Asteasu Batuz taldearen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioekin onartu zen ondorengo mozia:
Asteasuko Ezker Abertzaleak Nekane Txapartegi gure herrikide eta militante independentistaren atxiloketaren aurrean honako mozioa aurkezten dio Asteasuko Udal Batzari, onartua izan dadin:
1.-Nekane Txapartegi Suitzan atxilotua izan da berriki. Gure herrikidearen atxiloketaren aurrean gure kezka agertzen dugu. Kezka hori egunak eta orduak aurrera joan hala areagotzen ari delarik, oso informazio urria izan dugu eta honek kezka areagotu baino ez du egiten. Kasik astebete da Nekane atxilotua izan zela eta berarekin egoteko oztopoak eta arazoak baino ez ditugu izan.
2.-Nekane Txapartegiren aurkako jazarpena Estatuen aldetik ez da gaurkoa. Jazarpen horren adibiderik garbiena, berak, lehen pertsonan Auzitegi Nazionalean publikoki salatu zituen torturak dira. Nekane, Espainiako Poliziaren eskuetan basatiki torturatua izan zen. Inork ez du deus esan eta are gutxiago egin.
3.-Atxiloketa honek beste behin, bistan da, gatazka politikoaren konponbideari eraso zuzena egiten dio. Espainiako Gobernuak beste behin oso argi utzi du zein den bere alternatiba bakarra herri honentzako; askatasuna eta independentzia oinarri dituen egitasmoa gelditu nahi ditu eta horretarako, espetxea eta errepresioa da bere alternatiba.
4.- Ezker abertzalea herri honen etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko proposamenak egiten ari den unean, Espainiak errepresioa eta jazarpena du eskaintzeko alternatiba bakarra. Eta guk oso argi dugu, probokazio eta eraso guztien gainetik, zigor eta mendeku guztien gainetik, orain artean bezala herri hau ezkerretik egiten jarraitzeko determinazioa.
Are gehiago, gero eta nabarmenagoa da, XXI. mendeko Euskal Herri burujabeak ez duela lekurik, kartzelak bete, mugak itxi, errepresioa eta zigorra eskaintzeko besterik ez duen Estatu antidemokratiko batean.
5.-Euskal Herritarren gehiengoak espetxeak hustu behar direla esaten ari den unean, Estatu espainola euskal herritarrak espetxeratzen ari da, torturapean ateratako deklarazio batzuetan oinarrituta.
6.-Gure babes eta estimu osoa adierazi nahi diogu Nekaneri. Uneotan Suitzako espetxe batean, preso. Modu berean babes osoa bere senide eta gertuko lagun denei. Eta nola ez bere alabari.
6.-Udal honek bere konpromisoa hartzen du kasu hau gertutik jarraitzeko eta bere eskura dauden baliabideak eskaintzen ditu familia laguntzeko.
7.-Modu berean, Espainiako Gobernuari erasoak eten eta euskal herritarrei etorkizun demokratiko eta baketsu bat eskaintzeko deia egiten diegu. Modu berean, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Sailari, Nekane Txapartegik salatu zituen tortura kasu larriak aztertu eta kasuaren jarraipena egin dezala eskatzen diogu.
8.-Asteasuko Udalak, adierazpen hau, komunikabide guztiei helaraziko die.
Aho batez onartu zen EAJk eginiko mozioa:
1.- Azkeneko urteetan Euskadi/Euskal Herriak itxaropenez beteriko etapa berri bati ekin dio bakearen, bizikidetzaren eta normalizazioaren bidean. Panorama berri honetan, aktore guztien partetik jarrera desberdinak eskatzen ditu, aipaturiko helburu horiek gauzatzeko. Giza eskubide guztien eta demokraziaren baloreen defentsak erreferentzia politiko, instituzional eta soziala izan behar du, bake integral bat eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen joateko.
2.- Gure kezka azaldu nahi dugu, Nekane Txapartegiren eta bere alabaren egoeraz eta protesta irmoa egin baita bere senitartekoek eta/edo lagunek berarekin egoteko jasaten ari diren oztopo eta zailtasunagatik. Zentzu honetan, Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabal bat maiz esan duen bezala, adierazi nahi dugu urteetan indarrean egon den espetxe politika errotik aldatu behar dela, eta ondorioz, printzipio humanistei egokitu behar dela erabat. Ez dugu onartzen, mendekuan oinarritzen den espetxe politika hau.
3.- Tortura giza eskubideen urraketa gaitzesgarrietan gaitzesgarriena da. Fenomeno hori gerta daiteke, zeren atxilotuekiko tratuak gertatzen diren tokiak eta atxilotzealdia kontrolpetik at gera baitaitezke. Opakutasunak zigorgabetasun-egoerak sortzen ditu eta zigorgabetasunak, aldi berean, horrelako praktiketarako egoera ezin hobeak. Tortura gertatzen den susmo zentzuduna izate hutsak zalantza hori argitzera bultzatu beharko luke giza eskubideekin eta demokraziaren balioekin konprometitua dagoen pertsona edo erakunde oro, baita fenomeno hori ez gertatzeko hartu beharreko neurriak hartzera ere.
4. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikeditzarako Idazkaritza Nagusiak berriki Euskal Herriko Unibertsitateko aditu talde bati Euskadin izan diren torturak ikertu eta txosten zabal bat egiteko eskatu dio. Zentzu honetan, eskatzen dugu lan horretan sakonki ikertu dezatela Nekane Txapartegik bere garaian salatu zituen torturak eta onartezinak diren tratu txarrak. Gai honek ere, memoria, justizia eta erreparazioa behar du.
5.- Elkarbizitzaren bidean, honoko konpromiso hau hartzen dugu geure gain: Arrazoi politiko bat bera ere ezin da etikaren eta giza eskubideei errespetuaren oinarrizko printzipioen gainetik jarri. Giza eskubideak edozein arrazoiren gainetik dagoen absolutu etiko bat dira. Gure konpromiso etikoa giza duintasunaren alde izan behar da: giza duintasunarekiko, pertsonarekiko eta berarengatik datozen giza eskubideekiko errespetuaren balioa, bizitza, lehenik eta behin, Estatu-arrazoia edo edozein zergati edo ideia politiko baino garrantzitsuagoa eta lehenagokoa da.
Asteasu, 2016ko apirilaren 12an