Aizkora desafioa jaien hasieran

Aparteko aizkolari desafioa iragarri da Santa Krutz jaien hasierarako: Egoitz Gorostegi “Txatarras” eta Jon Arizmendi gazteak aizkoran arituko dira, aurrez aurre. Harrituta daude desafioak piztu duen ikusminagatik.

Elkarrizketa:

Apustua dela eta hasi dira trebatzen aizkorarekin; aurretik, sutarako egurra mozten aritu izan dira, ez gehiago. Izatekotan ere, Jonek hartua du aizkora lehenagotik, bere lantokiko lankideekin: “Joseba Otaegi aizkolari zizurkildarra lankide dut, eta behin, desafioa egin genion elkarri: hark zortzi kanaerdiko eta nik bakarra, ea zein zen azkarragoa”. Erdi txantxetan hasitakoa, serio amaitu zuen. “Lankideen arteko kontua izan zen, inongo publizitaterik eman gabe. Berak irabazi zidan; aisa aritu zen, eta nik, ordea, ordu erdia behar izan nuen bakarra ebakitzeko”.
Desafio hura aitzakia polita bihurtu zen oraingo hau piztu zedin, Egoitzek gogoratu duenez, “parranda batean sortu zen gure artekoa: Otaegirekin eduki zuena kontatzen ari zela sumatu nuen Jon; ni erne jarri nintzen bazterretik entzuten. Halako batean, euren arteko elkarrizketan sartu, eta tentatu egin nuen; baiezka eta ezezka hasi, eta berehala agertu zitzaizkigun idazkariak eta xaxatzaileak inguruan, papera eta boligrafoarekin apustuaren baldintzak idatzi eta hura sinatzeko esanez. Bertan lotu genuen apustua”.   

Hurrengo goizean, Egoitzek Joni mezua bidali zion, “gogoratzen bart gauekoa? Serio doa gauza, ezta?”. Biek argi zeukaten aurrera egin behar zutela, eta aginduari eutsi diote, nahiz eta hasieran oso ondo jakin ez zer nolako langintzan sartu ziren. Desafioa 2016ko urrian lotu bazuten ere, azken bizpahiru hilabeteetan ekin diote jokoa prestatzeari.   
Jon Arizmendik Joseba Otaegi lankidea hartu du prestatzaile gisa, eta Egoitz Gorostegik Patxi Astibia leitzarra. Leitzaraino joan behar izaten du Egoitzek, aizkoran ikastera: “kale erdian egiten ditugu saioak. Herri guztiak dauka gure apustuaren berri, eta jubilatuak-eta ikustera hurbiltzen zaizkigu. Kontuz ibili beharra dago Leitzan, ia denak baso lanetan ibilitakoak baitira. Errespetuz segitzen dituzte gure saioak hala ere, barrerik egin gabe ni bezalako kalekume bati”.

Nor bere aldetik ari da prestatzen; eurek ez daukate elkarren berri izpirik eta gutxiago ingurukoek. Ezjakintasun horrek apustuari emozioa emateaz gain, faboritoa nor izango den argitzea nekeza da.

Apustu giroa
Afaria jarri dute jokoan, ez gehiago. Jaietan giroa sustatzearekin konformatzen dira, eta bide batez, herri kirolekiko zaletasuna pixka bat sustatzearekin. Ez zuten uste, ordea, desafioak horrenbesteko ikusmina eta zalaparta eragingo zuenik: “Ohartuta gaude aizkolari profesionalen erakustaldi batek baino jende gehiago erakarri dezakeela herriko bi xelebreen arteko desafio batek”, aitortu du Jonek. Lankideak ere adi-adi daude: “50 euro edo antzeko kopururen bat ari da jendea jokatzen, bata edo bestearen alde. Lantokian esana didate erdi txantxetan, argi ibili ez badek irabazten!”.

Diruaren eta apustuaren gainetik, plazan itxura ona eman eta ikuskizun polita eskaintzen saiatuko dira biak. Daukaten guztia emango dute plazan, baina galdu arren pozik erretiratuko direla ziurtatu dute. Egoitzek argi hitz egin du: “enborretan eta aizkoratan dirua jarri dugu, eta  alde horretatik biak galtzen aterako gara. Baina ni behintzat   ez naiz egindako bideaz damutzen. Oso gustura aritu naiz orain arte, aizkoraren kontua oso bizipen polita izan da”. Jon ere ez da atzean geratu: “Batzuk kiroldegian ez dakit zenbat diru xahutzen duten bezala, guk gauza bera aizkorarekin”, adierazi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!