Nekaneren atxiloketaren ondorengo egunetan batzarrak eta elkarretaratzeak egin zituzten herritarrek Asteasun. Atxiloketaren berri izan bezain laster, senideak Suitzara abiatu ziren bere berri gertutik izateko. Baina arreba edota ahizpa ikusi gabe itzuli ziren herrira, inkomunikatuta zegoelako. Arrebarekin ez, baina ilobarekin biltzeko aukera izan zuten bertan.
Erabakiaren zain
Joan zen apirilaren 15ean, eskualde mailako elkarretaratzea egin zen Asteasun. Herritar ugarik bat egin zuen deiarekin eta herriko kaleetan zehar Nekane etxeratzeko eskatuz egindako manifestazioaren ondoren, batzarra egin zen pilotalekuan. Batzarraren hasieran, familiaren izenean eskerrak eman zituen Joseba Txapartegi anaiak eta birritan eman beharreko eskerrak zirela zehaztu zuen, “bai Euskal Herrian jaso dugun babesarengatik eta baita Suitzan eskuzabaltasun handiz hartu gaituztelako ere”. Nekane arrebaren egoeraren berri eman zuen segidan eta apirilaren 8an Zurichko kartzela batean espetxeratu zutela jakinarazi zuen, lehen bi egunak komisaldegian igaro ondorenean. “Kartzela nahiko gogorra dela esan digute, eguneko 23 ordu ziegan igarotzen dituztela eta ordubete patioan. Apirilaren 12an izan zuen lehen aurrez aurreko bisita. Abokatuak bisitatu zuen eta indartsu ikusi zuela esan zigunez, horrekin nahikoa lasaitu ginen. Apirilaren 14an alabaren tutorearekin izan zuen bigarren bisita eta hark ere ondo ikusi zuela aitortu zigun, beraz, pozik gaude alde horretatik. Apirilaren 15ean lehen bista eduki zuen poliziaren aurrean eta abokatuaren hitzetan, oso gustura geratu ziren; estradizio eskaera dagoela azaltzearekin batera, estradizioa ukatzeko zein arrazoi dituzten jakinarazi zutelako: torturak batetik eta alabaren egoera bestetik. Orain abokatuek 14 egun dituzte estradizioa ukatzeko argudioekin dokumentazioa prestatzeko. Epaiketa epe laburrean hasiko da eta abokatuak azaldu zigunez, urtebete inguru igaro liteke azken erabakia hartu aurretik”.
Elkarlanean
Josebak adierazi zuenez, abokatuaren bisitaz gain, familiak astean ordubeteko bisita bat egiteko aukera izango du kristalaren aurrean. “Kartzela horretan asteburuz bisitak posible ez direnez, aste barruan izan behar dute eta momentuz behintzat ez dauka telefono deiak egin/jasotzeko aukerarik; asteko bisita hori bakarrik”. Josebak, gutunak idaztera animatu zituen hala nahi duten herritarrak, baina abokatuaren gomendioa jarraituz, euskaraz bidaltzea Nekaneri iristeko zailtasuna izan daitekeela adierazi zuen. “Iristen diren gutun guztiak irakurri eta kopiatu egiten ditu poliziak, kontrol zorrotza eramaten dute eta euskaraz idatziak badira, itzultzaile bat aurkitu eta itzuli bitartean ez ditu jasoko. Baina erabaki hori norberaren esku uzten dugu, bakoitzak nahi duen bezala egiteko”.
Bestalde, Asteasuko Udalaren izenean Suitzako justizia ministroari gutuna bidaltzeko asmoa dute, estradizioarekin ados ez daudela eta Nekaneren egoeraren aurrean kezka daukatela erakutsiz. Era berean, Asteasun bezala Suitzan ere kanpaina solidario bat egiteko asmoa dutela iragarri zuen eta Nekane preso dagoen kartzela inguruan elkartuta, animoak bidali dituzte barrura dagoeneko. “Alde horretatik oso pozik gaude, han ere agertu duten jarreragatik. Ekintza ezberdinak egiteko asmoa dute aurrera begira Suitzan. Haiek han eta gu hemen elkarlanean aritzeko asmotan gara”, zehaztu zuen Josebak.