Etxerako uzta freskoa, herri baratzeei esker

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 22a, 02:00

Amasa-Villabonako Udalak, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, erabilera publikoko baratze parkea sortu du Amasako igoeran. 39 baratze izango dira.

Aisialdi aktiboa sustatzeaz gain, herritarren bizitza kalitatea hobetzeko gune berria sortzeko asmoz edota nekazaritza ekologikoa bultzatu eta erabiltzaileengan nahiz haurrengan naturarekiko errespetua sustatzeko helburuarekin jarri da abian herri baratzeen egitasmoa. Baita, gizarte talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatu eta Villabonako baratze parkea, parke sarearen baitan sartzeko asmoarekin ere.

 

Norberaren kontsumorako

30 m2tik 55 m2ra bitarteko tamaina izango dute partzelek. Eskaeraren arabera, horietatik 20 langabetuei zuzentzea aurreikusten da, 2 elbarrituei eta 17 gainerakoei. Hala ere, eskaerak aztertutakoan antolaketa hori molda daiteke, “langabetu gutxiagok izena ematen badu, gainerakoentzat partzela gehiago izango da”, zehaztu du Eneko Urdangarin ingurumen zinegotziak. Era berean, 39 eskaera baino gehiago jasoko balituzte, zozketa egingo litzateke banaketa egiteko eta partzela egokitzen ez zaienen izenekin poltsa osatu. Baratze ekologikoak izango dira eta herri baratzeetan izena ematen dutenek hainbat konpromiso hartuko dituzte bai Udalarekin nola Ekogunearekin. “Esaterako, ezingo dira edozein lekutan erositako landareak landatu, Ekoguneak ekarritako landareak soilik. Urtean bederatzi txandatan etorriko dira landareak ekartzera eta beste hainbatetan baratzeen kontrol lana egitera”, adierazi du Enekok. Baratzeetatik jasotako uzta norberaren kontsumorako izango da eta horixe da baratzezainak hartu beharko duen beste konpromiso nagusietako bat; ezingo dela etekin ekonomikorik atera bertan jasotako barazkiekin. “Asteartetan azokara etortzen diren baserritarrei mezu lasaigarria bidali nahi diegu; baratzetik jasotako produktuak ezingo dira saldu eta gainera, ez da haiei konpetentzia egiteko adina barazkirik jasoko hemen”, ingurumen zinegotziaren hitzetan. Partzela handienak, gainera, taldeei zuzenduta daude. Esaterako, Caritasek dagoeneko egin du eskaera eta haiek jasotakoa, beharrean dauden herritarrentzat izango da.

 

Etxola, ur depositoa, konpostagailuak

Baratzeen ondoan erremintak gordetzeko etxola eraiki da. Baratzeko jabeek euren tresnak gordetzeko aukeraz gain, etxolan bertan denen erabilerarako beste hainbat erreminta izango dituzte eskuragarri. Ur depositoa ere erabiltzaile guztien eskura egongo da, bertako urarekin baratzeak urezta ditzaten. Konpostagailuak ere ezarri dira eta bertan sortutako emaitzarekin ongarrituko dituzte lurrak. Parkearen sarreran bertako argazkia erakusten duten panelak jarriko dituzte. 

Parkeko baratzezain batzuk berriak izango dira, besteak ez. Batzuek modu ekologikoan lan egiten jakingo dute, besteek ez. Bada, guztiek izango dute bide hori ikasteko aukera, Ekoguneako kideek ikastaroak eskainiko baitizkiete, guztiek modu berean lan egin dezaten. Herri baratzeetako kideek talde berri bat osatuko dute herrian eta ordezkari bat izendatu beharko dute, besteak beste, Udaleko kideekin harremanetan egoteko.

 

Izen-ematea

Baratzea eskuratu nahi duenak udaletxeko harreran eman beharko du izena. Epea maiatzaren 3an amaituko da eta handik epe laburrera jakingo da nori egokitu zaion zer. Udaleko kideak izena eman duten guztiekin jarriko dira harremanetan araudiaren nahiz ikastaroen berri emateko. Baratzeak erabiltzeko 100 euroko fidantza jarri beharko du bakoitzak (erabilera amaitutakoan itzuliko da kopuru hori). Kuotak ere izango dira: Elbarriek: hilean 5€ / Langabetuek: 5€ / Elkarteek: 15€ / Beste erabiltzaileek: 10€. Baratzeen erabilera urtebetekoa izango da, lau urtera arte luza daitekeelarik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!