Kanpoko lurretatik gurera

Etorkinen jaia, maiatzaren 14an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 9a, 02:00

Herrian bizi diren etorkinek prestatutako jakiak dastatu, elkarren berri izan, eta jai giroan murgiltzeko aukera izango dute maiatzaren 14an Asteasura hurbiltzen direnek.

Duela bi urte egindako jaiaren haritik dator maiatzaren 14ko ospakizuna. Erretore etxean egindako bazkariak eman zien orduan elkartzeko aitzakia, aurten ordea, plazara aterako dute festa. Jatorri ezberdinetako etorkinek jaki goxoak prestatuko dituzte guztien artean elkarbanatzeko eta musika ere egongo da gozagarri.

Kolonbian jaio zen Juan Carlos Gordillo, eta Ekuadorren Thalia Correa. Elkarrekin bizi dira Asteasun, eta maiatzaren 14ko jaian parte hartzeko asmoa dute. “Oso ekimen polita dela iruditzen zaigu. Jendea ezagutzeko aukera emango digu, bai herrialde ezberdinetatik etorritakoak, baita bertan jaiotakoak ere. Asteasuko jende asko kalean ikustetik bakarrik ezagutzen dugu. Haiekin hitz egin eta sakonago ezagutzeko aukera emango digu festa honek. Gure kultura, musika eta ohituren berri emateko ere oso ekintza egokia izango da”.  

 

Kolonbia eta Ekuador

Bi urte daramatza Asteasun Juan Carlosek, urtebete pasatxo Thaliak. Lanera etorri zen Juan Carlos: “12 urte neramatzan Zamorako Benaventen bizitzen, nire etxekoekin batera. Asteasun bizi den Patricia Calderon nire amaren laguna da, eta haren bidez etorri nintzen hona, lanera. Denboraldi txikiak egin nituen hasieran, eta kontratu luzea sinatutakoan, hona etorri nintzen”. Thalia berriz, maitasunak ekarri zuen Asteasura. “Internet bidez ezagutu nuen Juan Carlos. Madrilen bizi nintzen eta tarteka ikusten genuen elkar, Benaventen edo Madrilen bertan. Asteasura bizitzera etorri zenean, bertara etortzeko proposamena egin zidan, eta baiezkoa ematea erabaki nuen. Lantoki berean egiten dugu lan orain, eta oso gustura bizi gara hemen”, azaldu du.

 

Lasaitasuna

Ondo egokitu dira Asteasuko bizimodura. “Madrilgo bizimodura ohituta, harrigarriak egiten zitzaizkidan hemengo paisaia eta lasaitasuna. Baina oso ondo moldatu naiz. Orain nire familiari bisita egitera Madrilera joaten naizenean ito egiten naiz. Askoz ere nahiago dut hemengo bizimodu lasaia. Asteasu herri txikia bada ere, denetik dauka, eta gustura nago bertan. Jendea ere oso jatorra da. Pixka bat kosta egiten da bertakoekin harremana egitea, baina lehen pauso hori emanda, oso jende atsegina topatu dut. Inoiz ez digute begirada txarrik egin latindarrak garelako”, dio Thaliak.

 

Jakiak eta musika

Kolonbia eta Ekuadorrekoak dira Juan Carlos eta Thalia, eta etxean saiatzen dira euren jakiak prestatzen, baita euren gustuko musika entzuten ere. “Astebururen batean ateratzen bagara, esaterako, latindar musika jartzen duten tabernetara joateko ohitura dugu. Gainerantzean, inguruko herrietako festetara joatea ere gustatzen zaigu”. Autorik ez duten arren, ez dute arazorik izaten Asteasutik mugitu nahi dutenean. Juan Carlosek dioenez, “autobusa hartzen dugu normalean, baina bidegorrian barrena oinez joateko ohitura ere badugu. Oso denbora gutxian iristen gara tren geltokira”, azaldu du. Maiatzaren 14ko jaia antolatzeko bileratan parte hartu du Thaliak. “Sei bat kide bildu gara orain arte. Bilera horietan jakin dut duela bi urte ere egin zela antzeko ospakizunen bat. Aldaketa nagusia festa plazara ateratzea izango da. Modu horretan jende gehiagok parte hartzeko aukera izango duela pentsatu genuen. Jai giroa ikusi eta parte hartu nahi duen guztia ongi-etorria izango da”.

 

17:00etan, plazan

Dagoeneko pentsatua dute zein jaki eramango duten. Thaliak azaldu duenez, “Kolonbiako etorkinek, enpanada, buñueloak eta natillak eramango dituzte, besteak beste, eta Ekuadorkook berriz, cebichea, hegaltxo inkarrak eta fruitu ezberdinekin egindako edaria eramango dugu. Beste hainbat herrialdetako jan-edanak ere izango dira plazan. Polita izango da gerturatzen direnei gure jakien inguruko azalpenak ematea, eta horrekin batera gure kultura eta ohiturak ezagutaraztea. Musika ere Ekuadorko talde batek jarriko du”. Juan Carlos ere eguna iritsi zain dago dagoeneko. “Oso egun polita izango da. Elkar ezagutzeko aproposa. Arratsaldeko 17:00etan bilduko gara plazan, eta gorputzak eusten dion arte luzatuko da festa”, dio irribarretsu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!