gehienbat, aldatu dena. Beraiengan jarri dugu begirada. Umeek gaitasun asko dituzte eta horiek garatzen uzten badiezu, berehala hasten dira azaleratzen. Horretarako, konfiantza guztia eskaintzen diegu haurrei eta bere nahiekiko errespetua erakusten diegu. Orain arte, ekintza ezberdinak antolatzen genizkien guk. Orain, berriz, haur bakoitzak bere interesen arabera joka dezake”.
Material berria
Lanerako moduan ez ezik, haurreskolan bertan ere egin dute aldaketarik. Esate baterako, “hesiak jarri ditugu espazioak banatzeko. Modu horretan, gela berean egon arren, hesi barruan daudenek lasai bazkal dezakete, besteak jolasean dabiltzan bitartean”. Haurrek bere jardueratan erabiltzen duten materiala ere aldatu egin da: “Jostailuak ia desagertu egin dira, eta bestelako objektuek hartu dute tokia haurreskolan. Helburu konkreturik ez duten gauzak izaten dira, umeen garapen mailaren arabera, edo euren interes eta gustuen arabera, modu batera edo bestera erabiltzen dituztenak. Haurrek, izan ere, proiektuak izaten dituzte eta proiektu horiek garatzen doazen heinean, erabilera ezberdina ematen diete inguruan dituzten gauza eta tresnei”, gaineratu du Edurnek.
Kanpoan ibiltzeko aukera ere badute Pello Errota haurreskolan, izan ere, estalitako gune berezia baitute kanpoaldean. Hotz handiegia egin duen egunetan izan ezik, ia egunero atera dituzte haurrak kanpora. Eguraldi goxoa denean, gelako ateak irekita utzi, eta sartu-irtenean ibiltzeko aukera dute txikiek.
Haurrak, norbanako
Emmi Plikerren metodologia jarraitzeak, haurrak behatzeko denbora gehiago eman die Asteasuko hezitzaileei. Hala azpimarratu du Edurnek: “Lehen talde gisa ikusten genituen, orain, norbanakoa hartzen dugu kontuan bereziki. Esaterako, bakoitzak zein material erabiltzeko joera duen aztertzen dugu, eta horren arabera joaten gara objektu eta tresna berriak eskaintzen”. Haur bakoitzari bere tartea eskaintzeko denbora hartzen dute hezitzaileek. “Pardela aldatzeko garaian, edo bazkaltzerakoan, haur bakoitzak bere tartea izaten du. Hitz goxoak erabiliz, bere laguntza eskatuz…, hezitzaile eta haurren arteko harreman estuagoa sortzen da”.
Haurren arteko harremanetan ere igarri dute aldaketarik Pello Errotako hezitzaileek: “Batzuetan liskar txikiak sortzen dira haurren artean. Lan handia egin dugu hezitzaileok, liskar txiki horien aurrean eman beharreko erantzunak bateratzeko, oso garrantzitsua baita koherentzia eskaintzea. Guk lasaitasunez, eta gauzak garbi esanez erantzuten badugu, haurrek ere modu horretan erantzuten ikasten dute. Haurreskolako giroa lasaitu egin da”.