Badugu udal legea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 17a, 02:00

Tokiko erakundeen lege berriaz Ana Carrere alkatearen iritzi artikulua:

Azkenean, berandu... askok esango dute hori. Eta ez zaie arrazoirik faltako, 36 urteetan Udal legerik gabe egon garelako. Hala ere, oraingoan Udal legea badugunez, Andoaingo alkate bezala legea ahalbidetzea posible egin dutenak zoriondu nahi ditut. 
Udal legea garrantzitsua da, herritarrarengandik gertuen dauden erakundeak Udalak direlako, garrantzitsuenak esango nuke nik. Hau horrela izanda, udal politika hobetuko lukeen legea behar genuen.

Asko dira nabarmendu nahiko nituzkeen puntuak: batez ere poztu nau jakiteak herri txikiak indarturik atera direla lege honekin; eta ez da gauza gutxi, akordio handietan normalean herri txikiak bazterrean uzten baitituzte. Hala ere, Andoaingo alkate naizenez, gure herriari ekarriko dizkion onurak ekarri nahi ditut hona.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen atal osoa epe laburrean antolatu eta arautzeko erabakia hartu da. Bitarte horretan,  Andoain bezalako herrietan, udal bakoitzari dagozkion dirulaguntzak gainditzen diren kasuetan kopuru erantsiaren bi heren Jaurlaritzak ordainduko ditu eta udalak herena. Neurri honekin, orain arte babes sozialerako neurrietan sakontzen jarraitu ahal izango dugu. Lege honekin, beraz, arlo soziala indartzen da, zalantzarik gabe, ezinbestekoa den puntua; gizarte larriealdietarako laguntzak herrietatik kudeatu behar direlako. Finantzazioaren zama ezin da, ordea, soilik udalen esku utzi.

Beste eremu batean, Udal musika eskolen finantziazioarentzat formula bat adostu izana azpimarratu nahiko nuke. Maila instituzional bakoitzak heren bat jarriko du horrela.
Gardentasunari eta herritarren partaidetza sustatzeari baliabide konkretuak ezartzen dira: besteak beste, herri kontsulten aukera babesten da, eta honek bete-betean bat egiten du agintaldi honetan Andoainen onartu nahi dugun “Partaidetza ordenantza”rekin.
Euskal Herri osoko herrien arteko lankidetza bultzatzeko bideak ireki dira ere; hizkuntza, kultura, ekonomiaren sustapena eta gizarte eta lankidetza gaietan. Euskal Herria behetik gora eraikitzeko tresna ere bada Udal legea, beraz, hainbestetan eskatu izan dugun lankidetza honi ilusioz ekingo diogu Andoaindik ere.

Eta hori guztia euskara indartuz. Amaierarako utzi badut ere, ez du esan nahi garrantzi gutxiko gaia denik, kontrakoa baizik. Lege berria euskararekiko ahulguneak osatzera dator. Hau da, Udal legeak tokiko erakundeei aitortzen dizkie eskumenak eta aurrerantzean herriotan euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko eskumen gehiago izango ditugu. Eta, bide batez, estatuko Gobernu-ordezkariak jarritako ehunka salaketak eta murrizketek indarrrik gabe geldituko dira. Horrela, euskararen erabilerak babes juridiko handiagoa lortuko du lege berriarekin.

Horiexek nabarmendu nahi izan ditut oraingoan, baina badaude gehiago ere. Esan bezala, lege ona da. Herritarren eskubideak bermatzea eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzea da alkate naizen aldetik dudan lehentasuna. Lege honek ez du dena konponduko, baina eskumen eta bitarteko gehiago ematen dizkigu, eta hori beti eskertzekoa da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!