EAJ-PNVren oharra, proposamen berriekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 16a, 02:00

EAJ-PNV alderdiak oharra argitaratu du, adosturiko Udal aurrekontuen betetze mailarekin poza agertzeko eta erronka berri modura herriguneko trafikoan berrikuntzak proposatuz: “Kale Nagusia eta Joakin Larreta kaleak zentzu bakarrekoak bilakatzearen aldeko da Andoaingo EAJ-PNV, zehazki Lankide Aurrezki Kutxako errotondatik hasi eta Goikoplazara bitarte”.

EAJ-PNVren oharra:

“Bi gertakari garrantzitsuk posible egiten dute autozko mugikortasuna aztertzea eta herriko kale ezberdinen izaera birplanteatzea.

Alde batetik, epe motzean Joakin Larretako obrak martxan ipiniko dira. Existitzen diren egitura eta segurtasun arazoak konpontzeaz gain, kaleak berriro ere kalitatezko berme guztiak betetzea lortuko da, modu honetan herriko barne trafikoa berriro bertatik bideratuz. Honenbestez, Andoaingo herriko autozko barne mugimenduak Joakin Larreta berritutik pasako dira.

Bestalde, 2016ari begira, herriko ur hoditeriaren ordezkapen eta berritze obrak aurreikusi dira. Lehen aktuazioa Goikoplaza eta Kaletxiki (Berrozpe) artean kokatzen den tramoan gauzatuko da. Bigarren aktuazioak Kale Nagusiko ur hoditerien eguneratzea jasotzen du, Goiko plazatik hasita. Bi proiektuen xehetasunak gauzatzen ari dira une honetan, eta exekuzioa uztaila hasierarako aurreikusten da Kaletxikiko tramoari dagokionean eta urrirako Kale Nagusiko kasuan.

Ur hoditerien ordezkapenak, kale ezberdinak irekitzea eskatzen du eta ondoren berriro kale hauen urbanizazioa egin behar izango da. Honegatik, EAJ-PNVtik pentsatzen da momentu aproposa dela gogoeta sakonagoa bat egiteko, Kale Nagusiatik igarotzen den trafikoa aztertzeko eta zein kale eredu nahi dugun finkatzeko”.

Jeltzaleentzat ez da beharrezko izango Juan Bautista Erro eta Kale Nagusia kaleak bi norabidetakoak izatea. Izagirrek defendatzen duenez, “helburua oinezkoari espazioak irabaztea izan behar du, espaloien zabalera eta baldintzak hobetzea, goranzko norabidea izango lukeen autoentzako karril bakarrarekin posible da herriko barne mugikortasunari erantzun egokia ematea, beharrezko berme guztiekin”. Kale atseginak eta bizigarriak sustatzeko aukera dugu, oinezkoen presentzia eta erabilera lehenesten duen eredu berri batetarako trantsizioa eginez, autoaren erabilera esparrua mugatuz”. Jeltzaleek proposamena dagoeneko gobernu taldeari helarazi diote, eta segidan Udal teknikariek atzertu beharko lukete: “Proposamena bideragarri ote den eta beharrezko berme teknikoak betetzen dituztela baieztatzeko eurena izango da azken hitza”.

 

Pozik Udal aurrekontuetan adosturikoaren betetze mailarekin

Izagirrek baieztatu duenez, jeltzaleek udal aurrekontuaren betetzeari buruzko jarraipen zehatza egiten ari dira eta pozik agertu da adostutako proiektuak eta epeak betetzen ari direlako. Gobernu taldearekin komunikazio dinamika martxan ipini da, modu jarraitu batean. Izagirreren arabera “garrantzitsua da alde bien artean komunikazioa berreskuratzea, eskuartean dugun informazioaren arabera urte hasieran itxi genuen aurrekontu akordioaren jarraipena egiten ari gara eta adostutakoa betetzen ari direla baietza genezake”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!