11 urteko espetxe zigorra eskatu dute Julen Zelarainentzat, 'Halboka' taldeko kide izatea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 20a, 02:00

Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ‘Halboka’ taldeko kide izatea leporatu die bederatzi kideri, tartean Julen Zelarain billabonatarrari eta 19 urtetik 7 urtera arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat:

ETAren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) arteko lotura egitea leporatu die eta erakunde terroristako kide izatea ere bai haietako batzuei, tartean Zelaraini.

Presoen abokatu izan diren eta presoen alde lanean aritu diren bederatzi kiderentzat ondorengo zigorra eskatu du Audientzia Nazionalako fiskaltzak:

-Arantza Zulueta, 19 urte.

-Jon Enparantza, 12 urte.

-Julen Zelarain eta Naia Zuriarrain, 11 urte.

-Iker Sarriegi, 10 urte.

-Joxe Domingo Aizpurua, 9 urte.

-Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondo, 7 urte.

Julen Zelarain

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako operazioaren baitan, 2008 urtean atxilotu zuten Julen Zelarain billabonatarra. 2015eko urtarrilean geratu zen aske, zigorra beteta.

 

Amasa-Villabonako ezker abertzaleak Julen Zelarain eta beste hainbat euskal herritarren inputazioaren aurrean honako gogoeta egin du:

Atzo komunikabideetatik jakin genuen, Espainiako Ministerio Publikoak Julen Zelarain Villabonako herritarrari 11 urteko zigor berri bat ezarri nahi diola, presoen eskubideen alde egindako lana zigortuz. Gogoratu behar da Julenek, dagoeneko AAM sumarioan 10 urteko espetxe aldia pasa duela eta 2015 urtean geratu zela libre.

Egoeraren larritasunaren aurrean, Amasa-Villabonako ezker abertzaleak bere kezka agertzen du, inputazio berri honen aurrean.

1.-Julen Zelarain, bai Villabonan zein Euskal Herri osoan ezaguna da presoen eskubideen aldeko defentsan bere lan publikoa izan delarik. Julenek beste hainbat euskal herritarrekin batera, presoen eskubideen aldeko lan publikoa egin du hamarkadetan.

2.-Inputazio berri honek, presoen aldeko lana kriminalizatzea du lehen helburu baina haratago ere badoa, herri honetan konponbidea eta bake eskenatokia urratzen ari den momentuan, hura zapuztea, alegia. Estatu espainiarrak gerra estrategia bere gordinean darabil, militante independentistak zigortuz eta atxilotuz. Joxe Mari Olarrarekin saiatu ziren eta orain Julenekin ere. Bistan da independentziaren bidea oztopoz betetzen saiatzen ari direla.

3.-Espainia estatu ahul bat da, proiekturik gabe eta ez dauka deus eskaintzeko, kartzela eta zigorra baino. Kartzela handi batean sartu nahi gaituzte. Horregatik da oso urgentea, egoera hau iraultzeko ekinbide independentista oso bat aktibatzea ahal den azkarren. Estatu indezente batean bizitzeak herri honi agonia eta sufrimendua besterik ez baitio ekartzen.

4.-Gure babes eta elkartasun osoa adierazten diogu Zelarain-Etxeberria familiari. Berriz ere zigorraren mamua, inolako gizatasunik ez duen estatu baten aldetik jasaten ari direlako. Amasa-Villabonako ezker abertzaleak gogotik lan egingo du jazarpen honi guztiari aurre egiteko. eta hori soilik herri bezala egin dezakegu

5.-Amasa Villabonako herritarrei deialdi zabala egiten diegu, ostirala apirilaren 22an, iluntzeko 19:00etan Amalurra (eliz ondoan) plazan deialdia egiten dugu Juleni elkartasuna adierazteko ekimen zabal batera. Juleni eta estatuen jazarpena jasaten duten herritar denei gure babesa eta laguntza eskaintzeko.

Informazio osagarria:

http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20160419/piden-penas-de-hasta-19-anos-de-prision-para-abogados-y-otras-personas-vinculadas-al-trabajo-por-los-presos

 

http://www.berria.eus/paperekoa/2065/007/001/2016-04-20/hemeretzi_urte_arteko_eskaerak_egin_ditu_fiskaltzak_hiru_abokaturen_aurka.htm

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!