Ipuin erotikoak, liburuaren egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 15a, 02:00

Apirilaren 23an, liburuaren nazioarteko egunarekin bat eginez, ipuin erotikoen emanaldia eskainiko dute Saroben, 19:00etan hasita. Iñistorra eta Muxu goxo elkarteen artean antolatutako ekitaldia izango da. Maialen Diaz eta Mirian Uhalte iruindarrek lau ipuin erotiko kontatuko dituzte, bi euskaraz, eta beste bi gazteleraz, zuzeneko musikaz lagunduta. 

Aurkeztu zuen buruak...
Maialen Diaz: Mirian Uhalte eta Maialen Diaz gara. Iruindarrak gara biak, nahiz eta ni gaur egun Madrilen bizi naizen. 30 eta 27 urte ditugu, eta  “Plazerra gurea da. El placer es nuestro”  ipuin saioa eskaintzen ari gara elkarrekin.

Noiz eta nola hasi zineten ipuin erotikoak kontatzen eta zein izan zen hori egiteko arrazoia?
M:D.: Aspaldian nenbilen haurrentzako ipuin saioekin, eta ipuin erotikoak kontatzeko gogoz nenbilen. Mirian eta biak Euskabaret izeneko musika taldeko partaideak gara; iaz festa bat antolatu genuen kontzertu bat emateko, eta horren aurretik ipuinak kontatzea ideia polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. “Plazer gaua” izeneko festan hasi zen gure proiektua.
Mirian Uhalte: Interesgarria iruditzen zitzaigun plazerraren inguruko hausnarketarako espazio bat eratzea, publikoak plazerra bilatzeko modu ezberdinen inguruan pentsa zezan. Maialenek esperientzia zeukan antzezle eta narratzaile moduan eta nik pianojole gisa. Noizean behin inprobisatu izan genuen, berak ipuinak asmatuz eta ni musikarekin lagunduz, ipuinak iradokitzen zidanaren arabera.

Zuen gurasoek ipuinak kontatzen al zizkizueten lotara joan aurretik?
M.D.: Nire ama oso ipuin kontalari ona zen. Gauero asmatzen zituen ipuin berriak, eta gauero  horien zain izaten nintzen. Nire aita, bestalde, liburuzale amorratua da, eta beragandik ere literaturarekiko maitasuna bereganatu nuen.
M.U.: Bitxia da, zeren nik ipuinak baino gehiago, amak lotara joaterakoan kantatzen zidala gogoan baitut, eta ikuskizun honetan nire ekarpena bereziki musika esparruan ematen da. 
Hori bai, nebari ipuinak kontatzen nizkiola gogoan dut.

Ipuinak maiz haurtzaroarekin lotu ohi dira. Zer izan behar du ipuin batek heldua erakartzeko?
M.D.: Zaila da erantzutea... Sekreturen bat gordetzen duela antzematen bada, interesgarria izaten dela iruditzen zait. Irudimenean proiektatzen den pelikula baten antzekoa da ipuina, eta horretarako agertzen diren elementuak ezagunak izan behar dira entzuleentzat, baina ezezaguna den zerbaitekin topatzeko aukera ere eskaini behar zaie. Hitzen soinuak ere garrantzia dauka; hitz zehatzak erabiltzeak asko laguntzen du, musikaltasunarengatik baita esanahiarengatik ere.

Ipuin hitza, gezur hitzaren sinonimoa da zuen ipuinetan?
M.D.: Fantasiaren esparruan mugitzen gara, hitzek unibertso berriak eraikitzeko eskaintzen diguten espazio horretan. Batzuk kode errealistan kokatzen dira eta beste batzuk ez hainbeste, baina, Sarrionandiak euskararen inguruan esandakoa oinarritzat hartuz, hitzen territorio librean bizi dira gure ipuinak.

Nolakoa da publikoaren erantzuna zuen emanaldietan?
M.D.: Publikoaren aurpegietan eta ipuinetan zehar dauden isiluneetan nabari ohi da jendea zer moduz dagoen: ipuinak kontatzea pertsona talde bati hitz egitea da, eta topaketa horretan sortzen den giroa etengabean neurtzen egon beharra dago. Arreta aurpegiak eta irribarreak ikusten ditugunez, jendea gustora egon ohi dela somatzen dugu.
M.U.: Niretzat harrigarria espero ez genituen uneetan publikoaren barreak entzutea da, gauza bera modu anitzetan jaso ahal dela ikustea. Era berean,  publikoaren parte hartzea ikustea polita da, Maialenek galdera bat bota eta erantzun beroa dagoenean.

Erotismoa gure bizitzaren parte da, eta esan ohi da ipuin tradizionalek harreman handia dutela erotismoarekin. Topatu al dituzue ipuin klasiko erakargarririk zuen ipuin saioetan kontatzeko?
M.D.: Ipuin tradizional askotan genero rolak oso ezarriak daude eta guk halako ikuspuntuak  ez genituen sustatu nahi. Ziurrenik, ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituztenak egongo dira, baina, momentuz ez ditugu topatu; beraz, ipuinak guk sortu ditugu. Ipuinak asmatzea ere oso gustoko baitugu!

Nondik ateratzen dira zuen ipuinak?
M.D.: Ipuinak guk geuk sortu ditugu, nahiz eta ideiak leku ezberdinetan bilatu izan ditugun, hala nola, Aintzinako Grezian, Amazoniako kontakizun erotikoetan, eta abar.
M.U.: Lehenik eta behin, gure ipuinetan protagonistak emakumeak  dira. Subjektu aktiboak dira, salbazioaren zain dauden pertsonaiez aspertuta baikaude. Horretaz gain, heteroaraua alboratzea eta sexualitatearekin harremanatutako gai ezberdinak jorratzea dugu xedea.
M.D.: Eta zer esanik ez, istorio ederrak sortzen saiatzen gara, zeharkako edukietaz gain, kontatzen diren abenturek baitute garrantzirik handiena.

Zer egiten duzue publikoaren arreta mantentzeko?
M.D.: Publiko helduak errespetuz entzun ohi du, nahiz eta batzutan aretotik sartzeko eta irteteko joerak pixkat despistatzen gaituen. Halakoetan, umorez hartzen dugu eta ahal izanez gero txantxaren bat edo beste egiten dugu.
 
Ze musika mota erabiltzen duzue ikuskizunean eta ze garrantzi dauka mezua helarazteko unean?
M.U.: Musikak ipuinaren giroa osatzen du, momentu batzutan gertakizunak emozioez zipriztintzen ditu. Beste gozamen iturria da publikoarentzat. Batzuetan, hitzen bidez kontatzen ari den horretara publikoa eramateko beste modu bat da. Musika eta testua sintonian egotea da gure xedea: narrazioan tentsioa badago, musikan ere egongo da, abiaduran edota noten errepikapenean. Momentu lasaietan, aldiz, armonia ezberdina erabiltzen da, tempo lasaiagoa.

Pasadizoren bat duzue antzezpen baten inguruan, gertatu zaizuen zerbait edo.
M.D.: Pertsona dexente hurbildu zaizkigu ipuin saioaren ostean gustora egon direla esateko. Berezia izan zen nire herrian ipuin saioa egin genuenean, adin oso ezberdinetako jendea hurbildu zelako, 90 urteko nire amona barne. Erotismoaz naturaltasunez hitz egitea benetan berezia izan zen, herri txikietan halako gaiak publikoki jorratzea ez baita oso ohikoa.

Zergatik esango zenukete jendeak zuen ipuin saioa ikustera joan behar duela?
M.U.: Ilusio handiz aurrera eramandako proiektua da. Ipuin politak sortzen saiatu gara eta sexualitatea ikuspegi ezberdinetatik jorratzen dugu, den-dena zuzeneko musikaz blaituta.
M.D.: Ipuin saio sentsuala da, plazerra modu ezberdinetan ulertu eta bilatzeko sortua. Beraz, mundu guztia gonbidatua dago. Azken-finean, ikuskizunaren izenburuan esaten den bezala, plazerra gurea (guztiona) baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!