Banaiz Bagara elkartea, euskara irakastetik haratago

Hizkuntza eta lan konpetentziak bateratzen dituen metodologia lantzea da Banaiz Bagara elkartearen berezitasuna. Lanean ari dira buru-belarri, egoera errealak oinarrian hartuta.

2009 urtean, jatorriz alemaniarra den, baina euskaraz bikain egiten duen Petra Elserrek sortu zuen Banaiz Bagara elkartea, gure gizartean zailtasun egoeran dauden jatorri ezberdineko pertsonek euskaraz bizitzeko aukera gehiago izan dezaten. Horretarako, hasiera batean, eskola errazak eskaintzen zituzten; komunikazioan oinarrituta beti. Gerora, aisiladiarekin lotutako ekitaldi ezberdinak antolatzeari ekin zioten: kantua, dantza, kirola edota herriko jaiekin uztartuta… “Gustura aritu ginen, jendearen interesa piztu genuen eta talde asko osatzeaz gain, motibatuta sumatu genituen parte hartzaileak”, adierazi du Petra Elser proiektuaren zuzendari eta koordinatzaileak. Urteak aurrera joan ahala, ordea, bi zailtasunekin egin zuten topo. Batetik, ekonomikoki ahalmen urria zuten pertsona etorkin ugarik bereziki, bizimodua ateratzeko gaztelania behar zuela eta euskara ikastea bigarren mailako motibazio gehigarria zela, ez lehentasunezkoa. Bestetik, euskaldunak Banaiz Bagarak antolatutako ekitaldietara puntualki gustura gerturatzen baziren ere, etorkinei edo euskara maila baxua zuten pertsonei modu iraunkorrean laguntzeko prest zegoen jendea aurkitzea oso zaila zela. Harreman iraunkorrak zein arlotan lortzen diren begira jarrita, lan mundura jotzea erabaki zuten, bost urteko ibilbidearen ondoren hausnarketa egin ondorenean. “Lanean lankideekin elkarlanean aritzen gara egunero eta erabakiak hartu behar izaten dira. Gainera, jatorriarekin lotutako mugak desagartu egiten dira askotan eta pertsona ezberdinen arteko harremanak sortzen dira”. Horrelaxe sortu zen, bada, Euskara Plus formatua.

 

Konpetentzietan oinarrituta

Sortze bidean etengabean ari dira lanean, beste erakunde batzurekin elkarlanean programa ezberdinak gauzatzen. Besteak beste, Europako hainbat erakunderekin harremanetan daude eta handik dator ‘Language for work’ erabiltzen duten metodologia ere. Lau lan esparru lantzen dituzte Euskara Plus ekimenaren baitan: zaintza eta garbiketa, industria, jantzigintza eta, merkataritza eta ostalaritza.

 “Konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza eskaintzen dugu. Hori da guretzat funtsezkoena; hizkuntza, konpetentziekin lotuta lantzea eta ez hainbeste modu akademikoan edota azterketa jakin bat gainditzeko. Hartzaileek, hizkuntza, lanean komunikazioa hobetzen duen balio erantsi moduan ikus dezaten”, adierazi du Petrak. David Fernandez elkarteko formazio arduradun eta industriako irakaslea da eta hizkuntza nahiz lana artikulatu egiten dituztela gaineratu du. “Lan egiten denean hizkuntza erabiltzen da. Dudarik gabe, hizkuntza beharrezkoa da lanerako; ezin dira banandu. Ondorioz, lan egoera errealetan oinarritu eta simulazioak eginez, helburu komunikatiboak lantzen ditugu”. Metodologia hori erabiliz, ikasleak motibatzeaz gain, ikaskuntza erraztu egiten diete. Birjinia Lacarra billabonatarra, berriz, Banaiz Bagara elkarteko harreman eta enplegu dinamizatzailea da eta, lanbide bakoitzaren ezaugarriak zehaztuta, haietan oinarritutako konpetentziak lantzen ahalegintzen direla adierazi du. “Hizkuntza oso garrantzitsua da bezeroarekiko gertutasuna sortzeko, baina baita bezeroarekiko enpatia, arreta edota gorputz komunikazioa ere. Jarrera horiek guztiak landu egiten dira Euskara Plus moduluetan. Konpetentzia horiek ere garrantzitsuak direlako gero lan munduan errazago hasi edota lanerako hobeto prestatuta ateratzeko”. Hori bai, beti ere, akademietan jaso daitezkeen ikasketen osagarri moduan ikusten dute euren eskaintza. 

 

Estrategiak

Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa kontuan hartzen dute euren lanean. Edozein lan edo egoerak hizkuntza aldatzea eska baitezake hemen. Elkarrizketatuen esanetan, askotan zailtasuna ez da euskara ez jakitea, lehenengo hitza esatea, erantzutea, akatsak egitea edo aldi berean bi hizkuntzatan pentsatzea baizik. “Beraz, jendeari estrategiak erakusten dizkiogu dakizkien euskarazko hitzak baliatu eta gauza konplexuagoak azaltzeko gaztelaniara jotzeko. Biek daukate bere balioa. Dena euskaraz esan ezin duenak, dena gaztelaniaz esan ez dezan, bai ordea, gauza batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz”. Banaiz Bagararen ikastaroetako elementu bat da hori, jendea lanean topatzen duten egoera soziolinguistikora benetan prestatzea. Ikasleak hitz egitera aska daitezen saiatzen dira eta horretarako, ikastaroetan giro gehigarri eta positiboa sortzen. 

Eskaintza zabala

Modulu, ikastaro eta tailer ezberdinak lantzen dituzte Euskara Plus ekimenaren baitan:

EUP ikastaroak: Sektore zehatzetan euskaraz lan egiteko ikastaro praktikoak (20 edo 40 ordukoak).

EUP moduluak: Euskara Lanbide Prestakuntzako ikastaroetan integratua (4 ordu).

EUP tailerrak eta dinamizazioa: Hizkuntza portaera, bizikidetza, enpatia, curriculuma eta lan elkarrizketak euskaraz lantzeko tailerrak.

EUP GUEL (Guk ere euskaraz lanean): Lantokiko hizkuntza trebakuntza.

EUP Lanean bidelagun: Lan egoera jakin batean, enpresariei edota langileei euskara lantzen laguntzeko (6 ordu).

Ekintzailetasuna eta sare lana: Bizikidetza hobetzeko. Euskara bultzatzeko, behar bereziak dituzten kolektiboei lan orientazioa emateko, lanpostuak sortzeko eta ekintzailetasuna garatzeko akordioak sustatzen dituzte.

• Euskara Plus ez da geldirik dagoen proiektua, ekimen berriak sortu eta saretzen ari dira etengabe. Arabik on egin, esaterako, edota Anitz lan programa...

 

Bidelagunak

Ikasleekin erlazio iraunkorra lortu nahi dute, ez modulua amaitutakoan harremana ere amaitzea. Ondorioz, moduluak bukatu eta gero jarraipen tailerrak eskaintzen dituzte eta beharra duenaren alboan egoten dira lan orientazioa edo euskara ikasten jarraitzeko baliabideak emanez. Etorkinentzat bezala, euskara ez dakien edo galdu egin duen bertako jendearentzat ere zabalik dituzte ateak. Motibazioak bultzatuta, jende asko ari zaie gerturatzen eta praktikotasunaren eragina nabaritzen ari direla diote, helburu zehatzetara begira ikastea hain zuzen. Gainera, ikastaroetan jendearen aurreiritziak aldatzea lortzen ari direla konturatu dira eta pozgarria da haientzat euren bitartez beste filosofia bat ikusi eta batzuk euskara ikastea hain zaila ez dela ohartu izana. Elkarteari esker lana aurkitu duenik bada, baina ez da erraza eta ez dute esperantza faltsurik sortu nahi. Eurengana gerturatzen diren askok agian ez dute lanik aurkituko, baina bidelagunak aurkituko dituzte bide hori errazagoa eta atseginagoa izan dadin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!