Matxo tabernara sartzen denak, berehala antzemango du taberna horrek hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeikoaren hasieran Urnietan bizi-bizirik egon zen, Lourdes Iriondo eta Xabier Letek sortutako Buruntza antzerki taldearen arima eta bihotza bizirik mantentzen direla. Bartolok, tabernariak, bertako pareten dekorazioa, orduko kartel, prentsa artikulu, eta abarrez osatuta dauka. Mimoz zaindu, eta harrotasunez erakusten ditu.
“Gabon Txirrita” obrako protagonista nagusia izan zinen 1982. urteko emanaldietan. Zer oroitzapen duzu orduko hartaz?
Bartolo Orkaizagirre: Buruntza taldearen azken lana izan zen. Oso talde-giro polita genuen. Xabierrek banatu zituen paperak, Txirritarena niri emateko garaian ez zuen inongo zalantzarik izan, obra osoa buruz ikasi beharra izan nuen. Xabierrek gogor hartzen gintuen eta azken egunetan entseguak asko luzatzen ziren. Estreinaldi moduan, Eliz ondo zineman hiru emanaldi eskaini genituen. Sarrera guztiak salduta, jendea kanpoan geratu zen. Ondoren, emanaldi asko eskaini genuen, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, baita Araban eta Nafarroan ere. Gehienetan, antzokietan, eta hainbatetan, frontoietan ere bai, hori bai, beti mikrorik gabe.
Joxe Mari, zu Buruntza taldean aritutakoa al zara?
Joxe Mari Berasategi: Ez nintzen taldekoa izatera iritsi, adinean ni baino zaharxeagoak ziren taldekideak. Baina, gogoratzen naiz izeba Lourdesek ematen zizkidala halako papertxo txiki batzuk. Eta orduko “Gabon Txirrita” lanean ere egin nuen paper bat, hasierako emanaldietan aritu eta taldea utzi zuen aktore bat ordezkatuz.
Gabon Txirrita, izan zen Buruntza taldeak taularatu zuen azken obra?
B.O.: Bai, hala izan zen. Gaztetxo ginela hasitakoak ginen, baina, urteetan aurrera joan ahala, bakoitzari bere bizitza egiteko adina iritsi zitzaigun. Azkeneko emanaldia, oker ez banago, Oiartzungo frontoian eskaini genuen, Xabierren ama bertan zela.
Antzezlanaren grabaketarik egin al zen?
B.O.: Orduan martxan jarri berria zen ETBk, Bergarako emanaldia grabatu zuen. Saiatu izan gara grabazio hura lortzen, baina, inon ez dugu aurkitu. Badakigu, baita ere, Hernaniko Aitor zineman norbaitek bere kamerarekin grabatu zuela, baina, ez dugu horren berririk ere.
Joxe Mari, zer suposatzen du zuretzat obra honetan parte hartzeak horrenbeste herritarrekin batera?
J.M.B.: Aurrekoa barrutik bizitu ondoren, 34 urte geroago berriro taularatzeko horrenbeste jende prest dagoela ikustea gauza ederra da, gainera, osabak idatzitako obra bat izanik, arreba eta biontzat esanahi berezia du.
Nolakoa da taldearen lan giroa?
J.M.B.: Oso itxura ona dauka. Jendea, intentzioarekin ari da lanean. Orain, testua ondo-ondo barneratuta edukitzea garrantzitsua da, eta ikusitakoagatik badirudi bakoitzak berea emango diola egokitu zaion paperari.
Testua ondo ikasteko gomendiorik bai?
J.M.B.: Bakoitzak aurkitu behar du berari ondo doakion metodoa. Ez baitago denentzako baliagarria den metodorik. Egokitu izan zaizkit asko ikasi beharreko boladak, adibidez, telebistan egunetik egunera ikasi beharreko testuak. Horrelakoetan, oinez, pasiatuz ikasten nituen.
B.O.: Ni oso burugogorra izan naiz beti, eta gogoratzen naiz obra honetarako ikasi behar izan nituen bertsoak Xabierrek zinta batean grabatu zizkidala, eta denbora osoan kaskoak jantzita ibiltzen nintzen, behin eta berriz haiek entzunez. Oraindik ere bertso batzuk buruan dauzkat, eta uste dut betirako.
Joxe Mari, fiskala izango zara, nolakoa da zure papera eta nola aurkitzen duzu zure burua?
J.M.B.: Akusazio ugari eginez, Txirrita desegiten saiatzen da fiskala. Oso ondo ikusten dut nire burua. Gozatzen ari naiz hasieratik.
Honetaz gain, zer daukazu eskuartean?
J.M.B.: Jubilatuen etxeko antzerki taldearekin Donostian taularatuko dugun lan bat prestatzen ari naiz. Lehen Hezkuntzako umeekin ere jarraitzen dut antzerkitxoak prestatzen. Eta orain grabatuko den “Altzoko handia” pelikulan parte hartuko dut. “Loreak” filmean parte hartu nuen, eta hau ere lantalde berdinak egingo du. Espero dut “Loreak” bezalako ibilbidea izatea honek ere.
“Loreak” filmaren arrakasta, espero al zenuten?
J.M.B.: “Loreak”ekin harrituta nago, mundu zabalean ibili da, Oscarretaraino ere iristear izan da, eta gainera, euskaraz egina, eta euskaraz erakutsia, hizkuntza ezberdinetara soilik azpitituluekin itzulita, hori meritu handia da.
Non sentitzen zara ondoen, zineman, telebistan, antzerkian...?
J.M.B.: Goenkalen 12 urte egin nituen, eta gerora ere, gehienbat telebistan ibili izan banaiz ere, zinema erruz gustatzen zait. Antzerkiari dagokionez, duela urte batzuk Bilboko Arriagan “Joneren ametsak” antzezlanean protagonista papera eman zidaten. Eta orain, oso ondo etorriko zait antzerki lan hau egitea.
B.O.: Antzerkian, ez dago zineman edo telebistan bezala mozterik, hor frogatzen da benetako aktorea zein den. Iruditzen zait antzerkia askoz ere osoagoa dela zinema baino.
Buruntzako taldekideen artean, emanaldien atarian, urduritasun handia nabaritzen al zen?
B.O.: Gu orduan eszenatokira etxeko pasillora bezala sartzen ginen, frakasoari batere beldurrik izan gabe, ez ginen urduri jartzen. Hala ere, ez pentsa, hanka sartzeak egiten genituen.
Anekdotaren bat gogoratzen al duzu?
B.O.: Uste dut Bermeoko pilotalekuan izan zela. Emanaldiaren erdian izugarrizko kazkabar jasa bota zuen, teilatua uralitazkoa zenez ez zen ezer entzuten, eta geratu beharra izan genuen. Kazkabarra pasatakoan jarraitu genuen.
Ez al zaizu oraingoan parte hartzeko grinarik piztu?
B.O.: Tabernari lanak ezinezko egiten dit parte hartzea. Oraingoan, ikusiz asko disfrutatuko dut, eta antzezlanaren aurreko entseguren batera joateko asmoa ere badut.