"Organoa eta lagunak" entzuleen gozagarri

Kontzertu bikaina suertatu zen "Organoa eta lagunak" izenburuko emanaldia. Bostehundik gora pertsona erakarri zituen San Martin elizara, eta 1.636 euro bildu ziren Juneren Hegoak elkartearentzat.

[Argazkiak ikusgai]

Entzumenaz gozatzeko aukera eduki zuten entzuleek, ordu bete iraun zuen kontzertuan. Ana Belen Garcia musikariak doinu zoragarriak eskaini zituen organo zaharrarekin; udal musika eskolako abesbatzetako kantariek (gaztetxoek, gazteek eta helduek) ahots fin eta sendoak dauzkatela erakutsi zuten Katrin Iturralderen agindupean, eta Mikel Emezabal zuzendari duen udal musika eskolako banda ere ez zen atzean geratu bikaintasunean. San Martin elizaren aparteko sonoritateak gainerakoa egin zuen, emanaldi gogoangarria irten zedin.

Formatu berritzailea zen larunbatean proposatu zena, arriskuz beterikoa, elementu askoren uztartzea eskatzen baitzuen. Gauza horrela, oso pozik agertu ziren antolatzaileak kontzertuaren amaieran. Errepertorio anitza eskaini zen pieza klasiko eta garaikideen eskutik, eta egoki uztartu ahal izan ziren Andoaingo J. Merklin markako organo erromantizistaren soinu ezaugarriak eta udal musikako ahotsak eta musikarien doainak. Are handiagoa izan zen antolatzaileen poza, jakin zutenean Juneren hegoak elkartearentzat 1.636 euro bildu zirela. Haurren minbiziaren alde jarduten du elkarte horrek Gipuzkoan.

Musikari ugari eta bikain askoak dauzka Andoaingo herriak, eta azken urtetan proposamen erakargarriak eta kalitatezkoak eskaintzen ari dira elkartzen diren bakoitzean, musikazaleen gozagarrirako beti ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!