Gorostidi Harriaren X. edizioa, igande arratsaldean Adunan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 22a, 02:00

Urtzi Telleria, 30 urteko harrijasotzaile urnietarra da. Barru-barrutik bizi du zaletasuna. Apirilaren 24an, Adunako Gorostidi Harria txapelketan hartuko du parte. Bere ibilbidearen eta igandeko txapelketaren inguruan hitz egin du:

Noiz eta nolatan ekin zenion harria jasotzeari?

Aitarengandik -Luis Mari Telleria- datorkit zaletasuna, hura aritzen baitzen lehen eta ni ere ume-umetatik hasi nintzen. Aitarekin batera joaten nintzen emanaldiak zeuzkan lekuetara, eta inguruko auzoetan baldin bazituen, nik ere egiten nituen altxaldiak.

Urteak aurrera, izugarri gustuko duzu harria!

Bai, oso gogoko dut. Aitari ikusitakoaz gain, norbera hasten den garaian barrutik bizitzen da eta gertutik bizi duenak maitatu egiten du hau, gustura sentitzen baita. Ezingo nuke oraintxe harrijasotzerik gabe nire bizimodua imajinatu.

Azken bost urte hauetan asko jaitsi zaizkit erakustaldiak, gutxi egin ditut. Orain baditut bi hartuta eta ea aurtengo uda oparoa izaten den.

Gaztea zara eta ez ikustera ohituta gauden harrijasotzaileak bezain pisutsua...

Antzeko egitura dugu aitak eta biok, fibrosoak gara. Gaur egun jendeak, harrijasotzailea aipatuta, mutil handiak irudikatzen ditu: 100 kilo edo gehiagoko gizonak. Ni, berriz, 80 kiloren bueltan ibiltzen naiz. Harria jasotzeko pisua izatea komeni da, nire gorputzarentzat pisu handiko harriak mugitzen baititut. Bizpahiru mutil gaude 80 kiloz azpitik gabiltzanak. Guretzat 150 kiloko harria gure pisuaren bikotza da ia eta kosta egiten da altxatzea. Abenduan, bakoitzak bere pisuaren bikoitza jasotzeko apustua hitzartuta daukat Josetxo Urrutia leitzarrarekin eta ezin naiz orain kilotan igo. Ahal bada mantendu.

 

Pisuaz gain, zer behar da harria jasotzeko?

Teknika beharrezkoa da eta, batez ere, garrantzitsua da berezkoa izatea. Berezkoa duenak teknika erraz hartzen du eta landuz, gorputza pisura ohitzen joaten da. Indarra hartzen joan arren, norberak kiloak hartzen ez baditu, nabarmendu egiten da, harriak zenbat eta kilo gehiago izan, gehiago kostatzen baita.

 

Zein harri motarekin ibiltzen zara zu normalean?

Denetarikoekin: erreka harriak, bolak, kubikoak, zilindro moderno nahiz zaharrak, errektangular moderno nahiz zaharrak... Denetarik dago eta denera ohitu behar da, baina beti izaten dira harri gogokoagoak. Nik, adibidez, oso gustuko dut zilindro zaharra. Harrijasotzaile bakoitzak, ibili den harrien arabera, jasotzeko modu ezberdinak dauzka. Ni txiki-txikitatik zilindro zaharretara ohitu naiz eta horiexek ditut gogokoen.

Pisuari dagokionez ere, denetarikoak. Erakusketak egiten ditugunean 150ekoak ere eramaten ditut. Plazan itxura eman beharra dago eta pisu gutxiagoko harriekin batera, pisutxuak ere tartekatzen ditugu. Gainera, txapelketetako probei begira batez ere, primeran etortzen da horiekin erritmoa hartu izana.

 

Ez zara brometako pisuez hitz egiten ari...

Ez. Gazte batek 16 urterekin federazioko fitxa ateratzen duenean, gutxienez 100 kiloko harria ibili behar du 21 urtez azpiko txapelketetan ere. Hori da muga eta hortik gora egiteko gai izan behar dugu.

Nire ustez, momentu honetako harrijasotzailerik osoena Haimar Irigoien da eta gainerakoak haren inguruan gabiltza. Ni behintzat, txapelketetan nire maila ematen saiatzen naiz. Beti ez da erraza izaten, asko baldintzatzen baitu egoera fisikoak.

 

Zenbat harrijasotzaile zaudete uneotan Gipuzkoa mailan?

Dezente gara, baina txapelketa ofizialak egiten direnean, asko ez dira azaltzen. Adibidez Gorostidi Harrira mutil handiak joaten dira, baina Gipuzkoa maila exigentea da eta ondo prestatuta egon behar da.

 

Zer diozu zaletasunaz?

Zaletasuna mantendu egiten da, bai baitaude harrijasotzaile gazteak. Momentuan, egongo den gazteena Izetaren eskolakoa da, 19 urtekoa. Nire anaia gaztea bestea, 20 urtekoa. Horiek biak dira gazteenak, gero ikusi egin behar zein etorkizun datorren haien atzetik. Ni txapelketa ofizialetan hasi nintzen garaian ez nuen pentsatzen atzetik beste inor etorriko zenik, baina beti etortzen da norbait eta pozgarria da hori; bizirik dagoela esan nahi baitu.

 

Harrijasotzetik bizimodua ateratzea posible al da?

Ezta pentsatu ere. Hau zaletasun bezala hartu beharra dago eta oso zaletasun garestia da, gainera. Arropak nahiz harriak egitea asko kostatzen da eta horri gehitu mediku, masajista, laguntzaile, dieta, kilometraje... Ikaragarrizko erakustaldi piloa egin beharko genuke irabazia ateratzea, astero-astero, egunean pare bat. Baina ez dago halakorik. Ume gehienek gaur egun frontoira edo futbol zelaira jotzen dute. Guk harria izan dugu etxean eta hartara zaletu gara.

Gustatu, noski, izugarri gustatuko litzaidake harritik bizitzea, barru-barrutik bizitzen baitut. Dirua kirol guztietara ondo banatuta egongo balitz, beste kontu bat litzateke. Baina gaur egun dena futbolari ematen zaionez, pena da beste kiroletarako tarterik ez geratzea. Garai-garai batean apustuen bitartez harritik bizi ziren, baina gaur egun hobby gisa hartu beste aukerarik ez dago, ahal den arte.

 

Eta entrenatu, asko entrenatzen al duzu?

Giharrak lantzea komeni denez, astean bitan gimnasiora joaten naiz. Beste bitan harriarekin aritzen naiz eta astean behin mendira. Bost egunetan entrenatzen dut eta bi egun deskantsurako hartzen ditut. Aitak laguntzen dit harriarekin entrenatzen eta Haimar Irigoien, anaia gaztea eta hirurok elkarrekin aritzen gara gehienetan. Polita da lagun arteko giroan aritzea, motibagarriagoa. Tristeagoa eta gogorra da bakarrik aritzea egokitzen denean.

Apirilaren 24an Gorostidi Harriaren X. txapelketan hartuko duzu parte. Lehen ere aritu izan zara bertan... Zein izan da zure esperientzia?

2010 urtean hartu nuen parte aurreneko aldiz. Orduan 80 kiloz azpiko mutilentzako txapelketa jarri zuten eta txapela irabazi nuen. 2011n ez nintzen atera, baina 2012az geroztik, urtero hartu izan dut parte. Aurtengoarekin bost urte izango dira. Gipuzkoatik harrijasotzaile asko biltzen duen txapelketa da, zortzi/bederatzi izaten gara urtero, baita nafarren bat edota bizkaitarren bat ere. Giro polita sortzen da Adunan eta gustura joaten naiz. Orain bi urte azkena egin beharra egokitu zitzaidan eta nahiko gaizki pasa nuen. Etxean ondo entrenatuta joan nintzen, harria ondo jasoko nuelakoan, eta pena handia hartu nuen hala izan ez zelako. Psikologikoki ukituta utzi ninduen gertaera hark. Iaz, berriz, oso lan ona egin nuen eta gustura geratu nintzen. Aurten ikusi egin behar. Bost harri ditugu bakoitzari ahalik eta azkarren bina altxaldi emateko. Pisu handiko harriak dira. Urrutia eta biok bakarrik ibili beharko dugu gure pisuaren bikoitza eta gehiagoko harriarekin. Momentu honetan 79,5 kilotan nago eta harririk handiena 175 kilokoa da. Zenbaki handiak dira horiek eta gogorra izango da guretzat.

Txapelketak ez al dira harrijasotzailearen pisuaren arabera orekatzen?

Ez. Gure aita ibiltzen zen garaian bi kategoria zeuden: 80 kiloz azpikoa edo gorakoa. Orain, ordea, 80 kiloren azpitik ibiltzeko jenderik ez dago eta kategoriarik ez egotera mugatzen du horrek; denak kategoria berean biltzea, hain zuzen. Adunako txapelketan, esaterako, harriaren pisura gerturatzen den bakarren batek hartuko du parte. Haren pisuari edo Urrutia eta nireari begiratu, badago alderik.

Oso froga zorrotza izango da Adunakoa, kontzentrazio handia eskatuko duena. Garrantzitsuena, proba egunera nerbiotatik fresko ailegatzea da, bestela pisu horiekin huts egiteko arriskua daukat eta hori zigor handia litzateke.

Sari berezia ere izaten da Adunan: Iñaki Gorostidik 1982 urtean jaso zuen 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzen duenarentzat...

Meritua du Gorostidik zeukan pisuarekin harri hura esku bakarrarekin jaso izana. Baina garai hartan egindako marka, harri harekin entrenatuta lortu zuen. Guk ez dugu harri horrekin entrenatzen. Eguna iristean harria plazan egoten da eta nahi duenak hel diezaioke. Jasotzen duenak diru-saria izaten du, baina nor joango da hura altxatzera?

 

Gorostidi Harria, X. Txapelketa

Apirilak 24, igandea.

18:00etan Adunako pilotalekuan.

Bost harri desberdinekin lanean:
- 139 kiloko harri baldarra
- 150 kiloko zilindro zaharra
- 155 kiloko errektangular zaharra
- 160 kiloko zilindro zaharra
- 175 kiloko zilindro zaharra

Parte hartzaileak: Joseba Ostolaza, Josetxo Urrutia, Iban Ugartemendia, Kortaberri, Izeta III, Jokin Eizmendi, Izeta IV, Haimar Irigoien, Aimar Galarraga eta Urtzi Telleria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!