GuraSOS ekimenaren aurkezpena

GuraSOS mugimendua aurkeztu zuten atzo Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Gipuzkoako guraso hainbatek beraien kezka agertu dute Zubietan egitekoak diren erraustegiak beraien seme-alaben osasunean izango duen eraginagatik.

“Zuek bezalako guraso, aiton-amon eta osaba-izeba gara, kezkatuta gaudenak Zubietan egitekoa den erraustegiak gure osasunean, eta bereziki umeengan, izango duen eraginengatik. Guk ez dugu interes politiko edo ekonomikorik, bakar-bakarrik gure seme-alabak babestu nahi ditugu: ez dugu beren osasuna arriskuan jartzerik onartzen. Horregatik, arazoari emango zaion irtenbideak, gaur egun gipuzkoarron eta bereziki gure seme-alaben osasunerako berme nahikorik ematen ez duenez, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu”. Huraxe izan zen GuraSOS elkartearen ekimenaren aurkezpena, aurreko ostiralean Lasarte-Orian egin zutena.
Erraustegia eskualdean eraikitzearekin batera, osasun mailako bi kezka nagusi dituzte. Lehena, “Gipuzkoako agintariek BioDonostiarekin batera hitzartu duten azterlan epidemiologikoa”. Elkarteko kideentzat azterketa horren beharrak berak frogatzen du arriskua hor egon daitekeela.
Bigarrena, “Eusko Jaurlaritzak ingurumen eraginean 30 kilometroko diametrodun eragin-eremua onartzen dueala” jakitea da. 
Bi kezka horiez gain, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak medikuen azterketak guraso horiek alerta egoeran ipini ditu: “Medikuek argi diote: fetoak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak”. GuraSOS taldeak eragin eremuan berrehun heziketa ikastetxe zenbatu ditu. Eta hori ikusita, elkarte gisa sortu eta martxan jartzea erabaki dute. Bi ekimen iragarri zituzten aurkezpen ekitaldian:

INFORMAZIOA ZABALTZEKO
EKITALDIA HERNANIN
Datorren Maiatzaren 21ean Galarreta ondoan dagoen Orona-Ideo eraikinean informazioa zabalduko dute. Bertan erraustegiek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa zabalduko dute. 

MANIFESTUA EGITASMOA 
GERARAZTEA ESKATUZ
Bestalde, manifestua prestatu dute ondokoa adierazteko: “Gure eta batez ere gure txiki eta gaztetxoen osasunean erraustegiak izango lukeen eraginaz kezkatuta gaudela, eta gizartea eta haren ordezkariak hondakinen arazoari irtenbide bat aurkitzeko  ados jar daitezela eskatzen dugula txikien, gaztetxoen, inoren osasuna arriskuan jarri gabe”.
Gurasos.org webgunean manifestua irakurri eta nahi izanez gero atxekimendua eman daiteke.

HITZALDIA BASTERON, 
DATORREN ASTEAZKENEAN
Maialen Berridi eta Jose Mari Tallon medikuen eskutik.
19:00. Bastero.
Maiatzak 18, asteazkena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!