1931ko apirila Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 17a, 02:00

Apirilaren 14an bandera errepublikanoa jarri zuten udaletxeko balkoian. Apirilaren 15ean zinegotzi abertzaleek ikurriña zintzilikatu zuten, Andoaingo historian lehen aldia izanik. 
Apirilaren 17an udal batzarraldia egin zuten, ofizialki Udal korporazio berria osatzeko; Pablo Egibar alkate izendatu zen. Hurrengo egunean bigarren batzarraldia egin zen. Mozio bidez euskal errepublikaren alde egitea onartu zuten.

 

[Argazki oina]
Andoaingo udaleko zenbait zinegotzi abertzale, idazkariarekin, aguazilarekin eta eta zenbait jarraitzaileekin, kontsejupean 1936ko otsailean. (1) Ramon Aldalur, (2) Nemesio Fernandez, aguazila; (3) Rikardo Gantzarain; (4) Ebaristo Barriola, zinegotzia; (5) Luziano Pastor, zinegotzia; (6) Pablo Egibar, alkatea; (7) Karmelo Lasarte; (8) Inazio Etxezortu, idazkaria; (9) Pako Alberdi; (10) Antonio Lopez Gereño, zinegotzia; (11) Joxe Mari Mendikute; eta (12) Primo Irulegi, zinegotzia.

___

 

1931eko apirila irismen handiko hilabetea gertatu zen Espainiar estatuan. Historikotzat jo daitezkeen gertakizun ugari gertatu ziren oso denbora gutxian. Andoainen, esaterako, 1931ko apirilaren 12an Udal hauteskundeak deitu eta jeltzaleak nagusitu ziren. Handik bi egunera Errepublika aldarrikatu zen eta apirilaren 15ean lehen aldiz ikurriña jarri zuten udaletxeko balkoian.

 

Primo de Rivera militarrak estatu kolpea burutu eta diktadura ezarri zuen 1923-1930 urteen artean; honek 1930eko urtarrilean boterea utzi ostean, Alfonso XIII monarkak Berenguer izendatu zuen behin behineko gobernu buru. 

1930ko abuztuan, sistema politiko errepublikanoaren alde zeuden alderdi politikoek “Donostiako hitzarmena” sinatu zuten, Donostian bertan. Hitzarmenean adierazi zen larria zela Espainiako estatuaren egoera, eta erabateko aldaketa eskatzen zuela; monarkia eta diktadura baino, nahitaez demokrazia ekarriko zuen Errepublika ezarri behar zela.
Egiazki, historikoki errotutako arazoak zituen Espainiako estatuak: jauntxokeria, ustelkeria, injustizia soziala, pobrezia, Elizaren eta ejertzitoaren botere ahalguztiduna, nazionalismo historikoen aldarrikapenak...  

APIRILAREN 12AN UDAL HAUTESKUNDEAK
Gizartean zabaltzen joan ziren Donostiako hitzarmeneko printzipioak, eta behin behineko gobernuak udal hauteskundeak antolatu zituen apirilaren 12an. Errepublikano-sozialisten hautagaiek irten ziren garaile hiriburu gehienetan, eta hauteskundeak monarkiaren inguruko plebiszitotzat hartu ziren. Apirilaren 14an Errepublika aldarrikatu zen udaletxeetan. Gauzak abiadura azkarrean aldatzen ari ziren eta Alfonso XIII monarkak  ihes egin zuen Errepublikaren sistema politikoa ofizialki ezarri zenean. Gizarteko zati handi batean benetako itxaropena eragin zuen Errepublikaren proklamazioak.
Andoainen, 3 hautagaitza aurkeztu ziren hauteskundeetara: 

  • Jeltzaleak (309 boto).
  • Karlistak (228 boto).
  • Ezkerreko errepublikarrak (61 boto). 

Hamaika zinegotzi

  • Zazpi jeltzaleak ziren: Pablo Egibar, Nemesio Fernandez, Primo Irulegi, Pedro Ugalde, Antonio Lopez de Gereño eta Ebaristo Barriola.
  • Lau karlista ziren: Lazaro Agirre, Frantzisko Ieregi, Domingo Soroa eta Joakin Arratibel.

Apirilaren 14an bandera errepublikanoa jarri zuten udaletxeko balkoian, gainerako udaletxeetan bezalatsu. Apirilaren 15ean gehiengoa osatzen zuten zinegotzi abertzaleek ikurriña zintzilikatu zuten ere, Andoaingo historian lehen aldia izanik. 
Apirilaren 17an udalbatzarraldia egin zuten, ofizialki Udal korporazio berria osatzeko; Pablo Egibar alkate izendatu zen. Hurrengo egunean bigarren batzarraldia egin zen. Udalerriaren funtzionamenduarekin zerikusia zuten hainbat gai jorratu ostean, azkenerako utzi zen Euskal Errepublikaren aldeko mozioaren azterketa.

Euskal Errepublikaren aldeko mozioa
Sei puntuko mozioa aho batez onartu zuten:

  1. Espainiako Errepublikaren onartzea, apirilaren 12an herritarren borondatea adierazi denez.
  2. Espainiako Errepublika Federalaren baitan Euskal Gobernu Errepublikanoa eraikitzeko udal honen borondatea adieraztea.
  3. Eraiki diren erakundeei autodeterminazioaren printzipioa errespeta dezaten eskatzea.
  4. Mundaka, Getxo, Bermeo eta Elorrioko udalek plazaratu duten manifesturakiko atximendua adieraztea.
  5. Euskal udal guztiak ordezkatuko dituen Batzorde Kudeatzaile bat izenda dadin bultzatzea, aurretik adierazitako puntuak lortzeko.
  6. Errepublikako presidente Alcalari, Maciari (Ezquerra Republicanako buruzagia) eta aipatu diren Bizkaiko udalei telegramak bidaltzea, ongietorria eman eta kolaborazioa eskaintzeko.

Gogoratu behar da Bizkaiko lau udalerri horietako alkate abertzaleek, bezperan, apirilaren 16an, Bizkaiko udalen batzarrera deitu zutela Gernikan. Deialdiak legitimitate demokratikoa nahikoa zuela iruditzen zitzaien, garai hartan udaletxeak erakunde demokratiko bakarrak zirela kontutan hartuta. Bizkaiko alkatetza gehienak EAJren eskuetara geratu ziren. Deialdiaren ekimenari dagokionez, jeltzaleek lidergoa hartu zuten hasieratik, aurretik errepublikano-sozialistekin kontsentsua lortzen saiatu gabe. Gobernu errepublikanoak galarazi egin zuen bilera hori, eta ejertzitoak udal ordezkariei Gernikara sartzea galerazi zieten. Herriko sarreran bildu eta manifestu bat sinatu zuten, Euskal Herrirako autonomia bultzatzeko asmoz. Alderdi guztiek zeuden autonomiaren alde, baina Errepublikan zehar (1931-1936) soilik EAJk lehenetsi zuen aldarrikapen hori. Laster EAJko alkateek “alkateen mugimendua” eratu zuten, bertan Andoaingoak ere parte hartu zuelarik.

Bost urteko egoera politiko bizi eta katramilatsuaren, eta, 1916ko uztaileko kolpe militarrak egoera sozio-politikoa hankaz gora jarri ostean, Madrilgo kongresuak 1936ko urrian Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako autonomia estatutua onartu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!