XIX. Aiztondoko pilota topaketen finalak jokatu ziren Alkizan

Joan zen larunbat arratsaldean jokatu ziren Aiztondoko herrietako klubetako ordezkariek Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera antolatutako txapelketako finalak. Pilotalekua beteta eta giro paregabean arratsalde bikaina eskaini zuten pilotariek. Kronika eta argazkia (Iñaki Lizaso):

Lehen partidan, aurrebenjamin mailan Villabonakoak ziren lau finalistak. Eñaut Oñatek eta Ibai Sarasolak 16 eta 9 irabazi zieten Aner Unanue eta Aner Arrietari.

Benjamin mailakoan, Adunarrak izan ziren kantxaratu ziren lauak. Partida gogorraren ostean, 16-12 irabazi zuten Joanes Cestau eta Inhar Iparragirrek Lander Zabala eta Joanes Aristetaren aurka.

Jaialdiko hirugarren partidan, alebinetan asteasuarrak izan ziren finaleko lauak. Iban Lanzeta eta Adur Tapiak 14 eta 16 galdu zuten Gorka Huitzi eta Alex Agirreren aurka.

Infantil mailan partidak ez zuen kolorerik izan. Oso erraz gailendu ziren Alkizako Mattin Gorostidi eta Gorka Ugartemendia Alkizako Aitor Sorarrain eta Ander Perurenaren aurka. Azken emaitza 18-4 izan zen.

Neskei dagokienez, alebinetan palaz Asteasuko Jone Arrietak eta Larraulgo Iraia Leonek 18-14 irabazi zieten Adunako Irati Tejeria eta Leire Zubeldiari. Eta jaialdiko azken eta 6. partidan, infantil mailan palaz nesketan Larraulgo Uxue Aranburuk eta Helene Usabiagak 25 eta 18 irabazi zieten Villabonako Maddi Urdanpilleta eta Asteasuko Libe Elizegiri. Partida bikaina izan zen azken hau.

Pilotak zozketatu zituzten torneoan parte hartu eta bertara gerturatu ziren haurren artean eta saski eder baten zozketa ere izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!