Badator Larraulgo Kirol Astea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 9a, 02:00

Kirol Astea antolatu dute Larraulen maiatzeko bigarren asterako. Lehendabiziko edizioa izango da aurtengoa eta ekitaldiz bete-beteta etorriko da.

Cristian Pizarro eta Angel Serrano zinegotziek ilusioz bizi dituzte Kirol Astearen aurreko egunak. Udaleko batzar batean sortu zen egitasmo berria antolatzeko ideia, eta antolaketa lanetan murgilduta ibili dira azken asteotan. Angel Serranok azaldu duenez, “maiatzean zehar, kirolari lotutako ekitaldi ezberdinak zeuden aurreikusita Larraulen. Hori ikusita, ekitaldi guztiak aste baten barruan batzen saiatzea erabaki genuen. Lehendabiziko pauso hori emanda, beste zenbait ekitaldi lotzeari ekin genion, Kirol Asteari forma emateko”.

Zazpi egunez luzatuko da Larraulgo Kirol Astea, eta adin guztietako herritarrek izango dute parte hartu eta gozatzeko aukera. Esaterako, herriko haurrek egiten dituzten kirol jarduerak, guztientzat irekiak izango dira maiatzaren 9tik 15eko astean zehar. “Astelehenetan pilota entrenamendua izaten dute Iñaki Esnal herritarrarekin, eta asteartetan berriz, kirol ezberdin asko batzen dituen multikirola. Datorren astean zehar, nahi duten haur guztiek izango dute parte hartzeko aukera”, azaldu du Cristian Pizarrok.

Kenpo erakustaldia eta zunba herrikoia egingo dituzte astelehen eta astearte arratsaldetan. “Urbeltz plazan burutzeko saiakera egingo dugu. Eguraldi txarra egiten badu, pilotalekura sartu beharko dugu, baina nahiago genuke kanpoan egitea”, azpimarratu du Angelek. Nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera. 

 

Futbito txapelketa

Asteazkenerako, futbito txapelketa antolatu dute. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da lehia. “Lehendabizikoa denez, ez dakigu zenbat talde gerturatuko zaigun. Saltsa sortu eta ondo pasatzea da helburu nagusia. Polita izango litzateke, adibidez, Asteasu eta Larraul herrien arteko taldeen partidaren bat ikustea. Larraulgo zinegotziek taldea osatu eta txapelketan parte hartzeko asmoa dugu”, aurreratu dute umoretsu. Lehen urtea izaki, oraindik ez dute oso garbi nola antolatuko duten. “Ostatuan jarrita dago izena emateko papera, baina egunean bertan ere izango da horretarako aukera. Etortzen den talde kopuruaren arabera erabakiko dugu nola egin”, gaineratu dute.

Ekitaldiak antolatzeko garaian, hainbat herritarren laguntza izango dutela azpimarratu dute Angelek eta Cristianek. Osteguneko ginkanan, esaterako, “Ibai eta Andoni Urbieta txirrindulariak izango dira gidari. Haurrei erakutsi nahi diegu bizikleta ez dela azkar ibiltzeko soilik, oreka lantzea ere polita eta dibertigarria dela. Ikuskizun gisa, Ibaiek atzeraka egingo omen du ginkana, eta Andoniri monozikloan egiteko proposamena luzatu diogu”. 

 

Ping pong potea

Kirola eta jaia uztartzeko, ekitaldi berezia antolatu dute, ostegunerako. Angelek azaldu duenez, ping pong saioa egiteko asmoa zuten, eta osteguna “pintxo pote eguna dela kontuan hartuta, biak uztartu eta ping pong potea sortu dugu. Bi talde osatuko ditugu, eta galtzaileek pintxo potea ordainduko diete irabazleei. Ondo pasatzea da helburu nagusia. Haurrek ere izango dute ping pongean jolasteko aukera”.

Ostiralean, euskal kirol tradizionalek hartuko dute lekua Larraulen. DINA-7 taldeko kideek izango dute horiek antolatzeko ardura. “Toka, boloak, soka-tira… Parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei. Gertura daitezela 19:00etan plaza ingurura, jolas ezberdinetan parte hartzera”. Gauean, mus txapelketa egingo dute Herriko Ostatuan.

 

Larunbata, bete-betea

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako. Haurren duatloiarekin hasiko dute eguna. “Kultur astean haurren krosa egin genuen lehendabiziko aldiz, eta arrakasta handia izan zuen. Erantzun hura ikusita, duatloia antolatzera animatu gara. Haurrei egokitutako ibilbidea prestatuko dugu. Beste herrietako haurrak ere animatu nahi ditugu etortzera; polita izango da”, azaldu du Angelek. Eguerdian, berriz, boteluzeko erakustaldia eskainiko dute, kultur etxea eta pilotalekuaren artean. Iñaki Esnal herritarra izango da gidari, eta nahi duen orok froga egiteko aukera izango du.

 

Erronka

Arratsaldean, kirol asteko ekitaldirik bitxienetakoa egingo dute. Harrijasotzaileak eta halterofiliako altxalariak arituko dira nor baino nor. Cristian Pizarrok azaldu du nola sortu zen erronka hori: “Harrijasotzaile bat eta altxalari baten arteko solasalditik etorri da ekitaldi hori. Oso teknika ezberdinak erabiltzen dituzte pisua altxatzeko, eta erronka bota zioten elkarri. Ikusteko oso polita izango da. Herriko altxalariak ere izango dira tartean. Nahi dutenek, harri txiki bat jasotzeko aukera ere izango dute”. Igandean, jendez beteta egongo da herriko plaza, bertatik igaroko baita Erniopeko ibilaldia. Goizean, gainera, Aiztondoko Euskal Olinpiadak jokatuko dituzte haurrek. Aduna, Larraul eta Alkizako gaztetxoak elkartuko dira jolas ezberdinetan aritzeko. Eskaintza ugari Larraulgo I. Kirol Astean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!