Lopez de Lacalle gogoan

Jose Luis Lopez de Lacalleren aldeko omenaldi ekitaldia egin zen larunbatean. Lopez de Lacalle Artolazabal familiako kideez gain, euren lagunak, Andoaingo bizilagunak eta PSE-EE eta EAJko kideak bertaratu ziren ekitaldira. 

[Argazkiak] [Bideoa]

Andoaingo PSE-EE alderdiko Maider Lainezek eta Lopez de Lacalleren alargun Mari Paz Artolazabalek hartu zuten hitza ekitaldian. Euskaraz zein gaztelaniaz egin zuten mintzaldia biek ere.

Lainezek, ETAk Lopez de Lacalle zergatik hil zuen adierazi zuen. “bere ideiak defendatzen zituelako, askatasuna defendatzen zuelako”. Aurrera egiteko atzera begiratu beharra dagoela aldarrikatu nahi izan zuen, “gaur egun gero eta gehiago esaten digute orrialde pasa behar dela aurrera egiteko. Egia da, etorkizuna denon artean eraiki behar dugula, denok nahi dugu geure seme alabek askatasunean bizi daitezen. Baina Horretarako, lau ardatz nagusiekin eraiki beharko dugu etorkizun hori, eta horiek dira justizia, egia, erreparazioa, eta batez ere, memoria. Memoria bizirik mantentzeko bildu gara gaur, hain zuzen”.

Eskaera zehatz bat eginez hasi zuen mintzaldia Mari Paz Artolazabalek: “Egina dagoena egina dago, baina sufrimendua eragin dutenei eskatuko nieke hausnarketa sakona egin dezatela, armak entregatu ditzatela, eta esan dezatela egin zutena inoiz ez zuela gertatu behar”.

Senarra ez zela inoren arerio adierazi zuen segidan. “Herri hau maite zuen, euskaltzalea zen eta bere seme-alabak euskaraz burutu zituzten ikasketa guztiak. Are gehiago, euskaltzalea izan ez balitz ere, pertsona librea zen eta konbentzimendu osoa zeukan pentsatzen zuena adierazteko”.

Gaztelaniaz jarraitu zuen ondoren, adierazteko Lopez de Lacallek terrorismo guztiak salatu zituela. “Estatu terrorismoa ere gertatu da herri honetan, baina Jose Luisek terrorismo guztiak gaitzetsi zituen. Zenbaitek hilketa batzuek gaizki ikusten dituzte eta beste batzuek ondo; nik ekintzak hartzen ditut kontuan, ez nork egin zituen”.

Barkamenaren kontzeptua ekarri zuen gogora, bukatzeko: “Niri berdin zait maila pertsonalean barkamena eskatzera etortzen zaizkidan ala ez. Nik eskatzen dudana da herriari eskatu diezaiotela barkamena”.

Egunkarietan iritzi emailea eta Ermuko Foroko kide zen Lopez de Lacalle ETAk hil zuen 2000ko maiatzaren 7an. Bere oroimena ez ahazteko eskultura ipini zen iraganean herriko kanposantua egon zen parajean, eta gerora, udalak erabakita bere izena hartu zuen bertan eraiki zen parkeak. Hain zuzen, eskulturaren aurrean egin ohi da urtero omenaldi ekitaldia, maiatzaren zazpian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!