Eneko Agirre txakurrak lagun hartuta, kirolean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 22a, 02:00

Korrika, bizikletaz, patinetean, eskien gainean edo lerarekin, modu askotara egiten du kirola Eneko Agirre zizurkildarrak. Lagun fidelak izaten ditu beti alboan, txakurrak. 

Txakurren laguntzarekin korrika, eskiekin, lera gainean, etab, ibiltzen zara. Nola murgildu zinen mushingaren munduan?

Arraun mundutik nator ni, baina etxean bagenuen txakurra, eta betidanik gustatu izan zait Pirena. Pirinioetan txakurrak lerei tiraka egiten zen lasterketa zen Pirena. Internet bidez jakin nuen txakurkrosak ere bazirela. 2007an ikusi nuen lehendabiziko aldiz, eta hurrengo urterako, txakurrarekin korrika egiteko behar nuen arnesa erosi, eta korrika parte hartu nuen Pirenan. Donostiako arraun elkarteko patroia zen Juan Mari Lujanbio mundu honetan zebilen dagoeneko. Estropada batean elkartu, eta txakurkrosaren inguruan hitz egiten hasi ginen. Horrelaxe erabaki nuen arrauna utzi eta txakurkrosaren munduan sartzea. Hasieran korrika, gero bizikletaz eta patinetean, eta aurreraxeago eskiekin. Azken urte honetan, berriz, lerarekin hasi naiz. Txakurkrosa izan zen niretzat mushingaren munduan sartzeko bidea. 

 

Goruntz doan kirola al da txakurkrosa?

Bai, geroz eta jende gehiago dabil. Korrika, patinetearekin, edo bizikletaz; kategoria ezberdinetan dabil jende mordoa. Lerarekin ibiltzea zailagoa da, material eta txakur gehiago behar delako. Nolanahi ere, kategoria guztietan ari da sortzen zaletasuna. 

Elur-lerarekin ere ibiltzen zara. Kontaiguzu…

Bai, txakurkrosarekin hasi, eta mundu horretan murgilduta, elur-lerarekin lehiatzera iritsi naiz. Aurten, esaterako, Norvegiako Valgaude txapelketan izan naiz. Elurra oso baldintza txarretan zegoen, baina oso esperientzia berezia izan zen. Berez, hamar egunetako ibilaldia izaten da, baina baldintza txarren eraginez, zortzi egunetan bakarrik izan genuen lerak ateratzeko aukera. Antolatzaileek lan ikaragarria egin zuten ibilbidea ahalik eta baldintza onenean mantentzeko, eta oso esperientzia polita izan zen. Distantzia erdiko kategorian lehiatu nintzen, horrek esan nahi du etapa bakoitzak 25 kilometro inguru dituela. Eguraldia zela eta, ordea, etapak laburtu egin zituzten eta horrek nire alde jokatu zuen, orain arte sprint kategorian aritu izan naizelako. Hirugarren postuan amaitu nuen, gustura. 

Elur leraren mundua bete-betean bizi duen jendea ezagutu nuen Norvegian. Parte hartzaile asko ginen, eta horietako askok festa gisa bizi zuten. Mozorrotuta ateratzen zen gizon bat ezagutu genuen, setter arrazako txakurrekin ateratzen zena. Labradore arrazako txakurrekin zebilen emakume bat ere bazegoen. Txapelketa berezia da hura, eta oso esperientzia polita izan zen.

 

Munduko txapelketan ere parte hartu izan duzu…

Bai, eskiekin hartu nuen parte. Espainiako txapelketan bigarren geratu nintzen, eta horrek eman zidan mundialerako txartela. Hamaseigarren postuan amaitu nuen. Nire froga amaituta, Itoitz Armendariz adiskideari laguntzera geratu nintzen. Lerarekin lehiatu zen bera, eta normalean laguntzaile bat izaten dute alboan. Munduko txapeldun geratzea lortu zuen Itoitzek. 

Aurtengo neguan, berriz, Europako txapelketarako sailkatu ginen, baina Norvegian zen, eta sekulako dirutza behar da hara joateko. Bi egunetako konpetiziorako, ez du merezi horrenbesteko bidaia egitea. Horrez gain, Europako txapelketa baino izen handiagoa duten beste lasterketa batzuk badaude; Norvey trail, esaterako. Txirrindularitzaz ariko bagina, Munduko txapelketa eta Tourra alderatzearen antzekoa litzateke; denok gogoratzen gara nork irabazi zuen Tourra iaz, baina gutxiagok dakite nork lortu zuen munduko txapeldun izatea. 

Norberaren indarra edo txakurrarena, zer da garrantzitsuagoa?

Kategoriaren araberakoa da hori. Txakurkrosean, erdibanakoa izan daiteke. Bizikletarekin doazen kasuan, txakurrak egiten du lanaren %60a, eta patinetearekin lehiatzen direnen kasuan, txakurrarena da lanaren %70a. Zortzi txakurrek tiratako leraren kasuan, ezer gutxi egiten du gizakiak. Txakurrak kontrolatzen jakin behar du gidariak, baina ez du aparteko lan fisikorik egiten. Kasu horietan oso garrantzitsua da txakurren entrenamendua. Ohikoa da, esaterako, 12 txakurrekin doazen gurdien edo leren gainean, 60 urtetik gorako jendea ikustea. Behar-beharrezkoak diren bi baldintza betetzen dituzte horiek; txakurrak entrenatzeko denbora, eta dirua. Esperientzia ere oso premiazkoa izaten da horrenbeste txakurrekin lan egiteko orduan. 

 

Zenbat ordu eskaintzen diezu txakurrei?

Asko. Astean hiruzpalau aldiz joaten naiz txakurrekin entrenatzera. Quadarekin joaten naiz mendi aldera; Andatzara, Leitzaranera, Aldabara..., eta kilometroak egiten ditut. Denboraldia gerturatzen ari den heinean geroz eta entrenamendu saio gogorragoak sartzen joaten naiz eta neguan, elurretara joaten naiz. Entrenatzeaz gain, ezinbestekoa da txakurrak ondo zaintzea. 

Txakur hauek kirolari petoak dira. Bereziki zaintzen dut haien elikadura; ez diet pentsurik ematen, ez dakidalako ziur zein osagai duten. Nahiago dut egunero eltzekoa prestatzea; haragia, arroza eta barazkiekin osatua. Txakurrekin bidaiatzeko garaian ere, eroso eramatea gustatzen zait; kontuan hartu behar da kirolariak direla, eta ondo zaindu behar direla euren giharrak, baita garraiatzeko garaian ere. 

Zenbaitek pentsa dezake txakurrek behartuta egiten dutela korri, baina oso gustura egiten dute. Ikusi besterik ez dago irteera puntuan izaten duten grina eta tiratzeko gogoa. Husky eta ehiza txakurren arteko nahasketatik sortutako txakur alaskanoak izaten dira mushingean ibiltzen direnak eta berezkoa dute tiratzeko sena. Beste arrazatako txakurrekin dabilenik ere badago, nolanahi ere. Eta, txakurkrosean, edozein arrazako txakurrak atera daitezke, korrikalariaren aurretik joatea da lasterketetarako baldintza nagusia. 

 

Kirol garestia al da mushinga?

Materiala, txakurraren txertoak, elikadura, bidaiak…, kalkuluak egiten hasiko bagina, utzi egingo genuke. Nik sei txakur ditut orain eta, esan bezala, ondo zaintzea gustatzen zait.

Duela zenbait urte, gauza itsusiak egin izan dira txakurrekin. Txakur asko edukitzen zituen jendeak; lehiarako onak zirenak ondo zaintzen zituzten, eta gainerakoak ez horren ondo. Pirena lasterketa entzutetsuaren inguruan dirutza mugitzen zen eta talde asko zegoen lasterketa horri begira. Amaitu zenean, hurbil zegoen lasterketa bakarra amaitu zen eta jendeak txakurrak kendu egin zituen, edozein modutan. 

Alemanian eta beste zenbait herrialdetan oso zorrotzak izan dira txakurren zaintzan. Hemen ere geroz eta gehiago zaintzen dira, baina gure aurrekoek oso fama txarra jarri digute. Alemaniako zenbait txakur-hazlek, esaterako, ez dute txakurrik saltzen Espainiara, oso gauza itsusiak egin izan direlako. 

 

Zein da kirol honen etorkizuneko erronka nagusia?

Oraindik kirol berria da txakurkrosa, eta arauak argitzen joan behar dugu. Nire ustez, garrantzitsua da parte hartzaile guztiak federazioan sartzen joatea. Edozein arazoren aurrean, segurtasun handia ematen du federazioko kide izateak. Horrez gain, jendeak garbi eduki behar du material egokia erosi behar dela; txakurrarentzako arnesa, lokarri elastikoa, gerriko egokia…, gauza horiek ondo zaindu behar ditugu, txakurrak modu egokian joan daitezen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!