“Justizia denontzat”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 15a, 02:00

Larunbat honetan Oroituz elkarteak 1936ko altxamendu militarraren biktimei omenaldia egingo die, 12:00etan hasita. Ekitaldia, ohi bezala, Alfaro parkean izango da. Oraingoan, Joxe Mari Oiartzabalek konposatu eta Aitor Mendiluzek idatzitako “Justizia denontzat” kantua eskainiko dute lehen aldiz. 

Justizia denontzat. Hitzak: Aitor Mendiluze. Musika: Joxe Mari Oiartzabal.
Isilik dago harri iluna
oihu mutu bat galgatzen,
isilik paper orri askeak
hizki minak asaldatzen.
Isilik lotsak dituzten haiek,
izana aski ez bazen,
isiltasunak ez du ordea
gertatu zena aldatzen.

Isilarazi ziren ahotsek
inoiz baino ozenago,
oihu egiten dute nahiz eta
larogei urte igaro.
Ezin ukatu, ezin ahaztu,
ezin isildu gehiago
herri hau bere galde ikurren
erantzunaren zain dago.

 

Abestiak, oinarrian, biktimek gaur egun lau haizetara zabaltzen jarraitzen duten aldarriarekin  bat egiten du: hots, egia, justizia eta erreparazioa. Izan ere, berrogei urteko diktaduraren eta beste hainbeste urteko demokraziaren ostean, orduko galdera askok –Non dira? Nora eraman zituzten?– erantzunik gabe jarraitzen dute. 

Injustiziaren ideia horren inguruan hausnarketa egiten dute bi bertsoek, hain zuzen. Doinua osatzerakoan ideia horretan inspiratu dela aitortu du Oiartzabalek: “Doinu solemnea itsasi nahi izan diot; ukitu funebrea eduki dezake akaso, baina azkenean abesbatzak ohikatzen duen Justizia denontzat garrasiak bizitasuna ematen dio abesti osoari”. Larunbatean eskainiko dute kantua , lehen aldiz, jendaurrean.

Aurten, Oroituzek ekitaldira gonbidatu duen elkartea Elgoibar 1936 izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!