Urte batzuk geroago, Auspoa argitaletxeak liburua argitara eman du. Urtarrilean egin zuten liburu horren aurkezpen ekitaldia Basteron, Pello Esnal idazlearen eta Elixabete Garmendia kazetariaren parte hartzearekin.
Hiru hilabete geroago, Iñistorrak Urnietako idazlearen eleberria Urnietan bertan aurkezteko ardura hartu du, Liburuaren Nazioarteko Egunaren ekitaldien baitan. Datorren apirilaren 27an izango da, asteazkenarekin, Lekaio kultur etxeko areto nagusian. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da aurkezpena eta Joxemari Iriondo eta Pello Esnal Auspoa argitaletxeko kideek hartuko dute parte.
Andoaingo Merdilegi baserriko seme zen Joxinixio Etxeberriaren ibilerak kontatzen dira eleberri horretan. Iriondok liburuaren aurkezpenean esan zuen bezala, “euskara bikainean idatzitako nobela laburra da. Historiaren mamiak zein kontaerak, biak ere bizitasuna ematen baitiote nobelari”.
Pello Esnalek bere aldetik, Andoaingo aurkezpenean aitortu zuen Atxagak bikain deskribatzen duela garai hartako giroa, Andoaingoa zein Gipuzkoa zein Bizkaiko fronteetakoa: “Liburuan historiak hamaika hilabete eskas irauten du. Merdillegi baserrian hasten da eta baserritar, euskaldun eta bertsolari den Joxinixiok gerra giroan egiten dituen urratsak kontatzen ditu”.
Liburua eskuragarri izango da aurkezpen ekitaldian.