Goenagari omenaldia, igandean Sorabillan

Mikel Goenaga Telletxea apaiza gaixotasun baten ondorioz hil zen pasa den martxoaren 16an, baina haren gertuko eta lagunek gogoan izan nahi dute. Sorabillan omenaldi ekitaldia egingo diote igande honetan, goizeko 11:30ean hasita. Haren aldeko meza egingo dute Sorabillako elizan, eta, ondoren, omenaldi ekitaldi irekia antolatu dute.

Apirilak 24, igandea. Sorabilla. Egitaraua:
11:15 Plaka irekiera erretore etxean.
11:30 Meza.
12:30 Omenaldi ekitaldia frontoian.

___

Luis Escudero Ruiz de Larrinaga andoaindarra omenaldi ekitaldiaren antolaketan parte hartzen ari den kideetako bat da. Igandeko omenaldia, talde modura nahiz bakarka Mikel gogoan hartzeko unea izango dela adierazi du.

Nola sortu zen omenaldi ekitaldia egiteko ideia?
Luis Escudero. Bat-batean sortu zela esango nuke. Oso azkarra izan zen prozesua, bereziki hileta elizkizuna eta gero. Adiskideak eta ezagunak elkarren artean hitz egiten hasi, oroitzapenak biziberritzen jarri eta omenaldiari begira ideiak sortzen hasi ziren. “Ondo legoke zerbait egitea” adierazpenak entzuten hasi ginen, beste batek haren aldeko plaka jartzeko proposamena bota zuen... Azkenerako egokiena bilera deitzea zela ondorioztatu genuen.  Denen artean forma eman diogu omenaldi ekitaldiari. Santa Krutz jaiak gainean direla eta, datarekin estu samar ibili gara, baina azkenerako ekitaldia osatzea lortu dugu. Antolaketa prozesua ahalik eta irekiena eta parte hartzaileena izan da, bileretara hurbildu zaizkigunak bakarka edota taldeak ordezkatuz aritu dira.

Beharrezkoa ikusten zenuten omenaldia egitea...
L.E. Biltzen ari garenak bereziki berari esker ona adierazteko premia genuen. Bere galeraren mina hortxe dugu, baina ez genuke andoaindarren aurrean bere eredua ahazterik nahi. Andoaingo herriak Mikel oroitzeko aukera izatea beharrezko ikusten dugu.

Beragandik oso gertu egon zinetenoi entzunda, arrasto sakona utzi du zuengan...
L.E. Hamabi urtez aritu zen gure herrian, askorengan eragin handia izanik. Beste batzuk, gerora ere, Mikelekin harremanetan jarraitu genuen. Gazte ginen bera ezagutu genuenean, eta heldutasun aroaren hasieran harrapatu gintuen. Pertsona modura heldutasun hori lortzen lagundu zigun: batzuei fedearen bitartez, beste batzuei kultur mailan eta beste batzuei gizartearen alorrean.
Mikel deserosoa zen, zeure buruari etengabe galderak egitera eramaten zintuen horietakoa. Konpromisoa itsatsi zuen gutako askorengan.
Hortik aurrera hainbat lagun ekimen ezberdinetan mugitzen hasi ginen, berarekin eta bera gabe.
Gure belaunaldiarengan eragin zuen, baina baita beste alor askotan ere. Geldirik egoten ez zen pertsona horietakoa zelako.
Udalgintzan ere ekimen handia erakutsi zuen, batzordeetan parte hartzen baitzuen.
Hogeita bost lagun bildu zarete omenaldi ekitaldia antolatzeko. Kopuru polita da hori...
L.E. Askotxo gara, bai. Egin zuen lan guztiagatik eta herriari egindako ekarpenagatik esker ona emateko biltzen ari gara. Asko gara eta ikuspegi ezberdinak ditugu. Denbora gainera etorri zaigu, hori da pena, baina borondatea eta gogoa sobera ditugu. Igandekoa parte hartzeko ekitaldia izango da, talde modura antolatu dugun omenaldia da. Baina norberak Mikel oroitzen zuen bezala gogoan hartzeko eguna  ere izango da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!