2015eko 111 Akademiaren Saria, Saizarbitoria eta Agirreren artean

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin amaituko da botoak bidaltzeko epea eta irabazleak maiatzaren 5ean jasoko du saria Andoaingo Bastero kulturgunean. 

111 Akademia 2015eko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko prozesuaren amaierara iritsi da. Bihar, apirilak 23, izango dute akademiako irakurleek bi finalisten artean gogokoen izan dutenaren alde bozkatzeko azken eguna, eta behin botoak zenbatuta sariduna izendatu eta hari saria ematea baino ez da faltako. Gogora dezagun literatur sari hau irakurleek hautatzen dutela eta urteko euskarazko lanik gogokoena saritzen dutela. 

Ohi bezala, aurtengo urtarrilean jarri zuen abian akademiak 2015eko libururik gogokoena aukeratzeko prozesua, hiru bozketa txandetan oinarrituta. Lehenengo bueltan 2015ean gustukoen izan zutenaren aldeko botoa bidaltzeko eskatu zien akademiak bere ia berrehun irakurleei, eta lehen buelta horretan boto gehien jaso zuten bost lanak bigarren txandara pasa zituen: Katixa Agirreren Atertu arte itxaron, Imanol Murua Uriaren Ekarri armak, Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak, Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok eta Joxemari Iturralderen Perlak, kolpeak, musuak, traizioak. Bigarren bozketa txandan bost horietako baten alde egin zuten akademiakideek, eta Agirreren eta Saizarbitoriaren nobelak izan ziren bozkatuenak. Hala, bi finalistekin azken bozketa txanda zabaldu zuen akademiak martxoaren 31n, eta bihar, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, izango dute akademiakideek bi horien artean aukeratzeko azken eguna. 

Akademiakideek Katixa Agirreren Atertu arte itxaron hautatzen badute, 111 Akademiaren Saria lehen aldiz jasoko luke idazle gasteiztarrak. Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok gailentzen bada, berriz, donostiarrak hirugarren aldiz jasoko luke literatur aipamen hau, 2000 eta 2012 urteetako edizioak ere berak irabazi baitzituen, Gorde nazazu lurpean eta Martutene obrekin. Kasu horretan, saria hirugarrenez irabazten duen lehen idazlea izango litzateke. Saizarbitoriarekin batera, saria bi aldiz irabazi duten idazleak Anjel Lertxundi eta Ur Apalategi dira. Lertxundik 2001eko eta 2008ko edizioak irabazi zituen Zorion perfektua eta Zoaz infernura, laztana eleberriekin, eta Apalategi 1997an eta 2010ean nagusitu zen Gauak eta hiriak eta Fikzioaren izterrak lanekin.

Behin sariduna izendatuta, 111 Akademiak maiatzaren 5ean ospatuko du sari-emate ekitaldia Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean. Ohi bezala, ekitaldi irekia izango da, gerturatu nahi duten guztiei zabaldua. Irabazleak larruz enkoadernaturiko liburu sarituaren alea jasoko du, eta irakurleek liburu horretako hainbat pasarte irakurriko dituzte, musikaz lagunduta. Amaieran mokadutxoa hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!