Egoera ekonomikoa hobetuz doaz

Udalak eskuartean dituen datu ekonomikoen berri eman du. Udal gobernu taldeak auzoz auzoko bileretan etorkizuneko egitasmoak agertzeaz gain, aldagai ekonomikoen datuak eskaini ditu. Parte hartze prozesua amaituta, Ana Carrere alkateak eta Agustin Alberro zinegotziak asteazken eguerdian datu ekonomiko on horiei buruzko azalpenak eskaini zituzten prentsaren aurrean.

Ana Carrerek aurreko agintaldiko egoera zail hura gogoan hartuz hitza hartu zuen: “Aurreko agintaldian askotan azpimarratu izan genuen Udalaren egoera ekonomikoa zaila zela. Neurriak hartzea ezinbestekoa izan zen egoerak okerrera egin ez zezan. Zentzu horretan, egoera ekonomikoari begira pasa behar izan genuen kasik agintaldi osoa. Neurri zuzentzaile horietako askok herritarren egunerokoari eragin zieten, baina gaurkoan azpimarratu nahi dugu, jasandako guztiak jasanda, egoera ekonomikoa onbideratzeko norabidean jarri garela”. 

Bideoa: Aldagai ekonomikoak 

Frogagiri modura, datu zehatzak eskaini zituen Agustin Alberro zinegotziak. Datuak aletzen hasita, gastu korrontea arintzen doala dirudi. Itotze egoera bizi izan zen duela zazpi urte, Udalak jasotako diru guztia gastura bideratzen baitzen. Zorpetzea ere murriztuz doa, eta aurrezki garbia nabarmen handitu da. Inbertsioak egin ahal izateko datu onak dira. Altxortegia ere pixkanaka betez doa, balio negatiboetan egon eta gero.

Carrere alkateak azken urteotako bidean sakontzeko deia luzatu zuen: “Gaur gaurkoz eskuartean ditugun datuak baikor izateko modukoak dira; baina etorkizuna oparoa izan dadin, bidea lantzen jarraitu behar dugu”. Udal aurrekontuak aurrera atera izana oso lagungarria izan dela aitortu zuen: “Argi dago gobernu taldeak ardura handia duela Udal jardueraren martxa bermatzeko garaian, baina ardura hori konpartitua ere bada neurri handi batean. Nolanahi ere, aurreko agintaldian faltan bota genuen konplizitate hura agintaldi berriarekin badugula ematen du, eta horrek onuradun bakarra dauka: Andoaingo herritarrak”.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!