Xuban Ezeiza, Urnietako lasterkaria
Futbolean aritu da bereziki, harik eta bi urte atzera mendi lasterketetan proba egin zuen arte. Orduan Larraulgoa eta Urnietakoa egin zituen. Futbola utzita, orain bi urteko joerari berrekin dio eta Urnietako mendi lasterketaren helmugan ezusteko atsegin horietakoa izan daiteke.
Gogotsu dago, hogei urte betetzeak ematen duen ilusioarekin: “Futbola utzita, Urnietakoa prestatzeko beste lasterketa batzuetan ere atera gara. Igandekoa, distantziari dagokionez nahi baino luzeagoa da, baina egindako prestakuntzarekin moldatzen ari gara”. Serio hartu du, gainera: “Bukatzeko asmoa nuen hasieran, baina egindako lasterketetan espero ez nituen emaitzak lortzen nabil eta horregatik hiru ordutik jaisteko helburuarekin irtengo naiz. Disfrutatzera noa, baita ahalik eta denbora onena egitera ere”.
Igandean etxekoen aurrean arituko da lasterketa, eta horrek Xuban are gehiago motibatzen du: “Motibazioa handiagoa da. Urnietak duen ingurua zoragarria da. Mendiak ezagutzen ditugu, askotan ibili gara eta gainera igandean senideak, lagunak eta herrikideak gertu izango ditut. Egia esan, motibazioa handia da”.
Igor Amantegi, Urnietako lasterkaria
Urnietako mendi lasterketa ondo baino hobeto ezagutzen du, eta aurten sasoiko dago, “forma aldetik ondo nago. Bizkarreko arazo txikiren bat badut, baina espero dut igandera bitarte osatzea. Ilusio handiarekin nago, nahiz eta herrian gauza batengatik edo bestearengatik ez zaizkidan lasterketa onak atera. Iaz, lasterketaren aurreko gaua txarra pasa nuen eta normala da lasterketa ona ez egitea. Bi urte atzera, nekatu samar irten nintzen astebete lehenago Orioko lasterketan atera nintzelako. Ez ditut sentsazio onak izan Urnietako lasterketan, ikusiko dugu ea igande honetan zer gertatzen den”.
Kementsu ari da prestaketa lanetan, “astean lau aldiz ateratzen naiz entrenatzera, askotan ez dagoen tokitik denbora ateraz”. Gauzak horrela, sasoiko dago urnietarra. Kilimon trail lasterketa ezagunean lehen postuetan amaitu baitzuen: “Aurten lau lasterketa egin ditut eta lauretan hogei aurrenekoetan sartzea lortu dut”. Meritu handiko postua da Kilimonekoa, lasterkarien maila oso handia baitzen.
Ibilbidea aldatzeko erabakiaren aurrean, logistika arrazoiak ulertzen baditu ere ibilbide zaharraren aldekoa da, “ibilbide guztia mendian zelako”.
Maialen Gurrutxaga, Andoaingo lasterkaria
Lasterketan zehar sentsazio pertsonal onak sentitzea eta paraje naturalekin gozatzea. Bi helburu horiek dauzka buruan Maialenek, iganderako. Maialenek badaki zer den asfaltoan lasterketak irabaztea, baina halako kontuak ahaztuta dauzka oraingoz. “Urtebete bada bigarren haurra eduki nuela, eta poliki-poliki ari naiz hartzen iraganean eduki nuen forma ona”. Mendira jotzen du azken aldian, errepidera baino gehiago: “hiru mendi lasterketatan hartu dut parte oraindik orain, Pasaian, Loatzon (Amasa) eta Garinen (Beasain), eta aitortu behar dut mendiarekin geroz eta gehiago ari naizela”.
Bere bikote Oinatz Gonzalez ere mendi lasterkaria da, eta txandaka dabiltza azken aldian, batek korrika egiten duen bitartean, bestea bi umeen zaintzan geratzen da.
Ibilbideari apenas erreparatu zion Maialenek izena emateko orduan: “Gerora jakin dut zenbateko gora-beherak dauzkan, eta baita ere herrian amaitzen dela. Zein denbora egin dezakedan ere ez naiz hasi kalkulatzen. Egia esan, kirol honekin gozatzeko egokiena ordulariaren menpe ez ibiltzea dela iruditzen zait; mendiko lasterketek aukera hori ematen dizute”.
Jon Ugalde, Andoaingo lasterkaria
Laugarren aldiz hartuko du parte lasterketan. Euskalduna futbol taldea utzi zuenez geroztik, mendiz mendi lasterka ibiltzeari ekin zion: “Urtean hamabost bat lasterketatan korritzen dut, eta guztien artean, gogokoenak, Tolosakoa (T3T mendi maratoia), Talaiakoa (Donostia-Hondarribia) eta Urnietakoa, hiru horiek direla esango nuke. Aizkorriko maratoiaz aparte, noski”.
Normalki, Adarra-Eteneta-Onddi aldera abiatzen da entrenatzera, “ondo baino hobeto ezagutzen ditut paraje haiek. Horko belazeetan aldapan gora eta behera ibiltzea bezalakorik ez dago. Batzuk mendian sufritzen dute belaunetatik, baina niri gogorragoa egiten zait asfaltoko kolpea oinetan. Mendian, sufritu eta gozatu dena gehiago egiten da, baina gutxiago begiratzen zaio ordulariari”.
Denborari obsesioz begiratu ez arren, Andoaingo korrikalarien artean onenetarikoa izan da azken hiru urteetan. Sasoian datorrela aitortzen du: “Gustura nabil, lesioek errespetatzen naute oraingoz. Urtetik urtera ez naiz ari entrenamenduen intentsitatea igotzen, baina iruditzen zait gorputza eta oinak mendiko aldapa eta harrietara ohitzen ari zaizkidala; eskarmentuak balio du zerbaitetarako”.