Zorionak Xabier Mujika

Xabier Mujika Larrañagak 80 urte bete zituen maiatzaren 3an. Aparteko pertsona Andoainen, bere inguruan umorea eta begirunea eragiten dituena. Xabier Lasa kazetariak osatu ditu lerrook.

Andoaingo paisaia humanoan ezinbesteko bilakatu den pertsona dugu azken hamarkadetan. Kaletarra, ibiltari amorratua, umoretsua, festazalea, pilota eta bertsozalea, ume zirikatzailea… Andoaingo bizitza eta andoaindarrak, Andoaingo hirigunea eta baserri giroko eremuak maite dituen pertsonarik baldin bada, horixe da Xabier.

Kalea goizetik ilunabarrera zapaltzen du, Goikoplazatik Bekoplazara, Bekoplazatik Karrikara, Karrikatik Sorabillara, Sorabillatik Buruntzara, Buruntzatik Leizotzera… Eta bidean, inori ez dio diosalik ukatuko, eta ezta hizketarako aukera ere, nahiz eta murritza izan hori. Xabierrek badauka aparteko dohaina, berarekin topo egiten duten herritarren ezpainetan irribarrea eragitekoa. Ez irribarre maltzurra, sinpatiazkoa baizik.   

Fantasiazko pelikuletara joko bagenu, zerutik jaitsita zoriontasuna banatzera heldu den aingerutxo moduko pertsonaia dela esango genuke. Adiskideak nonahi, eta etsairik? Zaila jar.

Ez da gauza asko lortzen duena gugandik; momentu baterako poxa baizik ez, pentsa daiteke. Baina gutako askori seguru gertatu izan zaigula behin edo behin, geure pentsamenduetan galduta goazela kalean barrena, buruhaustez beterik, zast! umorea aldatzea kolpetik, zergatik eta Xabierren presentziagatik, edo eta bere urruneko txilibitu hotsa entzun izanagatik! Hori lortzen duenak, ez dauka meritua gutxi!

 

80 urte, bete berriak 

Maiatzaren 3an laurogei urte bete ditu Xabier Mujikak. Hara non Santa Krutz egunean izan behar bere egun handia, festarako grina jaiotzetik itsatsia ekarri izan balu bezala.

1936an jaio eta Zizurkilgo Fraisoro etxean egin zuen haurtzaroa, baina gaztetan Sorabilla auzoko Koskaran baserrira joan eta bertan urte mordoa egin zuen morroi gisa. 1996ko maiatzaren 27az geroztik Juan Bautista zahar egoitzan bizi da. Hogei urte betetzera doa bertan, hortaz.

Arima askea da Xabier, ez zen jaio lau hormen barruan egoteko, eta gutxitan topatuko da erresidentzian bertan, egonean. Bihurri samarra da erresidentziako barne ordutegia onartzeko garaian, eta behin baino gehiagotan geratua dago pulamentuzko otordurik gabe berandu iritsi delako.

Egunean zehar, hara eta hona ibiltzen da, kilometro mordoska eginez egunaren amaierarako. Baina baditu bi geldiune finko gutxienik: Idiazabal etxea (Leizotz auzoa) eta Koskaran baserria (Sorabilla auzoa). Erresidentzian soberan geratu diren ogi zaharrak eramaten ditu haietara, animalientzat elikagai. 

 

Kale garbitzailea

Kalea maite du Xabierrek, eta kaleak ere maite du Xabier, bere zaintzailerik finena baita. Kale txukuntasunarekin badauka sentimendu berezia, eta etengabe aritzen da bazterretan topatzen dituen zakarrak lurretik jasotzen; zorro zuria eramaten du eskuetan beti, betetzen joateko. Tarteka marmarrean sumatu ohi da, kexaka, zenbait andoaindarren zikintasunagatik. Ez da harritzekoa bati baino gehiagori aditzea esanez Andoainek ez duela udaletxeko kale garbitzailerik behar, Xabier edukita.

Txilibitua eta irratia, ezin bananduzko elementuak ditu. Txilibitua, inguruan dabilen jendearen arreta bereganatzeko, horien umorea aldarazteko... Eta irratia, mundua nola dabilen jakiteko, edo, inoiz etsaituko ez zaion bidelaguna alboan edukitzeko beti. Euskadi Irratia sintonizatu ohi du gehienetan; euskaraz iristen zaio munduaren berri irrati aparatura. Bertsoez gain, pilota munduko albisteak entzutea du gogoko, batez ere. Pilotazale amorratua da, eta ondo gogoan dauzka telebistan agertzen diren pilotari beterano zein gazteen izen eta ibilerak, eta asteburuetako emaitzak. Gutxitan egingo du huts Arrate pilotalekuan ere, Gazteleku elkarteak partidak antolatzen dituenean.  

 

Umeak gogoko

Umeak maite ditu Xabierrek. Umeei egiten die kasu bereziki, haiei jotzen die maiz txilibitua. Izua edo harridura eragingo die umeei akaso, lehenbiziko aldian. Baina berehala ikasten dute ze piezakoa den Xabier, txantxarako grina daukan gizon jostalari xelebre hori. Bigarren edo hirugarren elkar topatzerako jada, Xabierrek konplize txiki berri bat egingo du herrian.

Zenbaitetan Xabier ikusi izan da herriko ikastetxeren batean, errekreo orduetan, ume pila erakarrita sareaz bestalde; eskua luzatu, eta banan bana goxokiak emanez jardun ohi du halakoetan. 

Kaleak espazio publiko gisa eta gizakien topagune gisa garrantzia daukala iruditzen zaie umeei eta Xabierri, eta horrexegatik izan liteke bien artean gertutasunezko txinparta hori sortzea. 

Norbanakerira, etxe zulora baztertzera eta teknologia berriekiko menpekotasunera makurtzen gaituen bizimodu moderno honetan, kale bizitza aldarrikatzera datozkigu umeak eta Xabier. Aisialdia eta bizikidetza bertan praktikatzen jarraitu behar dela; iraganean, ez asko arte gure arbasoek egin ohi zuten bezala, alegia.

Gutxik bezala ezagutzen ditu herri edo auzoetako jaiak nahiz era guztietako ekitaldi publikoak. Etxafuegoek, kale zalapartak edota musikak erakarri egiten dute, eta bisita txikia, behin behik, beti egingo die. Honi egin kasu, hari egin kasu, festaz gozatu behar den denboraz, eta zeremonia hori eginda, badoa berriro etorri den bidetik. Sorabillako jaiak ditu estimatuenak, sorabillatarra sentitzen delako. Irailaren 8an, Koruko Amaren eguna da sakratua Xabierrentzat. Meza entzun eta ondorengo hamaiketakoan gozatzen du ikaragarri, auzotarren eta lagunen ondoan. 
 


Andoaingo bertso eskolako gaztetxoak

Ion Belokik zuzentzen duen gazteen bertso eskolako kideek (June Igarategi, Haize Alaminos, Eneko Brosa, Unai Leal eta Aizpea Arruti) Xabierri maitasunez eskainitako bi bertso: 

 

Hainbat lan egin duzu
denontzat debalde,
oparirik ez duzu
jaso zuk bestalde.
Andoaindar guztiak
gaur zorretan gaude
hamaika egin duzu
Andoainen alde.

 

Zu maitatzea beti 
da horren erraza,
poztu izan diguzu
askotan arratsa.
Larogeira heldu zara
umil, zure kaxa
urte askoan Xabier
eta ondo pasa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!