Loatzoko igoera-jaitsiera, igande goizean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 22a, 02:00

Datorren igandean, apirilaren 24an izango da Amasako Martina kultur elkarteak eta Uxo-Toki elkarteak urtero antolatzen duten Loatzoko igoera-jaitsiera entzutetsua:

Ia mende laurdena bete du lasterketak dagoeneko, XXIV. edizioa izango baita aurtengoa. Korrikalariak goizeko 10:30etan abiatuko dira Uxo-Toki elkartearen aurretik. Izen-ematea, –doakoa–, egunean bertan egingo da elkartean 09:00etatik aurrera. Amasako plaza, itsas-mailatik 90 metrora dago eta Loatzoko gaina 631 metrora. Loatzora igo eta berriro irteera tokira itzuli beharko du korrikalari bakoitzak, guztira, 9,730 kilometroko ibilbidea eginez. Arriskurik gabeko jaitsiera bada ere, antolatzaileek ez dute istripuen ardura bere gain hartuko. Proba jendetsua izan ohi da bai korrikalari nahiz ikusleen aldetik ere. Jende asko gerturatu ohi da Loatzo aldera korrikalariei animoak ematera eta aurten ere, urtero legez, antolatzaileek hamaiketakoa banatuko dute Loatzora igotzen diren guztien artean.

Sariak eta zozketa

Emakume nahiz gizonen mailan, lehen hiru sarituentzat sariak egongo dira: 120 euro eta txapela irabazleentzat, 80 euro bigarren iristen direnentzat eta 50 euro hirugarrenentzat. Horiek sari nagusiak, baina Loatzoko probaren amaieran, parte hartzaile guztien artean jaki nahiz produktu ugari zozketatzen da eta giro paregabea sortzen du horrek helmuga puntuan.

Parte hartze handia iaz

Mutilen artean Hassan Ait Chaou billabonatarrak jarria du errekorra, 42’49’’ denborarekin. Iaz, 74 parte hartzaile izan ziren, horietatik 11 emakumeak. Azken urteetako parte hartzerik handiena izan zen. Ismail Razga (43’18’’), Aitor Regillaga (45’41’’) eta Iñaki Añorga (46’’22’) izan ziren azkarrenak, mutilen mailan. Nesken artean, berriz, Aitziber Ibarbia zizurkildarra (52’41’’), Miren Otzerinjauregi (56’42’’) eta Onintza Mitxelena (57’12’’).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!