Baleontziak, itsas nahiz barrualdeko herritarren antzinako bizibide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 9a, 02:00

Euskal Herriko historiaren garai polit baten berri eman du Jon Iñaki Ormazabal arotz billabonatarrak. San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian bolondres gisa lanean ari da. 

Erreportajearen hasiera honetan, euskal bale arrantzaleen antzinako garai zirraragarrira joko dugu; jarraian, Jon Iñaki Ormazabal arotz billabonatarrarekin eta Mikel Leoz Albaolako Itsas ondarearen teknikariarekin, San Juan baleontziaren nahiz Albaola Itsas Kultur Faktoriaren inguruan aritzeko.
 

“Antzina, euskaldunak oso trebeak ziren baleak arrantzatzen. Kostaldean atalaia asko zegoen eta bertatik jakinarazten zuten oihu edota suaren bidez baleren bat ikusten zutenean, arrantzaleak balea harrapatzera abia zitezen. Herriko kanpaiak ere jotzen zituzten halakoetan. Deia jasota, euskal arrantzaleak baleak arrantzatzera abiatzen ziren txalupa txikietan arpoiak hartuta. Bale mota ugari zegoen eta Euskal Herriko kostan bazen euskal balea deitzen zitzaion espezie bat. Oso bale handiak ziren eta koipe asko zutenez, haiek arrantzatzerakoan, ur gainean geratzen ziren. Atoiaren bidez kostaldera ekarri eta han egiten zituzten ondorengo lanak: zatikatu, koipea atera... Hasiera batean Euskal Herriko kostan soilik ibiltzen ziren arrantzaleak, baina pixkanaka, itsasoan zabaltzen hasi ziren: Asturias, Kantabria edota Galiza aldera abiatu ziren baleak arrantzatzera. Euskal baleazaleen arteko lehia oso handia zen eta haien arteko liskarretatik urrunduz, Bretañara edota Islandiara jo zuten, pixkanaka XV-XVI. mendean Ternuaraino (Kanada) iritsi ziren arte. Garai hartan, euskaldunek dagoeneko bazituzten Ternuara joateko itsasontzi eta baliabide egokiak. 

 

Arrantzarako ez ezik, euskaldunek trebezia handia erakutsi zuten hasieratik baleontzi haiek egiteko. Euskal Herriko ingurua oso berezia zen horretarako, baldintza paregabeak eskaintzen baitzituen. Besteak beste, Euskal Herriko basoak haritzez beteta zeuden eta era berean, burdinola asko zegoen langintza hura errazteko. Gainera, itsasoa gertu zegoen. XV-XVI. mendean, mundu mailan itsasontzigintzan aritzeko trebeenak bihurtu ziren euskaldunak eta aitzindariak izan ziren egurrezko baleontzi handiak eraikitzen. Halako baleontziak egiteko jende askoren eskulana behar izaten zen: ez soilik kostaldeko pertsonena, baita barrualdeko baserritarrena ere. Ondorioz, itsas herrietako nahiz barrualdeko jende askoren bizibidea izan zen antzina itsasontziak egitea. Baina baleontziak egin eta gero, arrantzara joateko garaia iristen zen. Bidaiak oso luzeak izaten ziren, pare bat hilabetekoak. Arrantzaleek Ternuako Labrador, Red Bay edota San Lorenzo inguruetara jotzen zuten baleak eta bakailaoa arrantzatzera. Inguru haietan bale asko zegoela jabetu ziren euskaldunak eta negozio handia jarri zuten martxan. 

 

Tratua egiterakoan, euskaldunek harremana egin zuten hango amerindioekin eta bereziki, Micmac tribuarekin. Haiekin ulertzeko erdia euskaraz eta erdia hango hizkuntzaz egiten zuten, –pidgin hizkuntza–, eta hango indiarrek euskaraz zertxobait hitz egitea lortu zuten. Hango baldintzak oso gogorrak ziren eta labeak egiten hasi ziren, labeen teilatua Euskal Herritik eramandako teilekin estaltzen zutelarik. Balearen olioa koipe bihurtzen zuten labe haietan eta horixe zen negozioa: Ternuatik Euskal Herrira olioa ekartzea. Kupelak sagardoz beteta eramaten zituzten Euskal Herritik Ternuara. Bidaian zehar edateko baleontzian hainbeste ur eraman ezin zutenez, sagardoa erabiltzen zuten egarria asetzeko eta arrantzale bakoitzarentzat eguneko hiru litro sagardo izaten zen baleontzian. Lastre edo pisu bezala ere baliatzen zituzten kupelak eta bodegak sagardo kupelez beteta eramaten zituzten, beste hainbat objekturekin batera. 

 

Urteak aurrera gero eta baleontzi gehiago joaten zen Ternuara eta euskaldun asko elkartzen zen bertan. Handik Europara koipea ekartzen zuten eta olio horrek ia Europa osoa argiztatzeko balio zuen, elektrizitaterik ez zegoen garaian. Dirutza handia jasotzen zuten hortik. 

 

Ternuan bada Red Bay (Badia Gorria) izeneko herri arrantzalea eta urteekin hango lurretan agertu diren harri gorriak euskaldunek eramaten zituzten teilen zatiak direla ohartu dira; ez direla hango jatorrizko harriak, alegia. Bestalde, inguru haietan euskaldun asko ibili zenez, Piarres Detcheverry euskal pilotuak 1689urtean eginiko mapa zahar batean euskal toponimia aurkitu dute ikerlariek: Barrachoa, Ferrol Zaharra, Antoportu, Portutxo Zahar, Baya Ederra, Labek…, euskal izendegi zabala”.

 


ERREPORTAJEA
JON IÑAKI ORMAZABAL ALBAOLAKO EKIMENETAN BOLONDRES LANETAN
Red Bayn urperatuta dagoen San Juan baleontziaren erreplika egiten ari dira Pasai San Pedroko Albaolan. Baleontziaren eta bere bolondres lanaren berri azaldu du Jon Iñakik.
 

Zer izan zen San Juan baleontzia? Zein haren historia?

1563 urtean Ternuara baleak arrantzatzera joateko, San Juan baleontzia eraiki zuten Pasaian. Selma Huxley Barkham Kanadako historialariari esker jakin zen orain hiru hamarkada haren berri. Selmak bazekien Ternuako uretan euskal baleontziak ibili zirela eta Oñatiko artxibategian izan zuen 1565 urtean itsas-enbata baten ondorioz Red Bayn urperatu zen baleontziaren berri. Informazio hari tiraka, Red Bayra joan eta ur azpian topatu zuten San Juan baleontzia, Robert Grenier arkeologo urpekaria buru zela. Geroztik 30 urtez baleontzia aztertzen aritu da Parks Canadako arkeologo urpekari taldea eta Pasaian eginiko baleontzi hori, mundu mailan hobekien kontserbatzen den XVI. mendeko pezioa dela jakinarazi izan dute. Hain zuzen, puskatuta egonagatik oso baldintza onetan gordetzen dela. San Juan baleontziaren planoak, zatiak bertatik bertara ikusita, neurri errealak eta zehaztapen guztiak kontuan hartuta egin zituzten. Baita, baleontziaren azpian, baleak harrapatzera joateko erabiltzen zituzten txalupa txikiago batena ere, oso egoera onean urperatuta aurkitu zuten ontziarena.

 

Aurkikuntza harek ondorena ekarri du…

Albaola elkartea 1998. urtean sortu zen euskal itsas ondarea babesteko; 2000. urtean Ontziola Ontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroa zabaldu zuen Pasai Donibanen. Euskal itsasontzi historikoen erreplikak egiteari ekin zioten bertan, tartean San Juan baleontziaren azpian aurkitutako txaluparena, –gerora Beothuk izenekoan ‘Apaizac Obeto’ espedizioa egin zuten 2006 urtean Ternuara–. Arrakasta beroa izan zuen ekimen hark eta jarraian San Juan baleontziaren erreplika zehatza egiteko asmoa jarri zuten abian Albaola Itsas Kultur Faktorian. 2014ko udaberrian hasi ziren itsasontzia eraikitzen. Itsasontziaren oinarria egiteko, pieza bakarreko gila jarri zuten aurrena, ia 15 metroko pagoa. Sakanatik ekarri zuten gainerako zatiak osatzeko haritzezko egurra. Mastentzat Iratitik ekarritako izeiak baliatuko dira. Itsasontziari urik ez sartzeko, berriz, Burgosko Quintanar de la Sierrako alkitrangileek eginiko alkitrana. Sokak egiteko, kalamua. Antzinako material bera erabili nahi dute baleontzia berreraikitzeko eta ez materiala bakarrik, baita garai hartako lan egiteko modua ere. Hasierako asmoa baleontzia 2016an amaitzea bazen ere, seguruenik luzatu egingo da epe hori, baina hori ez da arazoa, helburu nagusia, San Juan baleontziaren historia zabaltzea baita eta lortzen ari dira asmo hori, urtean zehar Albaola museoan jasotzen ari diren milaka bisitei esker. 

 

Zenbat jende ari zarete Albaola Itsas Kultur Faktorian lanean?

Ikerlari, arkeologo, arotz…, jende asko ari da Albaolan lanean. Mugimendu handia izaten da bertan eta tartean, arotz edota ontzigintzako ikasleak ere aritzen dira praktikaldiak egiten, baita bolondres ugari ere. Horietako bat naiz neroni. Ostiral arratsaldetan Albaolara joaten nire laguntza eskaintzera.

 

Nolatan ezagutu zenuen Albaola? Zein lanetan ari zara bertan?

2003 urtean ‘Gure ibaia’ ekimenaren bidez izan nuen Albaolaren berri. Eurek egindako euskal itsasontzien erreplikekin ibilbide ezberdinak egiten ziren kostan zehar eta haietako etapa pare batean hartu nuen parte. Uxue Leizaola bikotekidearen eta haren gurasoen bidez ezagutu nuen Albaola. Oso eskertuta nago haiekin, halako proiektu interesgarria ezagutarazteagatik. Beti egurrarekin lotuta ibili izan naizenez, asko erakarri ninduen ekimenak eta zer esanik ez baleontziaren historiak. San Juan baleontziaren proeiktuan hasieratik hasi nintzen egurrezko pieza ezberdinak egiten laguntzen. Baina geroztik, itsasontzigintzarekin lotutako bestelako ekimenetan ere parte hartu dut. Besteak beste, Astigarragatik Donostiara sagardo kupelak eramateko ‘ala’ izeneko antzinako ontziak egiten, Albaolan aurrez egindako itsasontzien errepliken mantenu lanak egiten, egurra XVI. mendeko erara borobiltzeko tornua osatzen... Egun, errementariaren lanetan ari gara, iltzeak eta burdinezko osagaiak XVI. mendean bezala eskuz egiteko ekimenean murgilduta. Horretarako, dokumentazio lan handi baten ondoren, XVI. mendeko bi hauspo handiren erreplika egingo da. Hauspoen oinarria egiteko, Asteasuko Ikilisagasti baserritik ekarri genuen XVI. mendeko egurra eta egun, egur hori garbitzen eta saneatzen ari gara.

 

Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Oso esperientzia polita, bertako nahiz kanpoko jende askorekin harremanetan nagoelako eta asko ikasten ari naizelako. Lehen ez nekien ezer txalupei buruz eta orain, esaterako, San Juan baleontziaren piezak ezagutu eta egiten ere ikasi dut. Itsas Faktoriako kideek esaten digute zer egin eta gu beti laguntzeko eta bereziki, ikasteko prest gaude. Lerro hauen bidez, bolondres gisa parte hartu nahiko luketen guztiei gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi diet. Ateak zabalik aurkituko dituzte bertan.

 


San Juan baleontzia, nabigatzeko asmotan

Mikel Leoz Albaolako Itsas ondarearen teknikaria da eta San Juan baleontziaren erreplikaren aurrean, Euskal Herriko basoak, Europako beste inon basoak landu ez zituzten moduan landu zituztela adierazi zuen; baleontziak eraikitzeko egur eta forma zehatzetako basoak eratuz, itsasontziaren zati ezberdinak egiteko egurrak zein gunetan zeuden ezagutzen zutelarik. “Euskaldunek XVI. mendean gaiarekiko zuten jakinduria ez zuten beste lurraldeetan, ezta filmetan erakutsi izan den bezala, Ingalaterran ere. Itsasontzigintzari lotuta, Euskal Herrian zegoen teknologiarik aurreratuena eta hori aldarrikatu nahi dugu Albaolan”. San Juan baleontzia hiru kubiertako ontzia da. Gila eta lehen kubierta bukatuta, goruntz doaz dagoeneko eta esan beharrik ez zuzenean ikusteak zirrara eragiten duela. 22 metroko luzera izango du proatik popara.  Berezitasun modura, erdi aroan egiten zuten moduan, genolak eta ligazoiak ez dituzte iltzatuko, erdiko oholak lotuko ditu bi aldeak. Aurrera doaz lanak eta behin baleontzia amaitutakoan,  abenturaz betetako bide horrek beste abentura bati utziko dio lekua. Itsasontzia uretara atera eta Ternuako uretan nabigatzea baita asmoa. “Hori beste kontu bat izango da eta ez batere erraza, inork gutxik jakin baitezake egun nola maneia daitekeen horrelako ontzi bat”, zioen Mikelek. Pasaian, Erriberako Arotz Eskola eta Nabigazio Eskola zabaldu nahi dira etorkizunean eta bertako parte izango dira San Juan baleontzia nahiz Albaolak eraiki dituen txalupa txikiagoak.

{{IMG-35052}}
Mikel Leoz eta Jon Iñaki, berreraikitzen ari diren San Juan baleontziaren aurrean.


Laguntzeko moduak

Albaola ezagutzen ez duenari agian ezagutzeko gogoa piztuko zitzaion dagoeneko erreportajea irakurrita. Bada, aukera hori egiten duenari ez zaio damutuko, oso bisita atsegin eta jakingarria baita. 

San Juan baleontziaren eraikuntzan edota Albaolako egitasmoetan laguntzeko bide ezberdinak daude. Museora bisitan joatea batetik, bisita gidatuak antolatzen dituzte bisitarientzat eta baita ekintza ezberdinak ere, esaterako, ikastetxeetako taldeentzat. Bestalde, San Juan baleontziko zati ezberdinak diruz lagundu ditzakete hala nahi duten enpresa edo erakundeek. Bolondres gisa parte hartu nahi duten herritarrek auzolan@albaola.com helbidera bidal dezakete mezua. Itsas Faktoriarekin harremanetan jarrita, ‘Albaola zure plazan’ ekimena ere antola dezakete Udalek, antzinako lan egiteko moduak euren herrietako plazan erakutsiz. Informazio zabalagoa: www.albaola.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!