Non ote da Mendoza familia? Galdera horixe etorri zaio burura bati baino gehiagori azken aldian. Bada, Santiago Mendoza eta Juanita Escribano bikotea eta Virgilio semea Alacanten bizi dira aspaldiko urteetan. Txurreria 1996ko Santa Krutz jaien ondoren itxi zuten betiko. Virgilio ezkondu eta Alacanten lanpostua topatu zuenez, hara joatea erabaki zuten, eta hantxe bizi dira geroztik.
Ama dabil pattal samar osasunez, orain hamalau bat urte ictusa jasan zuenetik, baina gainontzerakoan ez dute baztertu betiko umorea, Kaleberriko txurrerian bezeroekin tratuan erakusten zuten huraxe bera.
Poz ederra eragin die liburuan bi argazkiak agertu direla ikusteak. Virgiliok Aiurriri adierazi dionez, bihotzean daramatzate Andoaingo herria eta bertako herritarrak. “Ez dugu galdu harremana gure betiko lagunekin. Neroni, urtean bizpahiru txandatan azaltzen naiz herrian, eta gurasoak telefonoz aritzen dira adiskideekin; Andoaingo berriak jarraitu, jarraitzen ditugu, nahiz eta urrun, kilometro askotara bizi”.
Ohartuta daude liburuko argazkiak direla eta andoaindar askori piztu zaiela jakin-mina Mendoza Escribano familiaren gainean. “hiruron partetik, jakin bezate guztiek ere besarkadarik beroena luzatzen diegula. Emozioa piztu zaigu argazkiak ikusterakoan, Andoain zenbat maite dugun frogatzeko baliagarria izan da”.
Santiago eta Juanitaren txurreria mitikoa
Santiagok eta Juanitak 1959an ireki zuten. Biak ere emigranteak ziren. Gizona Santiago Terrinches (Ciudad Real) herrian jaio zen, eta gaztetan Nafarroara abiatu zen lanera lehenbizi. Handik, Andoainera etorri zen, Plazaolako trentxikia hartuta. Lanbide askotatik igaro zen bertan: okina izan zen Arratibelenean, eta hiru enpresetan jardun zuen ondoren, Intex, Moleda eta Silenen. Azken horretan hartu zuen erretiroa.
Juanita, berriz, Fuentepelayon (Segovia) jaio zen, eta gaztetan Madrilera joan zen zerbitzera. Familia aberats baten etxean lanean aritzen zen, eta udan haiekin Donostiara etortzen zen. Txikierdin famatua zen dantzaldietako batean Santos ezagutu zuen. Ezkondu eta Andoainen bizitzen jarri ziren.
1996ra arte jardun zuten txurroak egiten eta saltzen. Santosek txurroak frijitzen zituen eta Juanita haiei azukrea gehitzeaz eta salmentaz arduratzen zen. Semea laguntzaile izaten zuten edozertarako.
N1 errepideak oraindik Andoain erdigunea zeharkatzen zuen garaietan, makina bat autok geldialdia egiten zuen bertan; txurroak erosi eta bidean jatea zuten usadio askok, ibilaldia gozoagoa bihurtzekotan.
Asteburu eta jaiegunetan irekitzen zuten; urrian ekiten zioten denboraldiari, eta Santa Krutz jaiekin amaitu.
Behin betirako itxita, txurreri postua txatarretara bota zuten. Nolanahi ere, oraindik Alacanteko etxean gordetzen dituzte txurroak egiteko eta patata frijituak zuritzeko eta mozteko orduan erabiltzen zituzten makinatxoak. Virgiliok serio adierazi duenez, “hortara jarriz gero, oraindik txurro ederrak egingo genituzke makina horiekin”.
Andoaindarren gogoan daude
Txurreria leku estrategikoan kokatzen zen: Norteko trenbidearen azpian, eta Kaleberria eta Olagain auzora eta Leitzaran bailarara doan bideak eta Kaleberriak bat egiten duten paraje horretan. Nahiz eta txurreriaren arrastorik ez egon, “txurreria” hitza aipatu hutsarekin zein leku adierazi nahi den Andoaingo jende askok ulertzen du... Dudarik gabe, ondo txertatuta geratu zen urtetan aurrera doazenen andoaindarren iruditerian.
Badira inguru horretatik pasatzerakoan txurro beroen usain gozoa sentitzen dutenak, oraindik.
Mendoza txurreriaren istorioa ez da letra larriz pasako Andoaingo historiara, baina aipamen hutsak oraindik andoaindar ugariren bizipenak eta sentimenduak pizten dituela ikusita, ekimen bat jarri nahi da abian etorkizunean ere andoaindarren memorian bizirik jarrai dezan, orain baino modu ikusgarriagoan. Bultzatzaileetakoa Txanka Arruti andoaindarra da, eta txurreriaren inguruko bizipen ezberdinak jaso eta bere oroimena luzaroan irauteko zereginean murgilduta dabil.