Mikel Goenagari esker oneko ekitaldi beroa Sorabillan

Mikel Goenaga apaizak hamabi urte (1984-1996) egin zituen Andoainen apaiza gisa, eta denbora horretan arrasto sakona utzi zuen bertako herritarrengan, igandean eskaini zioten omenaldian frogatu ahal izan zen bezala.

[Argazkiak ikusgai]

 

Erretoretxean Xabier Laka artistak egindako plaka bistaratuz ekin zitzaion ekitaldiari. Meza heldu zen ondoren. Manuel Oiartzabal apaizak sermoian adierazi zuenez, Mikel Goenaga oso kristau koherente eta zintzoa izan zen, Jainkoaren predikuak azkenetaraino betetzen saiatu zena bizitza osoan.
San Martin eliza lepo bete zuten herritarrek eta lagunek "Xalbadorren heriotzean" kantatu zutenean heldu zen unerik hunkigarrienetakoa.
Elizkizuna amaiturik, ekitaldi zibila etorri zen. Mikel gertutik ezagutu zuten pertsona eta elkarteek (Askagintza, Munilla aisialdi taldea...) hitza hartu zuten, eta zein baino zein hunkituago, emozioari ezin eutsirik, Mikelen bizi jarrera eta eginak goratu zituzten.
Batik bat, bi giza balio azpimarratu nahi izan zituzten berarengandik: kristautasuna erarik konprometituenean bizitzeko transmititu izan zuen eredua, eta gizarteko baztertuenekin erakutsi zuen mugagabeko eskuzabaltasuna.
Drogen munduan murgilduta ibili ostean preso soziala izan zen pertsona batek pasadizu batekin laburtu zuen Mikelen nortasuna: "Martuteneko kartzelan nengoela, gogoratzen naiz Mikel astero etortzen zen kartzelara bisitan, eta beti egoten zen prest edonori laguntzeko. Kartzelan sartzen zenean, preso guztiok berarengana jotzen genuen, laguntza eske. Baziren presoak ez zeukatenak ezta itxurazko oinetakorik janzteko, eta Mikelek, berak jantzita zeuzkanak ematen zizkien. Behin, elegante jantzita azaldu zitzaigun, eta bisita egin eta gero, kartzelatik, goitik behera dena aldatuta atera zen! Kartzela zaindariak denak, haiek bai harrituta, ez baitzuten tutik ulertzen!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!