Iker Valle, itsasoak utzitako arrastoaren bila

Gazte garaian gerturatu zen Iker Valle andoaindarra arte mundura. Hainbat aretotan izan ditu lanak ikusgai. Apirilaren 22tik aurrera, Andoaingo Basteron izango dira.

Marrazkilari txarra omen zen umetan. Arteak ez zuen erakarri gaztarora arte, baina zaletasunetik haratago, Iker Valleren pasioa ere bada egun. Margolanak eta eskulturak egiten ditu. Erakusketatan, jendeari eragitea da bere helburu nagusia, sentipen ezberdinak sorraraztea.

Apirilaren 22tik aurrera, Andoainen izango da ikusgai Iker Valleren lanaren lagin bat. “Oso areto berezia da Basterokoa, oso polita. Poza ematen dit nire lanak bertan jarri ahal izateak”. Erakusketak etxean ondo prestatzea gustatzen zaio Ikerri: “Tokiaren argazkiak egiten ditut, eta margoak antolatzen ditut argazki horien arabera. Mila buelta ematen dizkiot. Erakusketa ondo osatuta dagoen ustea sortzea oinarrizkoa dela iruditzen zait. Hortik aurrera, aretora etortzen denari nire lana gustatuko zaio edo ez, baina erakusketa ondo antolatua egotea garrantzitsua dela uste dut”. 

 

Itsasoa ardatz

Andoainen jaio eta bizi izan da Iker, baina bereziki erakarri izan du itsasoak txikitandik. Artea egiteko gaitzat hartu izan du maiz eta horixe izango da Andoaingo erakusketaren gai nagusia. ‘Itsasoaren arrastoak’ izenburupean batutako lanak jarriko ditu ikusgai. “Hiru urtetan egindako lanen aukeraketa eramango dut Basterora. Bi espazio ditu aretoak eta horretara moldatu dut erakusketa. Argi natural gutxien jasotzen duen areto nagusian, txuri-beltzeko lan batzuk jarriko ditut, serie bateko zati direnak. Beste aretoan, berriz, itsasoaren inguruko beste lan batzuk jarriko ditut”. Teknika ezberdinak erabili izan ditu Ikerrek bere ibilbidean eta duela bi urte, marrazketari heldu zion bereziki. “Asko gustatzen zait Miarritz eta Lapurdi inguruko kostaldea, eta hango paisaiak marrazteari ekin nion. Iparraldean egindako erakusketei esker, jende asko ezagutzeko aukera izan dut, eta haiek erakutsi dizkidate kostaldeko txoko ikusgarriak”. Paisaiak marrazten hasi zen Iker, baina beste bide bati eutsi zion aurrerago: “Itsasoak uzten dituen arrastoak marrazten hasi nintzen; urak sortzen duen igadura, etab. Gauzak zuzenean erakustea baino gehiago gustatzen zait iradokitzea. Itsasoaren sentsazioa sortu nahi izan dut, nahiz eta itsasoa ez dagoen inon marraztuta”. 

 

Eskultura

Marrazkiez gain, brontzezko hiru eskultura ere jarriko ditu Basteroko aretoan. “Marrazkiak koadrotik atera eta hiru dimentsiotara pasatzeko nahia sortu zitzaidan. Zorionez, nik nahi nuen emaitza lortzeko egokia zen teknika bilatu nuen. Arintasun sentsazioa sortu nahi nuen nahiz eta brontzea oso material pisua den”. 

Ikerren eta bere lanaren artean, harreman berezia sortu ohi da. Egiten ari den lanari askatasun pixka bat uztea gustatzen zaio: “Pieza eta bion arteko elkarlana izaten da. Ez zait gustatzen zurrunegia eta zehatzegia izatea”. 

 

Ikasketa prozesua

Arte munduan murgiltzen hasi zenetik, margolari eta eskulturgile ezberdinekin joan da trebatzen Iker. “Behar izan ditudan edo lanerako interesgarri iruditu zaizkidan teknikak ikasten joan naiz. Etengabeko prozesua da. Azken batean, bide honi ekin nionetik, gauza askotan trebatu naiz; piezak soldatzen, eztainuztatzen…, hizkuntzak ikastea ere garrantzitsua da, photoshopa erabiltzen ere ikasi behar da, baita sare sozialetan ibiltzen ere”.

 

Iparraldea

Hernanin jarri zuen Ikerrek bere lehen erakusketa eta lehen urteetan, areto txiki eta taberna askotako hormetan jarri zituen bere lanak. Egun, iparraldeko areto eta galeriatan dabil gehienbat. “Areto asko dago, eta jendeak erakusketak ikusteko ohitura handia du. Kilometro asko egiten dituzte, batetik bestera, kultur eskaintzaz gozatzeko. Kasualitatez ireki zitzaidan niri iparralderako bidea eta erakusketa asko egin izan dut han. Andoaingo erakusketa prestatzen aritu naizen bitartean, esaterako, Miarritzeko ‘Galerie Anne Broitman’-erako beste erakusketa bat ere antolatu dut. Iparraldean asko mugitu izan naiz, hegoaldean berriz, taldekako erakusketatan parte hartu izan dut, baina bakarka gutxiago”.

 

Artea ikusi

Arteak iparraldean duen jarraipenak bereziki erakartzen du Iker. Artea egiteko aukerak, tailerrak, galeriak… “Hemen baino askoz ere aukera handiagoa dago. Artea egunerokotasunean txertatuta dago han. Txikitatik eramaten dituzte haurrak erakusgeletara eta artistek bisitaldiak egiten dituzte eskoletara. Hemen, berriz, askoz ere hurrunagotik bizi dugu artea. Amorrazioa ematen dit jendeak artea ez duela ulertzen esaten duenean. Artea ez da ulertu beharreko zerbait, sentitzeko zerbait baizik. Erakusketak ikusi ahala, begiek ikasi egiten dute artea ikusten”. 

Andoaingo gaztetxoen bisitaldiak jaso izan ditu Ikerrek bere tailerrean. Asko gozatzen du gainera bisita horietan. “Helduak buruan ditugun aurreiritzirik gabe etortzen dira tailerrera, eta gozatu egiten dute. Guretzat askoz ere zailagoa da askatasun horrekin lan egitea. Gustura ikusten dut gaztetxoek nola lan egiten duten”.

 

Baionatik Parisera

Iparraldean egindako bide horrek, hurrunago ere eraman izan du Iker. “Esperientzia ederra izan zen. Baionako Le Carré aretoaren itxieraren harira hainbat ekitaldi antolatu zituzten; tartean, ixtera zihoazen aretoko gune bat eraldatzeko gonbidatu ninduten. Ekintza hartatik sortu zen Parisko arte galeria batean erakusketa jartzeko aukera. Oso aukera ederra izan zen”.

 

Zaletasuna ofizio

Artearen bidea zaila dela aitortu arren, gustura dago Iker, horri eusteko hartu zuen erabakiarekin. “Zure zaletasuna zein den eta gustura zerekin sentitzen zaren jakiten duzunean, horri eutsi behar diozu buru-belarri, kosta ala kosta. Ez da bide erraza, baina gustura nabil”. Urte hauetan ezagututako jendea izan da aberasgarriena Ikerren aburuz: “Jende interesgarri asko ezagutu ahal izan dut, eta hori oso polita da”. 

Erakusketek, egindako lana plazaratzeko aukera eskaintzen diote Ikerri, “eta zure lana erosteko interesa duen jendea gertura dezakete zuregana. Azken finean, guk ere bizi egin behar dugu, eta, gainontzeko guztiek bezala, dirua behar dugu horretarako. Hala ere, garbi dut erakusketarik egingo ez banu ere, arte munduan murgilduta jarraituko nukeela”. 

 

Ordu asko tailerrean

Hernanin du tailerra Ikerrek, Zikuñagan. Duela hamaika urte egin zion eskaera Hernaniko Udalari artista talde batek, eta hantxe biltzen dira geroztik. “Horrelako aukera gehiago egon behar lukete, herri guztietan. Bertso taldeek, musikariek…, horiek egoitza izaten duten bezala, artea egiten dutenek ere behar lukete horretarako txoko egoki bat”.

Ikerren lanbide bakarra izan da artea zenbait urtez. Aurten, ordea, beste lan batean ere badabil, “artearekin bateragarria izango zitzaidan lanpostu batean hasteko aukera sortu zitzaidan, eta baiezkoa eman nuen”. Nolanahi ere, ordu asko pasatzen ditu Ikerrek tailerrean. “Diziplina eta konstantzia handia eskatzen duen zerbait da. Inspirazioa baino garrantzitsuagoa da hori nire ustez. Alferrikakoa da inspirazioa, ohean harrapatzen bazaitu. Ordu asko eskaintzen dizkiot arteari. Lana izateaz gain, zaletasuna ere bada ordea, eta ez zait batere kostatzen. Tailerretik ateratakoan ere, buruan etengabe ibiltzen ditut bueltaka pieza ezberdinak, ez dut deskonektatzen. Hori, hala ere, ez dut sufrikario gisa bizi, arteak ez nau nekatzen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!