Nahiz eta Ergoien auzoan egon ermita, Urnietako gainerako auzoetako (Oztaran, Lategi eta Goiburu) biztanleak ere bertaratzeko joera izan ohi dute. Aspaldiko ohiturari jarraiki, elorri zuria eskuetan hartuta etorri dira gainera. Garaitsu honetan loretan den elorria bedeinkatu nahi izan dute horrela, usadioa berrituz. Izan ere, baserritarrentzat hazia ereiteko urte sasoia da, eta elorria ereindako soroan jartzen da, uzta ona izateko.
Mezak eliza jendez betetzea lortu badu ere, ondorengo jaian jaitsi da ikusle kopurua. Adineko jendea izan da nagusi, ulertzekoa asteartea eta lan eguna izaki.
Patxi Etxeberria eta Anjel Larrañaga bertsolariak gai librean aritu dira, elkarri ziria sartu nahian. Herri kiroletan, plazara atera berria den Imanol Illarramendi Kortaberri harrijasotzailea eta Julen Cañamares aizkolariak jardun dute. Horiekin batera, Peio Cañamaresek aurkezle lanak egin ditu, motozerrarekin egurrean irudi politak egitez gain.