Toki erakundeen legea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 17a, 02:00

Tokiko erakundeen lege berriaz Mikel Pagola alkatearen iritzi artikulua:

30 urte luze pasa dira Euskadin Udal legea onartzeko lehen urratsak eman zirenetik. 
30 urte. Saiakera ugari. Porrotak. Beharrezkoak ziren adostasunak lortzeko ezintasunak. 
Baina azkenean, Eusko Legebiltzarrean, EAJ eta EH BILDU alderdiek lortutako adostasunari esker onartu berri da “Euskadiko Toki Erakundeen Legea”. Ezin baitugu ahaztu udal lege honen atzetik, Euskadin ditugun erakunde desberdinen arteko harremanak arautu direla.  Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Udalek osatzen dituzte hiru erakunde maila horiek eta beraien artikulazioa prozesuari amaiera ematen zaio onartu berri den legearekin.

Legea inoiz baino beharrezkoago eta premiazkoagoa den une batean onartu da. Lege hori gabe, Udalok estatuko oinarrizko legedia aplikatu beharko baigenuen. Aldiz, egungo marko juridiko-instituzionala errespetatzen duen araudi propio batekin, udalok, orain arte bere osotasunean ezin gauzatu ahal izan dugun autogobernua, autonomia eskuratuko dugu, eskumen argiekin eta finantziazio egoki baten bidez.

Hori guztia, teorikoa da. Teoriak dioena. Onartutako legeak ekarriko diguna. Baina nola eragingo digu udaloi benetan hemendik aurrera “Euskadiko Toki Erakundeen Legea”k? 
Lehendabiziko hilabeteak ez dira samurrak izango. Udalok akordio honen ostean izango ditugun 37 eskuduntzek, erronka bat suposatuko baitute. Eskuduntza batzuk berriak dira, Udalok orain arte ez genituenak. Horiek asetzeko, lan asko egin beharrean aurkituko gara udal kudeaketaren ardura dugunok. Gizarte larrialdietako zerbitzuei aurre egiteko diru iturriak izango omen ditugu. Finantzen Euskal Kontseiluan, hemendik aurrera udalen ordezkaritzak hitza eta bozka izango du. Udalak, erabakigarriagoak izango gara. Orain arte Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek soilik erabakitzen zuten  Euskadin diruzerga bidez jasotzen zen dirutik, Madrili bere kupoa ordaindu ostean geratzen zen dirua nola banatu. Orain berriz, udalok zuzenean eragiten diguten gaietan bozkatuko dugu. Alegia, erabakia hartzera pasa gara.

Izan ere, ezin baitugu ahaztu honetan guztian Udalak garela herritarrengandik gertuen gauden erakundeak eta halaber, herritarrok eskatzen dizkiguten zerbitzu eta beharrei erantzuteko beharrezkoak ditugun baliabideak ahalbidetu behar zaizkigula.
Legea, bere osotasunean hartuz, ez da ziurrenik ez Eusko Alderdi Jeltzaleari, ez eta ere EH Bilduri hasiera batetan lortzea gustatuko litzaiokeena, baina bi alderdien artean izandako negoziaketen ostean, lortu zitekeen akordiorik onena dela esan daiteke.
Hala Eusko Alderdi Jeltzaleak akordioetara iristeko borondatea duela berretsi da. Lekuko, epe labur batean, bi alderdion artean elkarrekin lortu den bigarren akordio garrantzitsua dela. Orain gutxi, gogoan dugu, Euskadiko udalen elkartearen (EUDEL) inguruan lortutako akordioa. Aurrerantzean, EH Bilduk baietza eman ostean, Euskadiko udaletan alkatetza ardura duten alderdi politiko guztietako ordezkariak izango baitira EUDELeko batzorde eragilean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!