Frankismoko biktimen aldeko ekitaldi hunkigarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 16a, 02:00

Frankismoak zapaldutako herritarrak biktimatzat hartuak izan daitezen eskatu da beste behin, Oroituz elkarteak Alfaro Plazan antolatu duen ekitaldian. Lore eskaintza, bertsolariak, musika eta biktimen aldeko hitz hunkigarriak adierazi dira eskulturaren ondoan.

[Argazkiak ikusgai]

Jende ugari erakarri du ekitaldiak: biktimak, horien familiarrak, herritarrak, herriko kultur eragileak eta musikariak, e.a.
Andoainen frankismoak eraildako hogeita bost lagunen aldeko lore eskaintza egin eta Haritz Eskudero bertsolariak bi bertso abestu ostean, Elgoibar1936 elkarteko Hodei Otegik eta Iñaki Odriozolak hartu dute hitza. Elgoibarren urteak darama 1936ko gerrako galtzaileen testigantzak jasotzen, eta besteak beste, lortu dute azaleratzea San Migel eta Madariaga auzoetan lurperatuta zeuden gudarien gorpuak. Odriozolak Franco hil osteko trantsizio politikoa salatu zuen, biktimak isilik jarraitzera derrigortu zituelako, eta frankismoari inpunitate osoa eskaini ziolako.
Andoaingo musikari eta kantariek osatutako Banda Errepublikanoak kanta historikoak interpretatu ditu, urtero ohi duen legez. A las barricadas, Ekaitza, Si me quieres escribir, Hijos del pueblo, Eusko Gudariak, Internazionala... Saioari amaiera emateko, Joxe Mari Oiartzabal musikariak sortu berri duen "Justizia denontzat" abestia eskaini du, estreinako aldiz. "Solemnea, hunkigarria, barruraino sartzen den horietakoa", hitz horiekin definitu dute ekitaldian parte hartu duten zenbait pertsonek.
Oroituz elkarteko Lurdes Arteagak iragarri duenez, datorren larunbatean, apirilaren 23an, Andoaingo kaleetan zehar ibilbide gidatua egingo da. 11:00etan hasita, Goikoplazatik abiatuko da ibilbidea, eta biktimen aldeko monumentuan, Alfaro Plazan bertan amaituko da 13:00etan. Bidean, oroimenaren lekuei buruzko azalpenak emango dituzte Oroituz elkarteko kideek. Horretarako, esku orria argitaratu dute, non hogeita zazpi leku zehazten diren. Andoaingo herriaren eta herritarren historia interesa dutenak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu elkarteak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!