Apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, arratsaldeko 19:00etan Saroben iragarrita dagoen emanaldia Iñistorrak eta Muxugoxo elkarteak antolatu dute elkarlanean. Bertan, Mirian Uhalte eta Maialen Diazek ipuin erotikoak eskainiko dituzte zuzeneko musikaren laguntzarekin. Emanaldia aitzakiatzat hartuta, Urnietan sortu berria den Muxugoxo elkartea hobeto ezagutzera hurbildu da Aiurri.
Noiz sortu zen Muxogoxo elkartea eta zerk bultzatuta?
Ainara de Miguel: Muxugoxo elkartea duela 11 hilabete sortu zen formalki, baina, amets guztien moduan, urteak zeramatzan nire buruan. Beharra sumatzen nuen, eta gaur egun inguru egokia dut, profesional apartak, lanerako gogo askokoak eta behar berberak antzeman dituzten pertsonak.
Nortzuk osatzen duzue elkartea?
A.M.: Neronek, eta beste hiruk osatzen dugu legez, baina praktikan, Gaby Zalazar ginekologoak, Tania Navarro psikologoak, Maddi Irastortza erizain eta irakasleak, Lierni Santxo udaltzainak, hezitzaileok, eta Ikasmin akademiako lagunak.
Zein dira zuen helburuak, eta zein da eskaintzen duzuen zerbitzua?
A.M.: Gure helburu nagusiak bi dira, gure ingurua hobetzea eta ikastea. Horretarako Web-gune bat sortu genuen: muxugoxo.org. Bertan, kontsulta egin daiteke sexualitatea, intimitatea, higienea, edota harreman osasuntsuez... Kontsulta horiek korreoan jasotzen ditut eta dagokion profesionalari bideratzen dizkiot. Azken honek emandako erantzuna “Gure Txokoa”n jartzen dut, denon eskura. Kontsulta anonimoa da, eta doakoa. Gainera, bideo batzuk ere sortu ditugu, helburu didaktikoarekin, eta hauek ere doan daude ikusgai. Muxugoxo gunean eta Youtube katean ere ikus daitezke. Doakoa den harpidetza bila gabiltza.
Zein izan da orain arte egindako ibilbidea?
A.M.: Pauso oso xumeak emanez hasi dugu ibilbidea. Esan beharra dago, "Olatu Energia" hautatu zutela gure proiektua 2015eko maiatzean eta bertan jasotako dirua dela bideo horiek egiteko baliabide guztia. Euskadi Irratiak ere erakutsi du interesa, asko lagundu digu.
Urnietan zerbait antolatzeko asmorik bai?
A.M.: Bai! Maiatzaren 27an, Gazte festak direla eta, Saroben Muxugoxo aurkezteko asmoa dugu, orain arte egindako lana erakusteko eta gure helburuak azaltzeko. Hori egiten dugun bitartean, liburuak eta sexualitatearen inguruko materiala mahai batean ipiniko ditugu. Xamoa bertsolariari esker, bertso saio musikatua egingo dugu. Sarrera 3 eurotan jarriko dugu.
Nola jarri gintezke Muxugoxo elkartearekin harremanetan?
A.M.: Webgunetik bertatik, emailez (info@muxugoxo. org) edota telefonoz (645 991 362).
Bazkide berrientzat irekita al dago?
A.M.: Ez dugu kuota bidezko bazkide formatuan pentsatu, bai ordea, laguntzaileengan. Gure orria bisitatu, Youtuben harpidetu... Horiek dira gaur egun laguntzeko biderik onenak.