Emakumeen parte hartzea danborradatan

Hogeita hamar bat urte atzera eginez, danborradatan emakumeen parte hartzea sustatzeko eskaera liskar iturri bilakatu zen. santakrutzetan  herritarren artean eztabaida eta haserrealdi sutsuak piztu ziren.

Jaiak berdintasunean gozatzeko aukera eztabaidagai izan da aspalditik Euskal Herrian, eta zer esanik ez Andoainen. Batez ere danborradetan islatu izan da emakumeek ere parte hartu ahal izatearen aldarria Andoainen. 80ko hamarkadan Santa Krutzetan ekimen ugari burutu zen kalean aldarrikapen horren alde, eta egunotan zenbait emakumek ordukoak gogorarazi nahi izan dituzte.

Franco hil ostean egundoko bizitasuna hartu zuen egoera sozio-politikoak; inoiz baino indartsuago kaleratu ziren gizarte arazoak, historikoki konpondu gabeak, eta testuinguru horretan genero berdintasunaren premia ezin ozenago entzun zen. 1980an dibortzioaren legea onartu zen Madrilgo kongresuan, abortoarena ere bidean zen, eta bien bitartean, etengabea zen eremu guztietan emakumeek gizonezkoen pare bizi ahal izateko eskubidearen aldeko oihua.

Gizarte esparru askoren artean, herri jaiak bilakatu ziren aldarrikapenaren eszenatoki. Izan ere, jaiak hartu izan dira historikoki komunitate bateko kideak sozializatzeko espazio gisa. Jaietan egiten da ikusgarrien herri baten kultur identitatea, eta aldi berean, ondo pasatzeko gizakiak berez daukan gogoa. Jaiek hartzen dituen konotazio bereziak kontuan edukita, eta Andoaingo erralitatera etorrita, esan daiteke danborradaren tradizioan adierazi zela argien eta liskartsuen, nonahi eta balditza berberetan festaz gozatzeko eskubidearen aldarrikapena. 

Orain bi urteko jaien hasierako pregoia 1964an danbor-jotzaile gisa kalera irten ziren emakumeek bota zuten. Nahiz eta urte bakarrean gertatutako salbuespena izan, frankismoan zehar gertakizun historikotzat hartu zen hura. Gertakizun hark, baina, herritar askoren memorian iraganeko gertaerak piztea eragin zuen; hain zuzen ere, emakumea eta danborradatako parte hartzearen baitan ondorengo hamarkadatan izan zen soka luzea.

Joan den astelehenean, Andoaingo emakume talde bat Santa Krutz elizaren parean bildu zen, 80ko hamarkadan zehar gertatu ziren ekimen eta liskarrak gogoratzeko. Gertaera nahiko gatazkatsuak izan ziren eta gizarte mailako garai bat islatu arren, Andoaingo herriaren hurbileko memoria historikoan behar bezala idatzita ez dela geratu uste dute. Horrenbestez, memoria lauso hori freskatzeko, eta historia txiki eta gertukoek ematen dizkiguten irakaspenetatik ikas litekeela adierazteko ere, elkartzearen premia ikusi zuten.

Protestak danborraden aurrean
80ko hamarkadan bi elkartek antolatzen zuten danborrada: Peña Santakrutz eta Zumeatarra;  bietan gizonak izaten ziren  danbor-jotzaileak. Zenbait emakumek eskaera egina zuten eurek ere parte hartu nahi zutela esanez. Jasotako erantzuna ezezkoa izaten zen. Hori ikusita, ezinegon hori emakume talde batek kalera eramateko erabakia hartu zuen. 

1984an, Santa Krutz ermitaren parean, Zumeatarra danborradaren ibilbidea oztopatzeko lurrean eseri eta protesta egitea erabaki zuten. Gau hartan hartutako argazkian ikus daitekeen moduan, hauexek izan ziren kaleratu zituzten hainbat lelo: “Tanborrada mixta baten alde”, “Zoraturik ala? Danborra jotzen ez uztea ere!”, “Danborrerak bai, kantinerak ez”. Eserialdi hartan, bat egin zuten herriko danborradan danbor jotzaile izateko ilusioa sentitzen zuten zein horrelakorik sentitzen ez zuten emakumeek. Eskubide berdintasuna aldarrikatu nahi zuten.

Gau hartako protesta ekitaldiak liskar eta zalaparta ugari ekarri zuen; unerik larrienak agian, danborradak bertatik pasa nahi izan zuenean gertatu zen. Emakumeek lurretik altxa nahi ez, eta ika-mika ugari gertatu zen. Elizaren eta zubiaren inguruan danbor-jotzaileak zein emakumeak babesteko bildu ziren herritarren artean sesiorik ez zen falta izan. Iskanbila ez zen gau hartara mugatu, eta hurrengo egun eta asteetan emakumeen parte hartzearena Andoaingo herritar askorentzat eztabaidagai nagusi bilakatu zen. 

Joan den astelehenean garai hura gogoratzeko bildu ziren emakumeek ziurta dezaketenez, gertakizun hark ezagunen arteko agurra ukatzeak ez ezik, haserre latzak ere eragin zituen. “Festa izorratu nahi izatea” leporatu zieten zenbait herritarrek orduan, nahi izan zuten gauza bakarra festak modu askean eta bazterketarik gabe gozatzeko eskaera plazaratzea izan zenean.
1985ean Zumeatarra elkartean gai honi buruzko batzarrean danborrada mistoaren alde egitea erabaki zuten. Aukera izan zuten lehen aldian hainbat emakumek parte hartu zuten.

Hurrengo urteetan protesta Peña Santakrutz elkartera bideratu zen. Emakumezkoek ezezkoa jasotzen jarraitu zuten, eta ezinegona modu ezberdinetara kaleratu zen; azpimarragarriena, elizaren parean emakume talde batek kate bat aldez alde jarri zuenekoa. Danborradako kide batek katea kolpe batez hautsi, eta bidean aurrera egin zuten. 2009an Peña Santakrutz elkartea misto bilakatu zen, bertako bazkideek hala erabakita. 
Askoz lehenago, 1990ean Amnistiaren Aldeko Batzordeek jaietan ere danborrada ateratzeari ekin zioten. Hasiera-hasieratik mistoa izan dena.
Azkenik, Agustin Leitza elkarteak 1997an ekin zion danborrada antolatzeari. 2013ko San Juan jaietan mixtoaren aldeko pausoa eman zuen.

Auzoetako danborradak
Karrikan 1980an hasi ziren danborradarekin. Mistoa izan zen, hasiera-hasieratik. Kaletxikiko jaietan 1986an hasi zen danborrada, eta 2009tik mistoa da. Etxeberrietakoa 1997an hasi zen, hasieratik mistoa.

ALDARRIKATZEN JARRAITU BEHARRA
Andoaingo gizartearen mentalitatea eboluzionatzen joan den heinean, danborrada baztertzaileen auzia amaitutzat eman liteke. Badago oraindik zer egina gizarte esparru askotan urrutira gabe, elkarte gastronomikoetan bazkide izateko eskubide erreala gauzatzearena. Alde horretatik, emakume talde honek uste du ez duela gaurkotasunik galdu Andoaingo danborraden historian emakumeek erakutsi izan duten grinak. Aitzitik, inoiz baino premiazkoagoa ikusten du eskubideak aldarrikatzen jarraitzea, nahiz eta horrek gizartean gatazka zehatzak eragin, 80ko hamarkadan Santakrutzen inguruan gertatu ziren moduan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!