Joseba Labaka mendi lasterketako antolatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 29a, 02:00

Lasterketaren erreferentzia nagusia da, talde lanaren ordezkaria izan arren. Joseba Labaka Urnietako mendi lasterketari erabat lotuta dago. Bosgarren edizioa burutzeko egun gutxi falta direnean, hauexek antolatzailearen usteak eta azalpenak.

Bosgarren ediziora iritsi da mendi lasterketa. Badu, beraz, ibilbide bat. Lasterketa egonkortuta dagoela esan nahi al du horrek?

Joseba Labaka. Antolakuntza aldetik, Urnietako mendi lasterketa egonkortu dela esan genezake, baina aurten aldaketa handiak egon dira. Xoxokatik atera da lasterketa aurreko lau urteetan, eta oraingoan herrigunetik abiatuko da. 

Mendiari garrantzia kentzen zaio horrela?
Joseba Labaka.
Inondik ere ez. Mendi lasterketa izaten jarraitzen du. Herrigunean 400 metro egiten dira asfaltoan, eta hortik aurrera pistak edo mendi bideak dira. Eta lasterketaren amaiera aldera, berdin. Beraz, mendiari garrantzia handia ematen diogu. Aldaketa arrazoi logistikoei lotu behar diegu. 
2012an ez genuen inondik inora lasterketak horrelako hazkuntza izango zuenik espero, egiari zor, geuk ere hazkunde hori onartu dugu. Baina horrek logistika arazoak sortu dizkigu dutxak eskaintzeko garaian eta aparkalekuak eskaintzeko garaian. San Juan plazatik abiatzea zen alternatibarik egokiena. Herrigunea aslfaltatua egotean, errepidea ez zapaltzeko gure zeregina alternatibak bilatzea izan da. Iazko irailean hasi ginen aldaketa aztertzen, eta gauzak horrela, bosgarren edizioa San Juan plazatik abiatuko da.

Ibilbidea horretan geratuko al da etorkizunerako?
Joseba Labaka.
Aurtengoa bosgarren edizioko ibilbidea izango da. Lasterketa eta gero aztertuko dugu hartutako erabakiak egokiak izan diren edo ez. Lursail berrietatik igaroko da, eta lurjabe horiek ere ikusi beharko dute lursaila zein egoeratan geratzen den lasterketa pasa eta gero. Aurtengo edizioa amaituta aurtengo bidetik jarraitu ala ez ikusiko dugu.

Lasterketaren hazkunde handia aipatu diguzu...
Joseba Labaka.
Urnieta-Adarramendi-Urnieta lasterketak mendi lasterketa gisa aurkezteko gabezia batzuk bazituela ikusi genuen bere garaian. Mendi lasterketen munduan jarraitzeko aldaketak txertatu behar genituen. Adarramendikoak 100 lasterkari inguru zituen, eta mendi lasterketarekin parte hartzea 500 lasterkarira iritsi zen.

Mendi lasterketen loraldia bete-betean hartu zenuten, Lizeaga bezalako lasterkari bikainak herrian bertan...
Joseba Labaka.
Modan daude mendi lasterketak, eta horrekin batera korrikalari piloak egin du mendi lasterketarako jauzia. Lehen Urnietan dozena erdi lasterkari ibiliko zen, eta aurten 43-44 urnietar izena emanda daude. Gauza bera ondoko herriei begira jartzen bagara. Andoainen lehen 10 irtengo ziren, aurtengorako 40 inguru izango dira. Boom hori aprobetxatzen jakin dugu, Adarramendiko lasterketatik mendi lasterketara pasa gara eta bistan da kirolariek aldaketa oso gustura hartu dutela.

Donostialdeko lasterketa dela esango al zenuke?
Joseba Labaka.
 Parte hartze datuak ikustea besterik ez dago, hori baieztatzeko. Beterri-Buruntzako parte hartzaileen %65a da. Andoain, Urnieta, Hernani, Donostia... Parte hartzaile gehienak gertuko herrietatik datozkigu.  

Urte gutxitan erreferentziazko lasterketa izatera iritsi zarete, gainera...
Joseba Labaka.
Euskal Herriko koparako puntuagarria izan da, Euskal Herriko txapelketa ere bertan antolatu izan da. Aurten, normala denez, Federazioak beste lasterketa berriei aukera ematea erabaki du. Sumatzen duguna da lasterkariek antolatzaileengan konfiantza badutela, aurten ere ehunka lasterkari irtengo baitira.

Lasterkarientzat zu zara lasterketaren erreferentzia nagusia. Zer esaten dizute?
Joseba Labaka.
 Lasterkarien aldetik ia inork ez du entrenatzen. Denak entrenamendu gutxirekin datoz, gaizki eta gaixorik datoz... Ironiaz ari naiz, noski. Baina erdi ezkutuan ibiltze hori kirolari oso lotuta dago. Nik lasterkari horien begietan gogoa eta poza ikusten dut, herriko lasterketa noiz hasiko zain daudelarik. 

Ibilbide berria ikusleentzat abantaila al da?
Joseba Labaka.
Ikusleentzat onurak izango ditu. Lehen lasterketaren hasiera eta amaiera ikusteko Xoxokatik ezin zinen gehiegi aldendu. Orain, aldiz, herrian izanik, hasiera ikusi eta kotxean Besabi edo Xoxokara gertura zaitezke. Lasterketa ikusteko toki polit asko dago inguru haietan. Pasaera eta gero, lasterketaren azken metroak ikusteko aukera badago orain.

Ibilbide laburreko lasterketak tokia izaten jarraituko al du etorkizunean?
Joseba Labaka.
Hirugarren urtea da, eta hirugarren proba guretzat. Inpresioa dugu ez duela irismen handirik. Egia da lasterketa handira pasatzeko lehen pauso modukoa dela, normalean ibilbide laburra egiten duenak lasterketa handira jauzia egiten duelako. 

Ibilbide luzea oraindik gehiago luzatu izanak arazorik sortuko al die mendi lasterkariei?
Joseba Labaka.
Luzeagoa da, baina ez gogorragoa. Ondo hartu zuten aldaketa ibilbide berria erakutsi genienei. Prestakuntza aldetik justu samar ibili denarentzat aldaketa oso kontuan hartzekoa da, lau kilometro gehiago direlako. 

Lortu al duzue probaren izaera solidarioa lasterkarien artean barneratzea?
Joseba Labaka.
 Baietz esango nuke. Bigarren urtez, lasterketaren bezperan Super H festa antolatuko dugu eta iaz, festa horri esker, askoz jende gehiago hurbildu zen dortsala jasotzera. Esango nuke jende asko lasterketaren izaeraz jakitun dela.

Zer esanik ez dago bolondresik gabe ez dagoela lasterketarik.
Joseba Labaka.
 Ezinbestekoak dira. Haiek gabe ez dago lasterketarik. Lan ikaragarria egiten dute: Mendia garbitu, ibilbidea markatu, anoa guneak antolatu eta bertan egon,... lagun askoren beharra izaten dugu. Ehundik gora izango dira, denera. Aurten, ibilbide aldaketarekin, batek baino gehiagok funtzio ezberdinak beteko ditu. Batzuk mendian lanean egongo dira, eta ondoren helmugara jaitsiko dira laguntza ematen jarraitzera. 
Ezin ahaztu Goiburuko auzokideek laguntza handia eman digutela aurreko lau edizioetan. Aurten bi anoa gune izango dira Xoxoka inguruetan, eta auzokideek lan hori egiten jarraituko dute.

Dena ondo irten dadila, beraz...
Joseba Labaka.
Saiatuko gara. Aurten, gainera, parte hartzaileek eta ingurukoek Urnietan bertan bazkaltzeko aukera izango dute. Lasterkarientzat makarroiak prestatu ohi ditugu, baina aurtengoan makarroiez gain, Batzokia elkartekoek bi txekor erreko dituzte eta lasterkariek Udal pilotalekuan eserita bazkaltzeko aukera izango dute. Lasterkariekin batera bazkaldu nahi dutenentzat 400 txartel salgai jarriko dira 4 euroko prezioan. 
Urnietan eguna igarotzeko aukera polita izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!