"Organoa eta lagunak" emanaldia

Andoaingo udal musika eskolako banda eta hiru abesbatzak San Martin Elizako organoarekin uztartuko dituzte larunbat arratsean, ez ohiko kontzertua eskaintzeko. Doinu klasikoak eta modernoak uztartuko dira eta Andoaingo herrian dagoen musika aberastasuna beste behin erakusteko balio izango du.

Kontzertua berritzaile eta erakargarria egiten duten osagarri ugari bilduko dira San Martin elizan larunbatean: Katrin Iturraldek zuzentzen dituen Udal musika eskolako hiru abesbatzak (gaztetxoak, gazteak eta helduak), Mikel Emezabalek zuzentzen duen udal musika banda, eta, Ana Belen Garcia organoan.

Garcia organojoleak azaldu du kontzertu bereziaren zergatia: “bi helburu nagusi planteatu ditugu emanaldia antolatzeko orduan. Andoaingo herriak daukan organoaren ezaugarriak bistan jartzea lehena, eta bigarrena, Andoainen dauzkagun abeslari eta musika joleek elkarrekin emanaldia ematea. Denak uztartu nahi izan ditugu eta horrexegatik jarri diogu “organoa eta lagunak” izenburua kontzertuari”.

Ordu beteko iraupena izango du saioak, eta errepertorioak baditu harribitxi ugari, doinu klasikoak eta modernoak nahasten direlarik.
Kontzertuak zati ezberdinak izango ditu. Koroan musika banda egongo da, Ana Belen organojolarekin batera; hiru abesbatzek, berriz, bi lekuetan jardungo dute: elizaren aldarean eta koruan. Koruan hiru kamera eta aldarean pantaila handia ezarriko dira, eta azpiegitura tekniko horri esker, koruko abestiak ere zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango du publikoak. Hiru kamarek koruan gertatzen ari den guztiaren ikuspegi ezberdinak eskaintzeko aukera emango dute, publikoak, kontzertua entzuteaz gain irudi bidez aurrez aurre eduki ditzan musika joleak, instrumentuak, organoaren teklatuak, organojolealen hatzak eta oinak mugimenduan...

ORGANOAREN KALITATE BIKAINA
Andoaindarrok kalitate handiko organoa edukitzeagatik pribilegiatuak garela adierazi du Ana Belenek. “Mekanikaren aldetik, soinaren aldetik... egundokoa da. Organojole ugari ditu Andoaingoak, elizkizun ezberdinetan txandakatzen direnak. Besteak beste, Begoña Mujika, Miryam Ulanga, Juan Luis Urmeneta, Lontxo Oiartzabal eta Ana Belen. Igandero bi meza egokitzen zaizkio azken honi; ahal duenetan jotzen du hala ere, Donostiako Santa Maria Basilikako organojole titularretako bat baita.  Ana Belen organoak publiko zabalarengan gerturatu nahian dabil aspaldiko urtetan. Bere moldagarritasuna aldarrikatu ohi du, beste edozein instrumentuekin egokitzeko daukan erraztasuna alegia. “Jendeak maiz pentsatzen du organoa soilik elizaren musikarako balio duela, baina ez dela hala. Nik egin izan ditut kontzertuak hainbat instrumentu ezberdinekin: txalaparta, klarinetea, akordeoia, biolina... Jendea harrituta geratzen da, eta gozatu egiten du, musika arloan gauza berri baten testigu izan delako”.

Kontzertua amaitu osterako, Ana Belenek gonbidapena luzatu die entzuleei. “Beldurrik gabe etor daitezela Korura. Elizako eskailera estuak igo eta organora hurbildu daitezen animatu nahi ditut. Ohituta nago Gipuzkoako organo ezberdinekin egin ohi ditudan emanaldi pedagojikoetan jendearen edozein galderari erantzuteko, teklatua ukitzeko... Gustura erakutsiko dizkiet organoaren sekretuak”.
Gonbidapena, larunbateko kontzerturako ez ezik organoa erabiltzen den aldi guztietarako luzatu du Ana Belenek.

Azkenik, aipatu beharra dago musikariek musutruk jardungo dutela, eta doakoa dela sarrera. Bukaeran, bertaratzen direnei ikusleei aukera emango zaie borondatea utzi dezaten, irteeran jarriko den saskian. Haurren minbiziaren alde jarduten duen Joneren Hegoak izeneko elkartearentzat izango da jasoko den diru guztia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!