Larunbatean Alkizan jokatuko dira XIX. Aiztondo Topaketako finalak

Otsailaren 21ean hasi zen XIX. Aiztondo Pilota Topaketen final handiak larunbat honetan Alkizan jokatuko dira arratsaldeko 16:00etan hasita. Topaketa hau beste behin ere Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du, Amasa-Villabona, Aduna, Asteasu, Larraul, Alkiza eta Zizurkilgo herrietako pilota taldeekin elkarlanean:

Sei final handi hauetako protagonistak honako hauek izango dira: Aurrebenjaminetan eskuz binaka Amasa-Villabonako bi bikoteren artean jokatuko da txapela. Oñate-Sarasola bikoteak Arrieta-Unanueren aurka jokatuko du. Benjaminetan eskuz binaka, berriz, txapela Adunara joango da, bi bikote finalistak ere herri berekoak direlako. Aristeta-Zabala bikotea Iparragirre-Cestauren aurka arituko da.

Alebinetan eskuz binaka, aurreko bi finalen bitxikeria berak jarraituko du. Bi finalistak  herri berekoak izango baitira: Asteasukoak. Agirre eta Huitzi, Lanzeta eta Tapiaren aurka lehiatuko dira.

Eskuzko azken eta 4. finalean infantil mailakoek jokatuko dute. Bikote nahastuak izango dira finalean. Alkizako Sorarrain eta Zizurkilgo Perurenak, Alkizako Gorostidi eta Ugartemendiaren aurka jokatuko dute.

Bosgarren eta seigarren finaletan neskak palaz ariko dira.

Alebinetan, Adunako Irati Tejeria eta Leire Zubeldiak Asteasuko Jone Arrieta eta Iraia Leon izango dituzte aurkari eta infantiletan Villabonako Maddi Urdanpilletak eta Asteasuko Libe Elizegik Larraulgo Uxue Aranburu eta Asteasuko Helene Usabiagaren aurka jokatuko dute.

Sarrera doakoa izango da eta pilotazale guztiak gonbidatuta daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!